Discover millions of ebooks, audiobooks, and so much more with a free trial

Only $11.99/month after trial. Cancel anytime.

Euskal herritarren burujabetza: Euskal herritarron burujabetza. 1793-1919 Autogobernu auziaren bilakaeraz
Euskal herritarren burujabetza: Euskal herritarron burujabetza. 1793-1919 Autogobernu auziaren bilakaeraz
Euskal herritarren burujabetza: Euskal herritarron burujabetza. 1793-1919 Autogobernu auziaren bilakaeraz
Ebook430 pages5 hours

Euskal herritarren burujabetza: Euskal herritarron burujabetza. 1793-1919 Autogobernu auziaren bilakaeraz

Rating: 0 out of 5 stars

()

Read preview

About this ebook

Norbanakoen giza eskubideak, zoriontasuna, independentzia, eskubide politikoak, zergak ordaintzerik ezin ordezkariak izan ezean, aldarrikatuz abiatu zen iraultza liberala bai Ipar Ameriketan (1776) bai Frantzian (1789). Espainiako erresuma atlantikoko alde bietan izatetik, 1812ko konstituzioak, nazio bakarra zela agiri zuen. Bizkaiko Batzar nagusiak eta Gipuzkoak ere, 1812ko Espainiako konstituzio berria zin egiterakoan, foruen bidezko konstituzioa ere nahi zutela erabaki zuten. Konstituzio bien arteko uztartzea eskatu zuten. Gerra giroan ernetzen joan zen iraultza liberala. Eta Espainiako Parlamentuan "euskal auzia" deritzana txertatu zen. Aldian aldiko arazo parlamentarioa bihurtu zen eta. Euskal auziaren bilakaera politikoa eta legezkoa aztertzen da liburu honetan. Euskal Batzar nagusiek aginte politiko eta finantzak kudeatzen zituzten. Euskal bilkura komunak ("Konferentziak") erakundetu egin ziren. Foru konstituziotik "Euskal konstituziora" jauzia emanez, euskal nazionalitatea zela bistakoa bihurtu zen 1860ko hamarkadan, Espainiako erresuma liberalaren baitan. Baina 1877an Espainiako Gobernuak Batzar nagusiak ezabatu egin zituen. Kontzertu ekonomikoaren bidezko autogobernu fiskala iraun zuen baina berriz aginte politikoaren aldarrikapenak izan ziren: 1918an Eusko Gobernuaren aldarrikapena egin zen eta euskal burujabetza, naziogintza europarraren baitan. Lehen autonomia estatutuak idatzi ziren, baina Espainiako Parlamentuak berriz ere onartu ez. Zer da Foru Konstituzioa, Konstituzio liberalen garaian? Zer Euskal Konstituzio politikoa 1852an? Zer euskal Batzar Nagusien burujabetza? Eta euskal nazionalitatea 1864an? Noiz eta zergatik desegin zituen Espainiako Gobernuak Batzar Nagusiak? Zergatik 1917an berriz ere burujabetza politikoa eskatu zen? Eta ondoren autonomia Estatutua eta Eusko Gobernuaren antolaketa?
LanguageEuskara
PublisherAlberdania
Release dateMay 5, 2020
ISBN9788498685237
Euskal herritarren burujabetza: Euskal herritarron burujabetza. 1793-1919 Autogobernu auziaren bilakaeraz

Related to Euskal herritarren burujabetza

Related ebooks

Reviews for Euskal herritarren burujabetza

Rating: 0 out of 5 stars
0 ratings

0 ratings0 reviews

What did you think?

Tap to rate

Review must be at least 10 words

    Book preview

    Euskal herritarren burujabetza - Joseba Agirreazkuenaga

    Sarrera

    El objeto de esta Sociedad es el de cultivar la inclinación y el gusto de la Nación Bascongada hacia las ciencias, Bellas letras y Artes, corregir y pulir sus costumbres, desterrar el ocio, la ignorancia y sus funestas consecuencias y estrechar mas la unión de las tres Provincias Bascongadas de Alava, Vizcaya y Guipuzcoa.

    [1764, Sociedad Bascongada de Amigos del País. Estatutuen lehen artikulua].

    No tengo mas patria, mas partido, mas Paisanaje ni mas sangre que España, España y España.

    [1763, De la Gángara, Apuntes sobre el bien y el mal de España escritos por orden del rey Carlos iii]

    "Zergatik deritxazu

    ainbeste neke lan

    euskaldunen artean

    beti artu joian [ohi zuen]

    Gordetarren zintzoro

    jaunaren fedea

    geure lege garbiak

    geure euskerea.

    Alkar ondo arturik

    diñoe: ‘Leenago

    ondatu ta il danok

    azpiratu baño’.

    Eztauko euskaldunak

    leengoen fedea?

    aen euskara laua

    et’aren legea?

    Zer: emetu aldira

    gutarren biotzak?

    baita askok berbetan

    dirudie motzak?".

    [Antxinako Euskaldunen Alabantzak, (1815-1817 gutxi gora behera)]

    A sense of separate weakness has kept these provinces together, and has taught the secret of union, the one thing wanting to unamalgamating sectional Spain. The binding ties are a common council of representatives and a common alliance against all that is not Basque. This federal association is expressed in their national symbol of three hands joined together, with the motto Irurac bat which is equivalent to the tria juncta in uno of the Bath order of our united kingdoms.

    [(1833) Richard Ford, A hand book for travellers in Spain, and readers at home… London, J. Murray, 1845, T.ii. orr. 922].

    Los fueros escritos son una recopilación informe, donde sin el orden y método riguroso de las modernas legislaciones, corren insertos a la par el código político, el económico-administrativo, el civil, el penal y el de enjuiciamiento. (…) Los fueros han creado esa nacionalidad navarra y vizcaína que llevamos en el corazón. Representación de los vascongados y navarros residentes en Madrid pidiendo la conservación de los fueros de sus provincias. Madrid 5 de septiembre de 1839.

    "Adoptamos por divisa de nuestro periódico el lema más popular y significativo que se conoce en la tierra solariega: Irurac Bat: Tres estados en uno, como lo son las nobilísimas provincias que constituyen la antiquísima Confederación vasca. (…)

    Su habla, sus costumbres el tipo de su hermosa y pura raza, conservada sin mezcolanza de advenediza extranjería, ¿no son los mismos del gallardo y esbelto mancebo cántabro? Si; nuestros hermanos son y unas la raza y las costumbres, y las leyes y la religión y el amor santo e imperecedero que conservan a todo lo que emana de sus gloriosos e ilustres ascendientes.

    Jamás el pueblo vascongado ha mantenido su espíritu mas homogéneo y compacto que hoy, ni jamás tampoco su madre adoptiva ha experimentado sacudimientos más fuertes y repetidos en las capas inferiores de su revolucionarismo".

    [Irurac Bat. Lehen Zenbakia. Bilbo. 1856ko ekainaren 26an]

    Cada una de estas provincias constituye dentro de la federación o fraternidad euskara una especie de estado independiente y autonómico y las tres están unidas en la identidad de la sangre y de la ley formando el Irurac bat de nuestro original y primitivo pueblo. Las tres provincias hermanas tienen, pues, fuertes y estrechos lazos de unión y se reúnen en Conferencias, cuando la gravedad e importancia de los asuntos comunes a todas lo exigen.

    [(1876) Becerro de Bengoa, El libro de Alava, Vitoria, 1877].

    En España la cuestión de los vascos es mucho más grave que en Francia. (…) Vencidos, se trata actualmente no de arrancarles sus fueros, pero sí de quitarles la exención del servicio militar y de los tributos. ¿Serán porque se los quiten más españoles? ¿Participarán más de nuestras ideas y de nuestros sentimientos? ¿No será resultado natural de la diversidad de razas ese antagonismo que entre ellos y nosotros existe? A poco que se combinen aquí los diversos criterios para la teoría de las nacionalidades, tengo para mí que se habría de estar por la independencia de los vascos. ¿La consentirá España?.

    [Pi y Margall, F. Las nacionalidades, (1877). Madrid, Centro de Estudios Constitucionales, 1986, orr. 62-63].

    Se le reconozca el incuestionable derecho de formar entre el Pirineo y el Ebro, un Estado independiente, a la manera de una pequeña Suiza

    [J. Tellitu, diputatu nagusi ohiak, 1877an; Bizkaiko Artxibo Forala. A. Casa Juntas de Gernika. Regimen Foral, Reg. 15.]

    Gaiaren gaurkotasuna eta garrantzia

    Aurreko atalean ageri diren aipuek honako hau erakusten dute: Euskal autogobernuaren auzia ez dela gaurkoa eta oinarri konstituzionala izan duela. Baina oinarri konstituzionala esaten dugunean, garaian garaiko konstituzioa zer zen argitu beharko genuke. Konstituzio kontzeptua, gorputz politikoaren metaforatik abiatuz, xvii. mendeko gizartean aplikaturik, egituraketa adierazi nahi zuen. Hau da, nortasun eta egituraketa publikoa erakusten zuen, ondoren kudeaketa politikoa arautzeko eta burutzeko.

    Espainiako erresuman, duela berrehun urte, Napoleonen armadaren aginduz 1808an Konstituzio politiko liberala indarrean jarri zen. Lehendabizikoz, hegoaldeko euskal herrialdeetan, historian barrena gorpuztu ziren Foru Konstituzioak, sustraitik erabat aldatzeko egitasmo berritzailea aurkeztu zen. Ipar Euskal Herrian, jadanik, Batzar Nagusiak eta ondoko erakundeak ezabatuak izan ziren eta Frantziako Konstituzio politiko berria, liberala, ezarri zen.

    xvii. mendean barrena, konstituzio kontzeptuak, bere horretan, giza gorputz edo egituraren metaforatik abiatuz, esanahi politikoa bereganatu zuen. Herria eta herriaren borondatea izan ziren asmatutako beste kategoria biak. Horien bidez aginte politikoaren legitimazioa frogatu nahi zen. Beraz, herria agente politiko gisa beste aktore garrantzitsuetariko bat bihurtu zen.

    Lehendabizi, azken 300 urteotan, historiaren joan-etorrian gorpuztutako legedia zen indarrean zegoena: 1805ean Novissima Recopilacion izenez bildu eta argitaratu zen. Konstituzio edo egituraketa historikoa alegia. Eta bilduma horretan Euskal herrialdeetako foruen bidezko aginteak bermaturik ageri ziren. Novissima Recopilacion delakoaren legedia eta egituraketa politikoak aldatu nahi izan zituzten: Horrela, Baionan (1808), Espainien Erresumarako Konstituzio berria asmatu zen eta ondoren Cadizen (1812).

    Konstituzio politiko berrien garaia Ipar Ameriketako Estatu Batuenarekin hasi zen (1787). Ondoren, Frantzian idatzitakoak Europako herrialdeetan eragin handia izan zuen (1791). Aldi berean, Erresuma Batuan Parlamentuak erabakitzen zuen erresumako konstituzio politikoa eta beraz historian barrena hartutako erabakien bilduma zen eta da.

    Euskal herrialdeetan indarrean zeuden konstituzio foralen bilakaera ere abiatu zen. Nafarroak erresumaren konstituzioa zuen eta beste Euskal herrialdeetan, foru araudien bidez, Gaztela eta Espainietako erresumaren baitan, nortasun juridiko eta politiko berezia irabazi zuten. Horregatik, xix. mendean, euskal agintari eta zuzenbide adituen artean gorputz edo konstituzio juridiko eta politikoa osatzen zutela uste zuten. Konstituzio kontzeptuak, Frantziako iraultzaren giroan, zentzu politiko berritzailea hartu zuen. Gorputz politikoa arautzeko arau berriak ziren, norbanakoaren eskubideetan oinarritu eta herriaren, hots nazioaren borondate politikoaren ondorio zirenak alegia.

    Honela, xix. mendean barrena Espainiako erresumarako asmaturiko gorpuzkera politiko edo konstituzio liberal berriak euskal autogobernuaren auzian eta iraupenean erronka berriak sortu zituen. Euskal Batzar Nagusietako ordezkariek, behin eta sarriago adierazi zuten Konstituzio foralak iraun egin behar zuela. Ondorioz, Konstituzio egitasmo desberdinen arteko egokitzapena lortzeko garaia ireki zen: Foru konstituzioa eta nazio berri espainiarraren konstituzioaren artekoa alegia. Ahaleginak behin eta berriz azaldu ziren xix. eta xx. mendeetan.

    Euskal herrialdeetako Batzar Nagusien bidez, aginteak bermatzen ziren. Aginte horiek, ondoren, tokian tokiko gobernua eratzeko gaitasuna erakusten zuten. xix. mendean barrena, autogobernuaren auziak indarra hartu zuen eta, beraz, azterketa zuzen baterako, epe luzean ere kokatu beharra dago. Indarraren arrazoia ez da aski, A. Cánovasek horrela pentsatu arren, historia juridikoa eta konstituzionala azaltzeko.

    Espainiako historia politiko konstituzionalean euskaldunen autogobernurako auzia garrantzitsua izan da. 1808an eta 1812an lehendabizi baina bereziki 1839az geroztik euskal arazoa deritzona agertu zen. Aginte arazoa bereziki. Eta horren froga edo adibiderik garbiena Espainiako Parlamentuan agertzen zaigu. Belaunaldiz belaunaldi, 30 urteko tartean, euskal nortasun juridikoa eta politikoa aztergai bihurtu ohi da. Eztabaida eta tirabira horrek era eta erpin ugari ditu. Baina azken batean, aginteari buruzko eztabaida izan ohi da.

    Agintea esatean, garai bakoitzean aginte publikoaren esparrua desberdina izan ohi da. Hala ere, metodoaren aldetik premiazkoa da agintea esparru materialean islatzen dela bereiztea Baina bestalde, aginteak ukitu ezineko edo immaterialak diren hainbat esparrutan ere bere eragina adierazteko erak ditu: Adibidez, komunikazioaren arloan, ikur edo sinboloetan. Pertsonen arteko bizikidetza ukiezina izanik adierazgarria da. xix. mendean barrena, esparru fisiko materialean aginte-bermea izan zen garrantzitsuena. Estatu-nazioaren bidez aginte osoa lortzeko helburua zegoen. xx. mende bukaeran, aldiz, Estatu-nazioaren egituraketa eta agintea moldatu egiten da. Aginteak iturburu berriak erakusten ditu. Gaur egun mende berri baten hasieran gaude eta aginte publikoaren eztabaida indarberritu egin da, Europan, inperio oinarriko egitura politiko-juridiko berria erakundetzen ari den unean.

    xix. mendean barrena gorpuztu ziren Estatu-nazioen jatorria desberdina izan zen. Espainiako erresuma adibidez, inperio transozeanikoa zen. Baina Estatu-nazioaren eremua penintsulara, Antilletara eta Filipinetara mugatu zen. Inperio transnazionala izanik, nazio berria egituratzeko egitasmoa sortu zen. Giro horretan, euskal herrialdeetako Batzar Nagusiek, autogobernuaren auzia bizi-bizirik azaldu zuten, egitasmo eta konstituzio politikoak formulatuz, harik eta Espainiako Gobernuak 1877an Batzar Nagusiak debekatu eta itxi zituen arte.

    Ondoren, Kontzertu ekonomiko-administratiboen garai berria zabaldu zen. Eta giro horretan, 1917an, hiru Aldundiek –Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak–, aho batez sakontasun handiagoko autogobernua nahi zutela adierazi zuten, foruetan oinarritutako autogobernua eskatuz, devolution edo foru erreintegrazioa aldarrikatuz. Eta besterik ezean, autonomia Estatutuan oinarria zuen autogobernuaren eskakizuna egin zuten. Honela, 1918an, Autonomia Estatuen garaia ireki zen.

    Gaur egun, autogobernu politikoaren aginteen adierazpen juridiko zehatza belaunaldiz belaunaldi zehaztea berebiziko gai nagusia dugu. Gaurko honetan, indarrean dagoen 1978ko Espainiako Konstituzioak, foru konstituzioaren oinarri batzuk legezko indarrean jarri ditu, babestuz. Baina lehenago, 1839ko urriaren 25eko legeak ere, legezko ikuspuntu juridikotik foru legedia berriz ere indar konstituzionalaren baitara ekarri zuen, 1837ko Espainiako Konstituzioak aintzat ez eta aipamenik ez zuenean jasotzen.

    Gernikako Estatutua deritzon Euskal Herriko Autonomia Estatutua erreferendumaren bitartez onartu zen, 1979an. Esperientzia berria, Eusko Legebiltzarra antolatuz sortu zen. Eta Eusko Legebiltzarrak batzorde berezia antolatu du, eta Comisión especial sobre autogobierno (Gasteiz-Vitoria, 2005) deritzon liburu mardula ere argitaratu du. Liburu horretan era guztietako iritziak azaltzen dira. Baina ezer argitzetik urrun, historian barrena izan diren gertakizunak ilunduta eta nahastuta ageri dira, garaian garaikoak diren ikuspegiak testuingurutik at azalduz. Foru Konstituzioaren edukiak izan duen bilakaeraz, euskal konstituzio politikoa izatera iritsi den arte, nola gertatu zenaz ez dago behar den argitasun juridikorik. Eta ondoren, Euskal Konstituzio politikoaren oinarri hartzen zena, nola eta zergatik bilakatu zen Autonomia Estatutu bidezko egitasmo juridikoa.

    Bestalde, Espainiako Gorteetako Diario de sesiones del Congreso de los Diputados bilduman, 2005eko otsailaren 1ean izandako osoko bilkurako akta irakurtzen baldin badugu, autogobernuaren aginteak historian barrenako definizio politiko eta juridiko sakon eta bazterrezina duela ohartuko gara. Eta gaur egunean autogobernuaren auziak, berriz ere, eztabaida gorria sortu du, Espainiar Estatuaren baitan eta ondorioz Europa berrian ere, euskal herritarren bizikidetza-egoera baldintzatzera iritsi baita.

    Gaurko politikari eta herritarrentzat, historian barrenekoa ilun ageri zaigu. Sistema demokratikoan, bizikidetza eratzeko boza eta eskubidea unean uneko herritarrari dagozkio. Hala ere, gure gizartean iraganak bere grabitazio indarra erakusten du. Azken batean, erakundeak kate begiz loturik daude. Ez dira, denboratik at baleude bezala, elementu isolatuak. Horregatik, ezinbestekoa dugu euskal erakundeen kate begiak zeintzuk izan diren ezagutzea. Beraz, nahitaez, denbora kronologikoan iraganekoa duguna, gizarte eta politikagintzaren denboraren arabera gaur egungoa dugu. Eta Europan ikuspegi hau ez da Euskal Herrikoa soil-soilik. Aztertu besterik ez dugu, Eskoziak lortu duen aginte publikoen berreskurapena (devolution). Zehaztasun juridikoan aginte publikorako boterea itzuli egin zaio, duela hiru mende (1707an) Ingalaterrarekin sinatutako hitzarmenaren harian. Kataluniako Parlamentuan ere berriz azaldu da zuzenbide historiko edo iraganeko konstituzioaren gaia. Ekialdeko nazio berrietan, zuzenbide historikoaren kategoria xx. mendean barrena erabili izan ohi da, garai bateko aginte publikoaren arloko botere gaitasuna definitzeko.

    Beraz, gaurkotasun handiko gaia eskuartean duguna.

    Horrez gainera, euskal gizartean xviii. mendetik xx. mendera bitartean jasan ziren gerren ondorioz, nola edo hala, erakunde publiko foralen berrikuspenak eztabaida eta kinka larria ekarri du. Gerra giroak euskal gizartea erdi-erditik zatikatu eta banatu zuela ahazterik ez dago. Aski dugu, besterik ezean, aipuz gogoratzea: 1793-1795eko Konbentzioko gerraren ondorioz, 1796an, Erresumako Gortean batzorde berezia sortu zen, foru erakundeen ondorioz indarren zegoen agintearen oinarriak aztertzeko. Egitasmoa, euskal agintea mugatzea. 1808-1813 garaian, Napoleonen aurkako gerra. 1821-1823, konstituzio liberalaren aurkako gerra eta honen jarraipena 1833-1839an, karlistada izena hartuta. 1837ko konstituzioaren ondorioz, foruen bidezko erakundetze publikoa erabat birrindurik gertatu zen. Baina gerra amaitu ahala, Bilbotar liberalen eskariz besteak beste, Espainiako Parlamentuak, 1839an, Foru konstituzioaren legedia berriro indarrean ezarri zuen eta erakundetze publiko forala berreskuratu egin zen. 1872-1876 urteetan, berriz, karlistek eragiten dute gerra eta azkenean, euskal liberalen portaera aintzat hartu gabe, Espainiako Parlamentuak Foru konstituzioaren oinarri juridikoak, 1876ko uztailaren 21eko legearen bidez, erabat desegin zituen. Hala ere, probintzia-erakunde berriek Concierto edo hitzarmen berezia lortu zuten dekretu bidez (1878), Kontzertu ekonomiko-administratiboa, zortzi urteko epealdirako. 1918an, Europako gerraren amaieran, T.W. Wilsonen printzipioak abiapuntutzat hartu ziren eta Versaillesen herrien autogobernurako eta autodeterminaziorako eskubidea erabaki zen. Giro horretan azaldu zen, Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundian, Autonomia Estatutua. Azkenik, 1936an, beste gerra bat sortu zen Euskal Herrian eta Espainian. Eta 1936an Autonomia Estatutua eta Eusko Jaurlaritza antolatu ziren, baina gerra bukaeran, 1939an, Estatutua desegin egin zen eta horrezaz gain, Bizkaiak eta Gipuzkoak zuten kontzertu ekonomikoan oinarritutako agintea ere debekatu egin zen.

    Beraz, azken 200 urteotan Foru konstituzioaren inguruan gertaturikoa, Espainiako Parlamentuetan eta gerra giroko gatazka latzetan, fenomeno sozio politiko nagusi bihurtu da. Berrogei urteko diktadura luzearen ondoren, arazoa berpiztu egin da. Horrez gainera, xix. mendean barrena abertzaletasun bikoitzaren fenomenoaren garaia dugu, euskal eta espainiar abertzaletasunaren artekoa alegia. Bata bestearen arteko ezinbesteko lotura ikusten zen. Kontakizun komunak eta kontrajarriak sortu ziren. Baina xix. mende bukaeran, bereziki, 1876 urteaz geroztik, kontrajarriak izateko ikuspegiak eta kontakizunak asmatu ziren.

    Laburbilduz, Konstituzio forala iraganeko gaia izatetik urrun, 200 urte indarrean egon den kode eta erreferentzia politiko juridikoa dugu. Edozein konstituzio gisa, ez da modu berdinean bere gaitasuna adierazi. Unean uneko ordezkari politikoek interpretatzeari ekin diote. Baina printzipio politiko jakin batzuk euskal erakunde publikoetako ordezkariek konstituzio foralaren argitan azaldu dituzte.

    1839ko urriaren 25eko legea onartu zuenean, Espainiako Parlamentuak bi konstituzioen arteko uztartze prozesua erabaki zuen. 1876ko uztaileko 21eko legearen Parlamentuko eztabaidan, maiatzaren 6an, Vierna Santanderreko Diputatu ordezkariak euskal herrialdeak traidoreak zirela esan zuen, Provincias traidoras a la Patria. 1937an, Francok Bizkaia eta Gipuzkoa beste horrenbeste zirela agindu zuen.

    Euskal konstituzioaren testu eta oinarri juridikoak eta politikoak

    Foruen ondoriozko euskal konstituzioa, unean uneko oinarri juridiko positiboak arakatuz ezagutu behar da.

    1978ko Espainiako konstituzioak foru herrialdeetako eskubide historikoak aipatu eta babestu egiten ditu, eta beste horrenbeste gertatzen da Gernikako Autonomia estatutuan ere (1979). Eta Nafarroako botere publikoaren egituraketa, ohiko foruen moldaketaren eraketa dela adierazten da, hau da: Foru-hobekuntza (1982). Horregatik foru-komunitate gisa jarraitzen du bere agintearen definizio publikoan. Beraz, moldaketa foralen garaia ez zen xix. mendean itxi. Espainiako eta Frantziako estatu liberalen baitan euskal herrialdeen txertatze prozesua ibilbide bihurria dugu, bereziki hegoaldean. Frantziako nazio batzarrak Euskal Herriko iparralderako Departement de Basses Pyrenées sortu zuen iraganeko legedi guztiak ezereztuz. Espainian, politikari liberal ugarik Frantziako Estatu-eredua helburu izan zuten arren, zuzenbide zibil pribatuan zein zuzenbide publikoan, lege zaharraren garaian indarrean egon ziren foru konstituzioaren ildoko legeak ageri zaizkigu.

    Beraz, autogobernuaren inguruko zientzia politiko eta juridikoetan aurrera pauso berriak sortzeko, bilakaera historikoa zein den argi eta garbi erakutsi behar da. Ezin duguna da gaurko ikuspegia iraganera proiektatu edo halabeharrezko aurrekariak asmatu. Autogobernua zuzenbide positiboan eta erakunde publikoetako agintarien ekintzabidean eta egitasmoetan ageri izan dena biltzen eta aztertzen, garaian garaiko ikuspegian sakonduz. Baina bilakaera ere bada. Garai bakoitzean elementu zaharrak eta berriak daude, belaunaldi bakoitzaren subjektibotasuna ere desberdina baita. Horrez gainera, tartean, autogobernuaren arazoan, epaileak hartutako erabakiak ere gehitu behar dira, eta, honela, denboraren gurpilean egiazko izatea korapilatzen zaigu, baina aldi berean argibideak aurkitzen ditugu. Sarritan corpus juridikoetan, indarrean zegoen legedi positibo soila ageri zaigu. Baina delako legediaren testuingurua eta aldakortasuna ez dira aintzat hartzen, gero borondate politiko eta administratiboaren bidez zeharka eztabaidan izandako proposamen juridikoak eta eztabaidaren nondik norakoa behin eta berriz agertu arren. Zuzenbidezko adituek uste dute aski dela legedia agertzea, mugak eta errealitateak antzemateko. Historialariok aldiz, unean uneko egoeran nola aplikatzen eta hartzen diren ere begiratzen dugu. Esperientzia dugu, azken batean, edozein egitasmo juridiko politikoaren berifikazioa eta ebaluazioa egiteko abiapuntu. Eta esperientzia hori jendeak eta aktoreak modu desberdinean baloratzen du, hau da, subjektibotasun desberdinez begiratzen du eta horren ondorioz irudipen eta uste ugariak ageri zaizkigu. Beraz, historialariok, ikuspegi teleologikoa alde batera baztertzen dugu. Iragana ez da itxia eta ez dago presondegian gordeta.

    Eztabaida konstituzionalean, lehendabizi, eskubide indibidualak daude jokoan. Eta zientzia juridikoak eta politikoak horren harira gogoetak egin behar dituzte. Izatez, Foru konstituzioen harian sortu ziren hain zuzen ere zientzia juridikoa eta politikoa gero Espainiako Parlamentuak sarritan onartu ez arren.

    Erresuma Batuko eta Ipar Ameriketako ibilbide konstituzionalean eskubideen lehentasuna ikuspegi indibidualistatik abiarazten da. Eta erabateko bermea lortzeko, epaileen kontrola gertatzen da. Horregatik epailea alde batetik eta Parlamentua bestetik, etengabeko konstituziogintzan ari dira. Frantziako Iraultzaren ondorioz, aldiz, Frantzian, Estatu-nazioaren izaera azpimarratzen da. Lehenetsia eta aurrenekoa Legea da. Epaileak bere epaia konstituzioaren zentzu eta ikuspegi orokorrera baino, Lege zehatzetara mugatu behar du. Ez du ikuspegi sortzailerik, mekanizista baizik.

    Bi ikuspegi horiek, Erresuma Batukoa eta Europako kontinentekoa, bereziki frantziarra, eguneroko botere publikoen antolaketan, historian zehar eta egun ere, izugarrizko eragina dute.

    Euskal kultura konstituzionalaren abiapuntua ez da Espainian konstituzio liberalen ondorioz erresumaren araudi eta lege liberalen bidez, soil-soilik, sortu. Foru-Herrialdeetan konstituzionaltasuna Foru konstituzioaren harian ere, Batzar Nagusien erabakien bidez sortu zen, eta hori guztia kultura politiko konstituzionalaren baitan kokatu behar dugu. Beraz, Batzar Nagusiak, herriaren ordezkari direnez gero, sortzaile ere izan ziren.

    1808an, Baionan euskal batzar nagusi eta erakundeen ordezkari gisa bildu zirenek, Espainiako beste ordezkariekin batera, argi eta garbi adieraztera eman zuten beraientzat foruen bidezko oinarria kultura konstituzionala zela. Espainiaren baitako aniztasuna abiapuntutzat zuten, askotariko Espainiak baitzeuden.

    Foruen legedia idatziz arautu zenetik xviii. mende amaierara arte, lege-zaharreko Espainiar erresuma konposatuaren baitako legeen araberako egokitzapenak gertatu ziren. Berez oinarrizko testu idatzia aldatu ez bazen ere, indarrean jartzerakoan, aldaketarik izan zen. Epaileek euren erabakiak argitaratzean egokitzapenak eragiten zituzten. Beraz, foru legediak ere aldaketaren aldaketaz moldatuz eta egokituz bilakatu ziren.

    Bestalde, xvi. mendeko Austriarren erregetza eta xviii. mendeko Borboiena ez dira erresuma bera. Austriarren garaiko Espainietako legedi aniztasuna Borboien garaian murriztu egin zen. Hala ere, Nafarroako erresuma eta euskal herrialdeak, Espainiar aniztasunaren isla gertatu ziren, salbuespen gisa alegia, baina aniztasun konposatuaren isla.

    Espainiako erresumaren nortasun espainiarrarekiko izatea indartu egin zen xviii. mendean barrena. Euskal lurraldeetan eratutako aginte-sistema, iraganeko mendeetan Hispaniako beste lurraldeetan ere ohikoa zen legedi anitza aurrerantzean, Borboien etorreraren ondoren, Planta berrirako, Gaztelakoa eredu harturik, salbuespenekoa bihurtu zen euskal herrialdeena.

    Konbentzioko gerran gertatutakoaren ondorioz, bereziki Gipuzkoako agintariek eta Batzar Nagusietako kideek Espainiako erresumatik bereizteko egitasmoa izan zuten (1794). Horrelakorik aurrerantzean gerta ez zedin, Espainiako agintarien Gortean, Foruen ondoriozko erakundetzearen kontrola areagotzea erabaki zen. Baina, bestalde, foru-agintea zaintzeko eta iraunarazteko, foru-legediak oraindik lege eta aginte iturri ziren.

    Beraz, Euskal herrialdeetan, argien garaiko ilustrazioko printzipioetatik abiatuz eta tokian tokiko ohiko foru-erakundetzearen ondorio ziren herrialdeetako Batzar Nagusietan, kultura konstituzionala garatuz zihoan. xviii. mendean, Batzar Nagusien eta herrialdeko legelari nagusien izendapen iraunkorrek foru konstituzioaren bidezko garapena ekarri zuten. Beraz, xix. mende barrenean, Foru-konstituzioaren bidezko aginte politiko eta publikoaren bermea lortzea, Espainiar konstituzioaren parean edo bizikidetzan, Espainiar kultura konstituzionalaren zatitzat ere har daiteke.

    Horra bada, lehen abiapuntu hipotetiko nagusia: Foru-aginte politikoen bidez, xix. mendeko konstituzio politikoen garaian indarrean zegoena, kultura konstituzionalaren zati bezala aintzat hartu behar dugu. Egia esan, Espainiako konstituzio liberalek, hasieran behintzat, herrialdeetako aginteak antolatzeko eta garatzeko ez zuten biderik utzi. Baina 1839ko urriaren 25eko legea Espainiako 1837ko konstituzioaren eranskin bezala hartu zen. Ondorioz Foru konstituzioa berritzeko lege abiapuntu bihurtu zen. Baina Konstituzio politiko berrien zati zela frogatzeko, corpus juridiko positiboa eta politikoa zein izan den argitu eta sailkatu beharko dugu, konstituzio bietako printzipioak eta antolaketa ereduak noraino elkar gihartu ziren begiratuz. Espainian kultura konstituzionalaren adierazpen finkoa falta zela salatzen du ondoko hitzekin P. Cruz Villalónek.¹ Eta ildo berean Marta Lorentek ere Cultura constitucional e historiografía del constitucionalismo en España artikuluan, konstituzio-historia horren baitan, periferietako historia constitucional delakoa hartzen du aipagai eta abiapuntu. Beste horrenbeste gertatzen da Bartolomé Claveroren lan oparoetan. Zalantzarik gabe, B. Clavero izan da foru konstituzioaren bidezko kultura politiko eta juridikoa irmotasunez defenditu duena, Espainiar konstituzionalismoaren zatia ere badela eta horrela aztertu behar dela aitortzen du, bere horretan, hierarkia faltsuak ezarri gabe.

    Azken batean, zentzurik zabalenean, eskubideen bermea bideratzen duen araudia da konstituzionalismoa, eta aginte publikoaren legitimazioaren isla da. Eskubideak, pertsona indibidualenak ditugu eta pertsona hauek gizartean antolatzen direnean elkarren arteko komunikazioa eta antolakuntza erabakitzeko, eskubide eremua zabaldu egiten dute.

    Ikerketa saiakera honetan, xix. eta xx. mende hasieran Hego Euskal Herrian garatutako kultura konstituzionalen adierazpenak eta adibideak eskainiko ditugu. Belaunaldiz belaunaldi, jurista, legelari eta politikoen artean etengabeko haria eta doktrina dagoela frogatuko dugu. Hari doktrinala zein den azalduko dugu.

    Borondate politiko desberdinak zeudela arakatuko dugu. Kultura konstituzionala erro-erroan gihartuta zegoela. Beraz diskurtsoak ez ezik, zuzenbide positiboaren arloan konstituzio foralaren bilakaera izan zen eta euskal herrialdeetako Batzar Nagusien erabakiak, kultura konstituzionalaren zati izatera iritsiko ziren.

    F. Villegasek 1852an egindako mapak España forala eta España Konstituzionala bereizten zituen edo Espainiaren ikuspegi anitza eta konposatua agertzen zuen.

    Konstituzio politikoen garaiko belaunaldi

    politikoak

    Lehenago agertu dugun bezala, Konstituzio kontzeptuak xviii. mendean hartu zuen adiera politiko berria. Lehen konstituzio liberalak Europako erresumak nazio ikuspegitik arautzeko eta antolatzeko sortu ziren: Lehen esperientzia Frantzian gertatu zen, eta ondorengo urteetan zehar ekin zitzaion Europan Konstituzio politikoak idazteari.

    Horrela, gure lanean ez diogu zuzenbide publikoaren alorrean foru sistemarekin zer gertatu zen deskribatzeari ekingo. Santiago Larrazabalen liburuak (Oñati, 2004) xix. mende barrenean gertatu zena zehatz aztertzen du. Egile berak lehenago, zuzenbide historikoaz beste ikerketa sakona ere egin zuen. Beraz, egin ziren bilakaerak aintzat harturik, zientzia juridikoen arloan, abagune bakoitzean, sortu ziren alternatibak eta proiektuak azalduko ditugu. Historiaren eremuan, interpretazio zuzenaren argia lortzeko, nagusia izan dena bakarrik ez ezik, inguruan zeuden gainerako alternatibak ere aztertzea premiazkoa da. Modu sistematikoan egiten dugu. Horrez gainera legelari nagusien nortasuna ere aztertzen dugu. Nortzuk izan ziren? Horra argitu beharrekoa.

    Belaunaldi batzuk ageri zaizkigu, hiru hain zuzen ere, hogeita bost urtekoak gutxi gorabehera eta gertakizun politiko nabarmenekin parekatzeko modukoak. Etenik gabeko jarraipen luze hau dugu, bere horretan eta berez, azpimarragarri den lehen puntua:

    1.- 1793tik 1823ra bitartean: Frantziar errepublikanoen konbentzioko gerra giroan, mendebaldeko euskal herrialdeetako ordezkariak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak, bildu ziren, indarrean zuten konstituzioa, Constitución del País deitzen zutena, babestu eta aldi berean indartzeko. 1812an eta 1820an, Espainiako konstituzio politikoa indartu ahala, Constitución del País zeritzona deseginda gelditu zen.

    2.- Lehen Gerra Karlistaren belaunaldia, berez, lehen gerra zibila: Lege bitartez, lehen aldiz sartu zen foru sistema Espainiar konstituzioaren baitan edo tartean, eta, horren ondorioz, hainbat proiektu juridiko bideratu ziren. Foruen moldaketarako proiektuak hain zuzen ere.

    3.- 1845etik 1877ra arte: Politikaren garaia izan zela esan dezakegu. Politika azken batean, elkarren arteko bizikidetza bideratzeko tarteko konpromisoak bilatzea da. Printzipioen mailan, Espainiar konstituzioan adierazitakoak konstituzio foralak esandakoarekin aurrez aurre topo egiten zuen. Horregatik kontraesanak behin eta berriro sortu ziren. Hainbat proiektu agertu ziren. Diskurtso politiko berriak ere asmatu ziren. Baina azkenik, 1877an, foru konstituzioaren eraginezko erakundetzea erabat deseginik gelditu zen. Foruen bidezko zuzenbidea ezabaturik, herri nortasuna galbidean zegoen, Fidel Sagarminaga garaikideak salatu zuen jadanik. 1869an, konstituzio politiko berriaren argitan, politikari eta juristen hizkeran autonomiaren kontzeptua azaldu zen. xix. mendean euskal autonomiaren kategoria, autonomiari buruzko ikuspegia, foruzale liberalen eraginez sortu zen. Baina autonomiaren esanahia erabateko bereizketa hainbat eskumenetan aurreikusten zuen. Autonomoa, bere kabuz gobernatzea adierazten zuen. Beraz, konstituzio politiko forala zena, lehendabiziko aldiz, abagune berrian, autonomia izenez agertuko da. Azken batean, autogobernu politikoa adierazteko, gobernatzeko ohitura eta jarraitzeko gaitasuna erakusten zuen.

    4.- 1877tik 1917ra arte: Foruen bidezko oinarri eta zuzenbide juridikorik gabe, autonomia administratibo eta fiskala garatu zen, baina Espainiako gobernuaren menpeko autonomia alegia. 1917an, belaunaldi berri batek autogobernurako agintean sakondu nahi zuen eta Foruen bidezko agintearen berreskurapena, itzulera, lortu ezean, Autonomia politikorako Estatutua proposatu zuen. Eta 1918an jadanik lehen Estatutu proposamenak idatzi ziren Aldundi probintzialetan. Horrez gain, kultura liberala ez ezik, kultura demokratikoaren printzipioak hedatzen eta onartzen hasi ziren.

    Gaiaren inguruko behin behineko ikerketak eta bibliografia: Jatorrizko iturburuetan oinarrituriko ikerketa

    xix. mendean argitalpenak egin ziren. Adibidez, 1875ean Serafin Olavek argitaratu zuen Reseña histórica y análisis comparativo de las Constituciones forales de Navarra, Aragón, Cataluña y Valencia (Madril, 1875). Espainiako Gorteetako Batzarraldien egunkaria ere garrantzitsua dugu. Baina eskuizkribu gisa, artxibategietan gorde dira egitasmorik ugarienak. Garaiko prentsan ere ekimenak argitaratzen ziren baina idazlan honetan erakunde mailan eztabaidagai zirenak besterik ez ditugu agertuko.

    xx. mendean, F. Lasalaren lana aipatu behar da: Última etapa de la unidad nacional. Los fueros vascongados en 1876 (1924). Lan hau egiteko, xix. mendeko Foruei buruzko hainbat agiri bildu zituen eta egun bere agiritegian gordetzen dira. J. Oruetaren lana, Fueros y autonomía. Proceso del estatuto vasco (1934), beste liburu klasikoa bat dugu. 1919an, protagonista politikoa izan zen eta xx. menderako, ikuspegi zehatza du. 1976an, Federiko Zabala jurista eta historialariak, Perez Arregi Gipuzkoako ahaldun ohiaren artxiboan oinarrituz, De los Fueros a los Estatutos. Los Conciertos Económicos liburua argitaratu zuen. Hainbat agiri dakar eta batez ere, xx. mende hasieran egindakoaren berri zehatza ere eskaintzen du. 1978ko Espainiar konstituzioa eta bereziki eskubide historikoaren inguruko eztabaidan ere protagonista izan zen.

    Bizkaira etorriz, 1839tik 1877ra arte, M. Vázquez de Pradak (1984) foruen moldaketei buruzko liburua argitaratu zuen, horretarako Gernikako artxibategira mugatu zelarik. Gipuzkoarako A. Cajalek (1999) argitaratu du. S. Larrazabalen (2005) lanak, aldiz, Euskal Herri osoko ikuspegia erakusten du.

    Bestalde, hiru herrialdeetako ordezkarien bilkuren akten bilduma sistematikoa argitaratuz, La articulación político-institucional de Vasconia. Actas de las Conferencias firmadas por los representantes de Alava, Bizkaia, Gipuzkoa y eventualmente de Navarra (1775-1936), erakutsi eta frogatu dugu Aldundien arteko adostasun eta ildo komuna uste baino sarriago egiten zela erakusten du, eta uste baino eraginkorragoak izan zirela ere bai. Azken batean, mendebaldeko buruzagi politiko eta herri ordezkarien artean, euskal nortasun politikoa dei daitekeena lantzen eta osatzen joan zen. Irurac bat izeneko egitasmo eta bandera, hiru Aldundiek batera sorturiko euskal egitasmoak, aktak sinatzeko zigilua ere, borondate eta ildo komuna erakusten du, bai kanpora begira, hau da, Erresumako buruzagitzara begira zein barrura, barne egituraketa administratibora.

    M. Herrero de Miñón eta E. Lluchen zuzendaritzapean antolatutako mintegiak eta liburuak garrantzitsuak dira. Derechos históricos y constitucionalismo útil (1999). Azkenik konstituzionalismo bikoitzari buruzko J.M. Portilloren liburua (2006). Aitziber Irigorasen ikerketak (2008) edota foruen konponketari buruzko J. Egigurenen azken liburuak (2008) aipamen berezia merezi dute, begirada sakonak eta hausnarketa berritzaileak direlako.

    Laburbilduz, euskal foruzaletasun liberalaren ildotik, etengabeko autogobernuaren aldeko eraberritze juridiko eta politikoa ageri da. 1839tik, liberala zen halabeharrez testuinguru liberal konstituzionalean garatu zelako eta euskal tradizionalisten ikuspegitik urrun eta maiz kontrajarrita zegoen. Ordezkapeneko erakundeetan gertatutakoa azalduko dugu, hau da: agintearen esparruan. Dena dela, espainiar liberal uniformistak autogobernuaren auzian, udaletara mugatu nahi zuten. Espainiar erresumaren ikuspegi desberdinak kontrajartzen ziren: Foruzale liberalek erresumaren ikuspegi konposatua zuten Espainiarako; liberalik gehienek, berriz, ikuspegi bateratzailea eta

    Enjoying the preview?
    Page 1 of 1