Discover millions of ebooks, audiobooks, and so much more with a free trial

Only $11.99/month after trial. Cancel anytime.

Euskaldun fededun
Euskaldun fededun
Euskaldun fededun
Ebook410 pages4 hours

Euskaldun fededun

Rating: 0 out of 5 stars

()

Read preview

About this ebook

"Euskaltzaleen Jainkoa hil behar dugu" idatzi zuen Rikardo Arregik, 1967an. Zer esan nahi zuen, ordea, euskaltzale eta jainkozale baten eztarritik ateratako oihu hark? Zein Jainko, zein fede-klase hil nahi zuen Arregik? Gizakia aske eta burujabe izaterik nahi ez zuen Jainkoa; berrehun bat urtean, gutxienez, "euskaldun ona" izateko modu bakarra arautu zuen fede-klasea: euskalduna baserritar, Elizaren esaneko otzan eta modernitatearen etsai izan behar zuela agintzen zuen fedea. Hil beharreko Jainko beldur zale horren erradiografia zehatza egiten da liburu honetan. Integrismo katolikoaren garairik ilunena marrazten da, iturrietan edanik, izuaren zuztarretaraino bidaia eginez. XVIII-XIX. mendeetako Euskal Herria eta bere giro moral, politiko-ideologikoa da hemen agertzen dena; izan ere, garai hartan joan zen mamitzen "euskaldun" eta "fededun" hitzen arteko identifikazioa, ia gaur arte iraun duena ordea.
LanguageEuskara
PublisherAlberdania
Release dateMay 5, 2020
ISBN9788498685657
Euskaldun fededun

Related to Euskaldun fededun

Related ebooks

Reviews for Euskaldun fededun

Rating: 0 out of 5 stars
0 ratings

0 ratings0 reviews

What did you think?

Tap to rate

Review must be at least 10 words

    Book preview

    Euskaldun fededun - Belen Altuna

    1.png
    BELEN ALTUNA

    EUSKALDUN FEDEDUN

    Euskaldun ona izateko modu baten historia

    saiakera

    A L B E R D A N I A

    Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean gueroseago itz loyak gozotoro adi­tzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan, edo dantza ondoan alberdanian.

    (J.B. Agirre)

    Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza

    izan du liburu honek.

    Azala: Antton Olariaga

    © 2003, Belen Altuna

    © Argitaraldi honena: 2003, ALBERDANIA, S.L.

    Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun

    Tf.: +34 943 63 28 14

    alberdania@alberdania.net

    www.alberdania.net

    ISBN digitala: 978-84-9868-565-7

    ISBN papera: 84-95589-8-8

    Legezko Gordailua: S.S. 1270/2003

    EUSKALDUN FEDEDUN

    Maria Lizaso nire amari

    eta Jone nire ahizpari

    EUSKALDUN FEDEDUN

    Esker ematea

    Liburu honen abiapuntua doktore-tesi batek osatzen du. Orain, kimatu, alferrikako adarrak eta hosto nahasiak kendu, eta bere soiltasunean fruitu berriak sortu zaizkiola ikusi dut. Baina hasieratik gaurdainoko prozesu luzean ugariak izan dira laguntzak, eta guztiei eskerrak ematea da nire lehenengo eginkizuna.

    Mikel Azurmendiri, lehendabizi, berak iradoki baitzidan gaia, eta bera izan bainuen tesi-zuzendari eta animatzaile gogotsu. Tesiaren lehenengo bertsioen irakurle eta kritiko zorrotzei hurrengo, hala nola Esteban Antxustegi, Carlos Martínez Gorriarán eta Luis Daniel Izpizuari. Tesi epai-mahaikoei ondoren, oso begi onez ikusi zutelako. Eta Inazio Mujika eta Anjel Lertxundiri, azkenik, argitaratzea merezi duela iritzi diotelako.

    Ezin ditut inondik ere ahaztu nire ikerketan lagundu zidaten beste guztiak. Eta bereziki fraideen liburutegi eta artxibategietan eman nituen ordu luzeetan nirekin hain atseginak eta pazientzia handikoak izan ziren bi gizonak: Manuel Beraza, Zarauzko frantziskotarren komentuko liburuzaina, eta Kandido Zubizarreta, Arantzazuko komentuko liburuzaina. Gogoan ditut baita ere aita Villasante eta hain ondo hartu ninduten gainerako fraideak. Eskerrak baita ere Jerardo Elortzari, liburu honetan hainbeste aipatzen dudan Manuel Umerezi buruzko argibideak eman, eta haren eskuizkribua mekanografiatua pasa zidalako. Halaber, Tellechea Idígoras historialariari ere eskertzen diot bere laguntza.

    Eusko Jaurlaritzari ere eskerrak eman behar dizkiot, Ikerlarien Formakuntzarako beka eman zidalako lau urtez, eta baita Modenako Fondazione San Carlo-ri ere, hurrena bere "Scuola internazionale di alti studi Scienze della Cultura"n parte hartzeko aukera eman zidalako bi urtez.

    Familiari eta adiskideei dagokionez, berriz, zer esan: beraiek gabe, ezer ez litzateke posible izango.

    Sarrera

    Euskaldun Fededun tradizioaren aztarnen atzetik

    Liburu honetan lehenik eta behin bidaia bat proposatzen da: (kasik) galdua dagoen unibertso moral bat bisitatzea. Duela berrehun bat urte euskaldunen bizimodua arautzen zuen moraltasun erlijiosora hurbiltzea izango da gure helburu nagusia. Dena den, duela ehun urte edo duela berrogeita hamar urte ez ziren gauzak asko aldatu: katolizismo estuak, zorro­tzak, giza kontzientziak eta jokabideak hurbiletik kontrola­tzen, itotzen, jarraitzen zuen. Bidaia honek, beraz, ez gaitu hain urrunera ere eramaten, eta gaur egungo gazte askori zeharo arrotza egiten bazaie ere mundu hori, ez zaie, ez, hain ezezaguna egingo beren gurasoei edo, gutxienez, aitona-amonei.­ Bekatu kontzeptua beren hiztegi, pentsamolde eta kontzientzietatik zeharo desterratu duten belaunaldi berriek nekez irudika dezakete nolakoa zen nozio horrek goitik behera bizkarrezurtutako jendearen bizimodua. Horregatik, arima edota heriotzari buruzko diskurtso publikoak ia desagertu diren garai honetan, bidaia honekin horietaz pentsatzea herritar guztien eguneroko eginkizuna zen sasoietan murgildu nahi nituzke irakurleak.

    Euskal jendearen moraltasunaz hitz egin dut, baina, jakina, aztertzera goazena Europa osoko fenomeno etiko-politiko-erlijioso zabalago baten kapitulua da. Trento ondorengo Eliza katolikoak garatu zituen doktrinamendu biziaren eta estrategia zabaltzaileen ondorio baita. Mendeetan zehar herrialde katoliko guztietan Elizak diskurtso eta praktika bertsuak, munduaren eta gizakiaren ikuspegi ilun eta zorroztasun moral hertsi antzekoa hedatu izan du. Tokian tokiko ñabardurekin, ordea; edo beste hitz batzuetan esanda, tokian tokiko egoera soziopolitiko eta diskurtso ideologikoek erlijiotasun eta Elizaren botere horrekin ehuntzen joan diren koloreekin. Eta halaxe gertatu da Euskal Herrian ere: XIX. mendearen hasieratik, gutxienez, euskaldunen fede bizia beren izatearen bereizgarritzat aldarrikatzen zuten diskurtsoak nagusitzen hasiko baitira. Inguruko herriak baino jainkotiar eta elizkoiago direlako ideia areagotuz joango da mende horretan zehar, euskaldunen bereizgarri liratekeen beste ezaugarriekin batera –euskararekin eta foruekin–. Hiru ezaugarri horiekin joango dira osatzen ideologo tradiziozaleak, karlistak eta fueristak, jatorrizko euskal izaera, euskal espiritua edo Volkgeista, eta hurrena euskal nazionalismoak indar handiagoz sustatuko duen erretorika desberdintzailearen oinarria ezartzen.

    Liburu honetan fenomenoaren bi alderdiak izango dira aztergai: alderdi morala eta alderdi politiko-ideologikoa. Batetik, Eliza katolikoak zabaltzen duen ethos kristaua, biztanle guzti-guztiengan nahitaez barneratzen duen mundu-ikuskera­ eta jokaera-araudia, kontzientzien moldaketa eta fededun bakoitzaren barne eta kanpoko kontrola; eta, bestetik, mundu tradizionalaren gainbeherarekin abiatzen diren aldaketa ideologiko, politiko eta sozialek nola eragiten dioten nagusitasun erlijioso horri, zein defentsa-bide probatzen dituen honek, eta, euskal kasuan, nola baliatzen den herri-identitatearen diskurtsoarekin zeharo bat egiteko.

    Garai horretan indartuko den antzinatasun/berritasun dialektika amorratuak fruitu iraunkorrak ekarriko ditu benetan gure artera. Pentsamolde tradiziozaleak berritasun oro berrikeriatzat hartuko du berehala, garbitasun edo araztasun oro (euskararena, ohiturena edo erlijio berarena) iragan mitiko batera proiektatuko du, eta galtzeko arriskuan dagoen mundu jator hori berreskuratzea izango da bere eginkizun nagusia. XIX. mendean euskal jendearen artean arrakasta ­handien duten mugimendu politikoak –hala nola karlismoak, fuerismoak zein nazionalismo jaioberriak– antzinako bizimoduaren, legeen, fedearen, hizkuntzaren, moralaren edo ­gizarte-egituraren gordetzaile eta defendatzaile gisa agertuko dira beti. Antzinakoa baita benetakoa, ona, ederra, Jainkoak onetsitako gizalegea; berria endekatze-iturri, arrotz, bekatu-bide besterik ezin izan daiteke. Baina zer da antzinakoa? Zer da euskaldun ona, benetako euskal kristaua izatea?

    Galdera baloratzaile guztietan bezala, honi ere modu deskribatzailean erantzuten zaionean ("euskaldun ona izatea hau eta hau da"), azpian inplizitua du modu arau-emailea ("euskaldun onak honelakoa eta honelakoa izan behar du"). Horrela, talde-identitateak sortzera zuzenduta dauden diskurtso eta praktika guztiek gutasun baten narrazioa egin behar dute lehenik eta behin; elkarte berezi bat irudikatu, eta besteei kontrajartzen zaien talde ezberdin horren ezaugarriak eta historia harilkatu, egokitu, eta narrazio-trama zentzu-emaile baten barruan kokatu behar dute. Hemen eta leku guztietan, talde-identitate sendoak osatzeko erretorika-modu eraginkorrena identitate horren jatortasuna, naturaltasuna, berezkotasuna, antzinatasuna edota jainkotiartasuna azpimarratzea izan da. Horrek zeharo legitimatuko luke bizimodu hori. Eta ez dezagun ahantz identitate oro ekintzara zuzendua dagoela, era batera edo bestera jokatzeko argibideak ematen dizkigula, ohiturak osatzen dituela: ethos bat, termino klasikoa erabiltzearren, balio-multzo bat. Euskaldun onaren narrazioari jarraituko diogu, beraz, hemen: bizitza ona zer izan behar duen berarentzat, eta baita proiekzio etiko horren erabilera ideologiko eta politikoa ere.

    XX. mendearen erdialdera arte, gutxienez, argi eta garbi zegoen euskaldun onak lehenik eta behin fededuna izan behar zuela, edo, zehatzago esatearren: katoliko zorrotza eta eliz­koia. Beti hala izan zela eta hala izango zela esaten zen, euskaldunek ez ziotela beren arbasoen fede zaharrari hutsik egingo. Ez al zen, bada, nahiko adierazgarria Euskaldun fededun esaera zaharra?

    Baina hain antzinakoa ote da fededun fama hori, hain aspaldikoa euskal elizkoitasuna? Irakurle askok entzun izango ditu bi erantzun hauek: a) euskal enda monoteista zen hasiera-hasieratik eta gero, berehala –lehenengo mendeetan–, jaso zuen kristautasuna, eta fede horretan tinko atxiki izan da, oraintsu arte behintzat; b) euskal lurraldeak ez ziren kristautzen hasi Erdi Aroak aurrera egin arte (XI-XII. mendera arte gutxienez) eta, XX. mendera arte iraun duen euskal mitologiak erakusten duen bezala, jatorrizko erlijio natural edo paganismo jakin bat izan zen hemen lehenago, euskaldunen benetako fedea, kristautasun arrotzaren aurrean.

    Lehenengo tesia izan da XVI-XIX. mende bitartean, gutxienez, indarrean egon dena. Zaldibia, Poza eta Garibaik XVI. mendean sortu zituzten dogma apologetikoen artean aurkitzen da uste horren oinarria: Itun Zaharrak kontatzen dituen garaietan, Tubalek, Noeren bilobak, penintsulako bazter honetara ekarri zituen, aldi berean, Jainko bakarraren fedea, euskara eta naturaren legea (apologista horien garaia baino lehentxeago idatziz finkatu ziren euskal probintzietako foruek bermatuko luketen legea, alegia); ondoren, Kristo, Jainkoaren semea, hezur-haragitu bezain pronto, lehenengo mendean bertan, Santiago apostolua etorri zen bazter honetara berri ona zabaltzera, eta euskaldunak, zer esanik ez –jada Jaun-Goikoa-ren fedea bazutenez gero–, gogo onez kristautu ziren laster asko. XIX. mendearen bigarren erdialderako historiografiak zeharo gaitzetsi zituen mito horiek, nahiz eta askok jarraitu duten zabaltzen XX. mendean zehar euskaldunen jatorrizko monoteismoaren (Barandiaranen euskal erlijio paleolitikoaren teoriari esker, batik bat) eta kristautze goiztiarraren ustea, tubalismoaren azalpena baztertuta bada ere.

    Bigarren tesia, paganismoaren aldekoa, berriz, 1960-1970 hamarkadetatik hona, hau da, sekularizazioaren abiadarekin batera (ikus Sarrera honen hirugarren atala), zenbait idazle abertzalek zabaldu dutena da, neurri handi batean XIX. bukaeran eta XX. hasieran Telesforo Aranzadik eta Barandiaranek egindako euskal mitologiaren interpretazioa erabiliz eta garatuz. Paganismozaleen arabera, benetako eta jatorrizko euskalduna nolakoa zen jakiteko kristau kutsutik alde egin behar da; horrela, Marik eta euskal sorginek hobeto erakutsiko lukete historiaurretik gaurdaino euskalduna nolakoa izan den, eta nolakoa izan behar duen. Lehenengo tesiaren jarraitzaileek bezala, beren burua halako tradizio ez-kristauaren oinordeko sentitu nahi dutenek ere historiografia serioaren emaitzei muzin egin behar diete. Logikoa denez, historiaurreari buruzko datu askorik ez dago, ezta idatzizko kulturarik garatu ez zuen azkeneko mendeetako paganismo hipotetikoari buruz ere, eta dauden datuek ezin dute inondik ere halako tesirik baieztatu. Hori bai, denboran zenbat eta atzerago egin orduan eta espekulatzeko eta irudimena libre uzteko aukera gehiago, bistan da.

    Gaur egun dakigunaren arabera, euskal lurraldeetan kristautasunaren sartzea ez zen ez goiztiarra ez berantiarra izan: la Evangelización de los vascos se desarrolla cronológicamente al igual que el resto de los países vecinos de Europa. Ni se adelanta, ni se retrasa (Mañaricua, 1981:41). Baina gauza bat da noiz hasten den prozesua eta bestea noiz sendotzen den; hau da, izenez ez ezik, giza kontzientzietan eta gizarte jokabideetan noiz barneratzen den Elizaren dotrina. Lehen aipatu ditugun apologistek euskaldunen (zehatzago: bizkaitar eta gipuzkoarren) noblezia, kaparetasun edo hidalgia unibertsalaren teoria oinarritu eta justifikatzeko eraiki zituzten beren mitoak. Horien arabera, garbi zegoen euskal herritarrak penin­tsulako kristaurik zaharrenak eta odol garbikoenak zirela, hau da, ez zutela judu edo mairuen odol tantarik zainetan. XVI. mendetik aurrera, titulu gisa zuten kristau zahar deitura hori, beraz, beren genealogiak eta oinetxe-jatorriak eragina zen, eta ez beren jaiera edo elizkoitasunak.

    Erdi Aroko euskal kristautasuna sinesmen eta erritual paganoen eta kristauen arteko sinkretismo galanta izango zen, zalantzarik gabe. Izan ere, nekez egon zitekeen benetan ebanjelizatua Trento ondoren, XVI. mendean, Eliza katolikoak dok­trinamendu orokorraren bulkada eraginkorra abian jarri zuen arte. Ikaragarriak izango dira hurrengo mendeetan Elizak egingo­ dituen eraldaketak, eta biztanle guztiak bereganatzeko garatuko dituen ebanjelizazio-moduak. XVI. mendearen bukaeran martxan jarri arren, kontrarreforma katolikoak ez ditu bete-betean fruituak jasoko XVIII. mendeak aurrera egin arte. Datu historikoak argiak dira zentzu horretan Euskal Herriari dagokionez. Eta historialari guztiak bat datoz, halaber, herri xehearen eta kleroaren arteko batasun estua Erregimen Zaharraren krisialdian sendotzen dela baieztatzean.

    Garai hartan, ideia ilustratuek, frantses iraultzaileen erasoaldiek eta liberalismoaren gorakadak Eliza hainbat estrategia indartzera eraman zuten bere hegemonia ziurtatzeko. ­Liberalek agindu zuten urteetan elizjendeak jasan zituen jazarpenak eta desamortizazioak asko lagundu zuten herriaren eta kleroaren arteko lotura hori sendotzen; funtsezkoa izan zen, halaber, euskal elizgizonen abilezia beren burua baserritarren –hau da, gehiengoaren– ordezkari peto-petotzat aurkezterako orduan. Fededun hitza zeharo elizkoi eta apaizen esaneko moduan ulertzen badugu, horixe izan zen ­Euskaldun fededun identifikazioaren abiapuntua. Nire ikerketak ere hipotesi hori indartzen du. Krisialdi garai hori, eta bereziki Frantziako Iraultzatik (1789) Lehenengo Gerrate Karlista amaitu arte (1839) doazen berrogeita hamar urte horiek aukeratu ditut nire lentea enfokatzeko, beti ere aurreko eta ondorengo soka luzea ondo gogoan izanda; izan ere, garai horretako kleroaren, eta bereziki euskal hiztunaren, eta are, euskaltzalearen, estrategia diskurtsibo eta praktikoa azter­tzeak gauza asko ulertzen lagunduko digu.

    Euskaldun fededun esapidea garai hartan arrunta zenik ez dut esan nahi, inondik ere. Aitzitik, aurreko mendeetako euskarazko testuetan murgilduta ibili diren hizkuntzalari eta lexikologoek ez dute –horrela formulatuta, behintzat– esapide hori aurkitu, harik eta XX. mendeko lehenengo hamarkadetan ugaltzen hasi zen arte. Horrela aitortzen du bai Diccionario Retana de Autoridades del Euskerak (1976-1989) eta baita­ Koldo Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegiak (1992) ere. Autoridades hiztegiaren arabera (fededun sarreran datorrenez), "la expresión euskaldun fededun, lejos de ser antigua (del tiempo inmediato próximo al Concilio de Trento, según se viene repitiendo por algunos) parece ser muy moderna, y en el sentido restrictivo en que la quieren entender algunos aparece el primer cuarto del presente siglo en Lhande y ­Veyrin, y no se refiere únicamente a los euskaldunes (vascoparlantes) sino a los vascos en general: ‘qui dit basque, dit croyant’. Frantsesezko itzulpen hori Philippe Veyrinek eskaintzen du, La sagesse du peuple basque" erakusten duten esaera zaharren bilduma batean (Gure Herria, 1930:75); ­aurreko mendeetako esaera zaharren bilduma handietan ez da ageri, ordea. Hortaz, askoz lehenagotik osatzen joan zen ideia primeran jasotzen eta laburtzen duen esapidea dugu, eta horrela erabiliko dugu guk ere.

    Qui dit basque, dit croyant: historialari guztiak bat datoz esaterakoan Eliza katolikoak Euskal Herrian inguruko beste eskualdetan baino eragin handiagoa izan duela. Askok arrazoi franko ikusiko dituzte, gainera, katolizismo euskal­tzaleaz (García Cortázar/Montero, 1983) eta erlijio etniko edo erlijio abertzaleaz hitz egiteko (J. Aranzadi, 1994). Azken horrek honela laburtzen du izendatze horren arrazoia: a) euskaldun eta ez euskaldunen artean bereizteko lehen irizpide etnikoa XV-XVI.ean osatzen da lege foralek babestutako hidalgia orokorraren lorpenarekin, eta horrekin batera euskal berezitasunaren corpus mitologiko bat doa sendotzen; b) pixkanaka, corpus mitologiko hori euskal herritarren katolizismoaren osagarri ideologiko funtsezko bihurtzen doa, erlijio etniko bereizgarri bihurtzen, alegia; c) azkenik, mito horiek barnean txertatuta dituen erlijio hori bera bilakatuko da euskal etniaren zeinu bereizgarri, prozesu historikoak eta garapen sozio-ekonomikoak aurrera egin ahala, hidalgia orokorra zentzugabe bihurtzen denean. Eskema zuzena dela uste dut, eta azken eraldaketa horren nondik norakoak aztertzea izango da gure helburua.

    Ingurukoengandik bereizten gaituen katolizismo etniko hori argi azpimarratuko du Sabino Aranak, jakina denez, baina bera baino lehenago eta geroago ere euskal jendearen eliz­koitasun biziaz hitz egiten duten testigantzak kontaezinak dira. Datu objektiboren bat ematearren, hona hemen herri hau apaiz herria izan dela frogatzen duten estatistika batzuk. XVIII. mendetik XX.aren azken herena arte behintzat, euskal probintzietako apaizeriak (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako datuak dira, eta klero sekularraz ari gara, erregeladuna –fraideak eta mojak– alde batera utzita) Espainiako ­batez bestekoa bikoiztu egin izan du gutxienez¹:

    Biztanle kopurua apaiz bakoitzeko

    1797 1840/43 1954/60

    Euskal Herriko batez bestekoa: 95 179 524

    Espainiako batez bestekoa: 183 577 1260

    Zergatik horrenbeste apaiz, zergatik hain gatazka gutxi herri xehea eta elizgizonen artean, zergatik halako batasun sendoa eta iraunkorra, zergatik hain antiklerikalismo indargabea euskal jendearen artean? Erantzun errazik ez dago, baina katolizismo etniko eta euskaltzalearen lehen fase esanguratsu hartan murgiltzen garen heinean, hobeto ulertuko dugulakoan nago. Erregimen Zaharraren krisialdiko giro moral, erlijioso eta ideologikoaren azterketa bada ere liburu honen mamia, ezingo nuke nolabait zirriborratu gabe utzi geroko euskaldun = fededun identifikazioak izan duen bilakaera. Hiru ekitalditan bana dezakegu, horrela, ibilbide hau: aurrena, abiapuntua, identifikazioa mamitu eta sendotzen den garaia, hain zuzen ere liburu honen gaia dena; hurrena, identifikazioaren garapena XIX. mendean zehar eta XX. mendearen lehen erdian, hau da, fuerismotik nazionalismora ideologiek nola sustatu eta erabili duten aberriaren eta Jainkoaren arteko uztarketa estu hori; azkenik, identifikazioaren gainbehera, edo azken berrogei urtetan areagotzen joan den sekularizazio prozesua. Ikus ditzagun, beraz, labur, hiru urratsok, hurrena abiapuntuko garai horretan bete-betean murgildu ahal izateko.

    Identifikazioaren abiapuntua:

    Erregimen Zaharraren krisialdia

    Eliza katolikoak garai horietan leku guztietan, eta baita hemen ere, zabalduko duen kosmobisio probidentzialista eta moral zorrotza ezin ageriago geratzen da Europan bere garaikide eta antitesi duen fenomeno nagusiarekin –Ilustrazioarekin– parekatzen baldin badugu. Euskal Kontrailustrazioa deitu diot, hain zuzen, mundu-ikuskera berri horri aurre egiteko euskal Elizak eta berari atxikitako tradiziozaleek indar­tzen duten mugimenduari. Neurri txiki batean baino ez dut kontrajartzen Euskal Ilustrazioa deitu zaion horri, hau da, Real Sociedad Bascongadako lagunarteari; izan ere, zalduntxoak argiak eta berritzaileak baziren ere gai tekniko eta zientifikoei dagokionez, ez zuten apenas usaindu ere egin Europako Argien benetako mami etikoa: norbere burujabe­tzaren aldeko borroka eta arrazoiaren gidaritza bizitzaren arlo guztietan. Euskal ilustratuak ez ziren ausartu, adibidez, Elizari aurre egiten, ezta erakundeak kontzientzien eta ohituren zaindaritzan ezartzen zuen zorroztasuna kritikatzen ere.

    Zentzu orokorragoan mintzatuko gara, beraz, Euskal Kontrailustrazioaz. Haize berri ilustratu, iraultzaile, liberalak Espainia osoan sentituko dira, noski, baina oso ­bereziki euskal probintzietan Iparraldeko herriekiko hurbiltasuna eta lotura kulturalak direla medio. 1784an, Kantek Sapere aude oihukatzen du, entusiasmoz betea: ausart zaitez jakitera, adinez heldu egin zaitez, Estatuaren, Elizaren, kanpoko agintaritza ororen morrontzatik aska zaitez, izan zaitez zeure buruaren jaun eta jabe. Beste era batera esateko, arrazoimenak gidatutako giza autonomia aldarrikatzen du (auto-­nomos: norbere buruari ematea arauak, legeak), ordura arte beti nagusi izan ziren moral heteronomoak deitoratuz (hetero-nomos: kanpotik, norberagandik at, emanak daude arauak). Eliza katolikoak zabaltzen zuena dugu moral heteronomoaren eredu garbiena: ez zaitez zeure buruaz fida, ahul eta bekatari zara, ez hartu erabakirik zure kabuz Theologu andi bat bacina leguez, ez izan gauzak ulertzeko jakin-minik (bekatura besterik ez zaitu eramango horrek), jarraitu beti ondoan duzun elizgizon jakintsuaren esanari. Fran­tsesek aldarrikatzen dituzten askatasun, berdintasun edo giza eskubideen ideiak, zer izango dira deabruaren amarruak besterik fededunak salbazioaren bidetik uxatzeko? Mundua eta bizitza ulertzeko bi modu ezberdin –teozentrikoa eta antropozentrikoa– kontrajartzen dira, horrela, eta tirabira luze horretako pasarte bat bezala ere uler daiteke liburu honetan kontatzen den historia.

    XIX. mendeak aurrera egin ahala areagotzen doan euskal hirietako gune burgesen liberalismoak ez zuen jakin herritarren gehiengoa erakartzeko diskurtso eta praktika sozialik jorratzen. Antiklerikalismo biziegirik ere ez zuten agertu. Azken finean, herri xeheak ideia ilustratu eta liberalekin izan zuen hartu-eman praktikoa, zuzena, beti traumatikoa izan zen: gerrak, segurtasun politiko, ekonomiko eta sozialik eza, kontribuzioak, soldadutzara joateko deiak, foruak mugatzea edo kentzea, elizjendea erasotzea –baita beren kontzientzien lasaitasuna ere, ondorioz–… Izan ere, krisialdi garai horretan gerra eta egonezina dira nagusi (Konbentzio Gerratea, 1793-1795; Independentzia Gerratea, 1808-1814; Hiru Urteko konstituzionala, 1820-1823; Lehenengo Gerrate Karlista, 1833-1839). Tronuari eta Aldareari eta Erregimen Zaharreko oinarri guztiei egiten zaizkien eraso ugarien aurrean, egoera historikoaren larritasunaz ondo jabetuta, Elizak bere pastorala indartzen du artaldearen leialtasuna ziurtatzeko. Eskura ditu, gainera, horretarako baliabiderik eraginkorrenak –ia ahalguztidunak diren komunikabideak–: aitorlekua, sermoia eta misioak. Eta horiek guztiak erabiliko ditu Kontrailustrazioaren eragile lanetarako.

    Apaiza izan da garai luzeetan baserritarren benetako intelektuala, sermoia baitzen herri xeheak kultura edo politikarekin zuen harreman ia bakarra; pulpituak osatzen du, jende gehiena analfabetoa den eta prentsa idatziak oraindik abiada hartu ez duen garaian, helduentzako eskola bakarra, herri mentalitatearen labea. Eremu sakratuan eta Jainkoaren bitartekari baten ahotik jasotzeak mezuaren transzendentzia eta egiazkotasuna bermatzen du. Penitentziaren sakramentuak, berriz, fededun bakoitzaren pentsamendu eta ekintzak ondo kontrolatua izatea dakar. Eta ezin zuen inork kontrol horretatik ihes egin, besteak beste nahitaezkoa baitzen urtero Pazkoan aitortu eta jaunartu izanaren agiria –txartela–, eta horretarako ezinbestekoa zen aurretik dotrina-azterketa apaizarekin gainditua izatea. Herri-misioen boterea, berriz, ezin da gutxietsi: herri txiki baztertuetan bezala handietan, jendea hunkitzeko, aztoratzeko eta bereganatzeko Elizak erabili zuen teknika eraginkorrena dugu, zalantzarik gabe.

    Mugimendu kontrailustratuak, gainera, hazia ereiteko zeharo prestatua aurkitu zuen lurra. Aurreko mendeetatik zetorren tradizio apologetikoa berrindartu besterik ez zuten egin behar, eta egin ere, neurri handian euskaraz egin zuten. Erraz ikus daiteke Elizaren ekintzak azken mendeetan halako arrakasta izan badu Euskal Herrian, besteak beste, beren ideiak hedatzeko euskara erabili duelako izan dela. Hori egin duen bakarra izan da, euskal ilustratuak eta foruen eta euskara beraren apologista gehienak erdaraz aritu izan baitira. Erabili ez ezik, elizgizon ugarik –beti ere ebanjelizaziorako bitarteko egoki bihurtzeko– euskara landu, aztertu eta garatu izan dute: euskalki guztietako prosa idatziaren sortzaileak dira, azken finean.

    Elizgizon horiek diskurtso erlijiosoak jada badakarren bizi-zentzuari herriaren eta hizkuntzaren jatorrien narrazio koherentea gehitu zioten: euskara Babelgo hizkuntzetako bat da (edo lehenagokoa: Paradisukoa), antzinakoa eta garbia, jainkotiarra, Tubalek ekarri zuen hona, monoteismoa eta lege zaharrekin batera; gero, Santiago eta beste apostoluek kristautasuna zabaldu zuten, eta beti atxiki izan ditugu tinko fede, ohitura eta hiz­kuntza garbi horiek; izan ere, ez erromatarrek ez beste herriek ezin izan gaituzte garaitu. Eta araztasun horren guztiaren zaindari nagusiak baserritarrak izan dira, beraiena baita lanbiderik zaharrena eta duinena, Jainkoak Adani emana, eta behar den bezalako bizimodu kristaua eramateko egokiena. Jatorrizko egoera hartatik hurbilen daudenak izanik, baserritarrei zuzenduko diete esentzia horiek garbi atxikitzeko betebeharra, inguratzen dituen ustelkeria eta endekatzearen aurrean.

    Euskararen lantzea eta herri-misiolaritza biltzen dituen gune garrantzitsua dugu frantziskotarren Zarauzko Misiolari Ikastetxea (1746-1840). Euskal Herrian batez ere jesuita eta frantziskotarrak aritu ziren misiotan, baina jesuitak Espainiatik egotziak izan ziren 1767tik XIX. mendearen erdialdera arte, eta bitarte horretan frantziskotarrak izan ziren nagusi. Zarautzen trebatu ziren, beraz, ia ehun urtean zehar lau probintzietako herri gehienetan euskaraz predikatzen aritu ziren misiolariak. Oro har, kristau herrietako misioen fenomenoa oso gutxi ikertua izan da, bai Euskal Herrian, bai Espainian eta Europako gainerako herrialdeetan, eta Zarauzko Ikastetxe honek ere ez du izan, aita Villasante kenduta, aztertzailerik². Liburu honen oinarrian dagoen ikerketak, besteak beste, hutsune hori zertxobait betetzen lagundu nahi du. Izan ere, Zarauzkoa oso gune interesgarria izan zen, eta garaiko apaiz edo fraide euskaltzale guzti-guztiek izan zuten nola edo hala harremana Ikastetxe honekin edo bere misiolariekin. Elizgizon euskaltzale horien lanak orain arte beren interes filologikoagatik baino ez dira izan aztertuak, eta ez beren eduki moral eta ideologikoagatik. Azken ikuspuntu hori da, ordea, niri interesatzen zaidana. Nire abiapuntua, hortaz, garai hartan Euskal Herrian idatzitako euskarazko eta gaztelerazko testu gehienak irakurtzea izan da –eskuizkribu ugari tartean–, eta bereziki Zarauzko Ikastetxeko misiolarien sermoiak eta dotrinak, eta baita klero sekularreko beste kide ugarirenak ere.

    Doktrinamendu biziak eta gehiengoaren –baserriko jendearen– atxikimendua lortzeko era horrek arrakasta itzela izan zuela ezin ageriago uzten du Lehen Gerrate Karlistan gertatutakoak. Hemen, Espainiako beste tokietan ez bezala, herri xehearen gehiengoak hartu zuen parte sutsuki –askotan elizgizonen gidaritzapean– Erregimen Zaharraren defentsan, Karlosen aldeko borrokan. Kleroaren eta herritarren arteko lotura hertsiari esker, lehenengoak erraz lortzen zuen nekazari jendea mobilizaziora eramatea: nahikoa zen borrokarako kausa erlijioaren defentsarekin estuki lotzea, eta baita mundu honetan erlijioaren bermatzaile den errege absolutuaren iraupenarekin ere (eta foruekin, gero), jendetza handia armetara eta defentsa aktibora bultzatzeko.

    Elizgizonek baserritarrak tradizioaren zaindari sutsu nola bihurtu zituzten aztertzen da liburu honen lehenengo atalean; bigarrenean, berriz, fededun zintzo nola egin zituzten. Ez zaizkigu teologoen arteko eztabaida korapilatuak interesa­tzen, baizik eta integrismo erlijioso horrek predikazioan ­hartzen zuen forma, hau da, nola heltzen zitzaion ikus-entzuleari, nola moldatzen zuen euskal jendeen ethosa eta kosmobisioa. Trento ondorengo Eliza katolikoak gaizkiaren antropomorfizazioa areagotu zuen: norberak norbere barnean (bere pentsamendu, desira, hitz eta ekintzetan) bilatu behar du berak edo bere elkarteak pairatzen duen gaitzaren iturburua, gaitz oro Jainkoak gure bekatuengatik bidaltzen digun kastigua baita. Kosmobisio probidentzialistak, horrela, ekintzaren kausalitatea eta bere ondorioak bekatu-zigor, ­bertute-sari dinamikaren baitan erakutsiko ditu.

    …/…

    Baina ikusmolde hori nagusitu zedin, artean errotua zegoen mentalitatea gutxiesten ahalegindu behar zen Eliza aurrena, hau da, gaitzaren kausalitate hori begizkoari edo sorginkeriari egozten zion mentalitatea; era berean, erlijiotasun barrokoak suspertu zituen hainbat sinesmen epeldu egin beharko zituen, XVIII. mendeko katolizismoa bera ere gero eta arrazionalagoa egiten baitoa. Horrekin batera, hamar aginduei buruzko dotrinetan agertzen den bekatuaren eta gizakiaren ikuspegi iluna aztertuko dugu, besteak beste seigarren agindua gordetzearen zailtasunak, elizgizonek zabaltzen duten misoginia, eta igandetako dantza publikoei buruzko eztabaida hurbiletik jarraituz. Aitortzaren sakramentuaren garrantziak, berriz, aparteko begirada bat eskatuko digu, bere inguruan biltzen baitira norbere buruaren ezagutza modernoa bideratzen duten instrospekzio eta ­autoanalisi ereduak. Hori guztia liburuaren bigarren atalean izango da, baina jarrai dezagun aurrena halako fede estuarekin hezitako euskaldun fededunen bilakaera gaurdaino.

    Identifikazioaren garapena:

    Euskaldun fededunen erabilera ideologikoak

    karlismotik nazionalismora

    Agustin Xaho zuberotarrak jada 1836an Lehen Gerrate Karlista euskaldunek espainiarren aurka ekindakotzat erretratatu bazuen ere, ez dago halakorik inondik ere, hura, hurrengo gerra bezalaxe, gerra zibila izan baitzen. Euskal probintzietako herritarrak zeharo espainiarrak sentitzen ziren, garrantzizkoena guzti-guztiak Errege eta Eliza beraren mendeko izatea baitzen azken finean, eta ez erreinuko toki batean eta bestean ohitura, hizkuntza edo lege ezberdinak egotea. Beste zerbaitek kontrajartzen zituen, beraz, liberalak eta karlistak: "Unos vascos –los menos– aspiran, sin dejar de ser vizcaínos, alaveses, etc., a ser ciudadanos españoles. Los demás, o bien se mantienen al margen de esta polémica o, si se pronuncian, lo hacen a favor del mantenimiento de su estatus juridicopolítico; desearían conservar sus privilegios y seguir siendo vizcaínos (o alaveses…) y, por ende, fieles súbditos españoles, proverbialmente leales a la Corona" (Fernández Sebastián, 1991:228). Liberalek Estatu konstituzionala eta herritarraren beste ikuspegi bat defendatzen dute, nahitaez zentralizazioa eta eskualde guztien berdintze-prozesu bat eskatzen duena; ikuspegi horrek, Elizaren papera mugatzeaz gain, euskal probintziek dituzten pribilegioak –foruak– galtzea ekarriko du.

    1839an jasoko dute karlistek beren lehenengo porrota, baina ez erabatekoa, foruak neurri handi batean artean gordetzea lortzen baita. Liberalismoaren kontrako gaitzespenik gogorrenak egingo ditu Elizak, baina liberal moderatuak iristen direnean gobernura, gauzak aldatzen hasiko dira, Elizarekiko errespetu handia erakusten baitute: Elizaren jabetzen salmenta bertan­ behera utzi, eta Espainiako batasun erlijiosoa berma­tzen dute 1845eko Konstituzioan. Eliza eta liberalismo moderatu horren harreman baketsuak 1851ko Konkordatua izango du agerpen juridikorik nabarmenena. Hala, Estatu berria legitimatzearen ordainetan, zenbait pribilegio ematen zaizkio Elizari. XIX. mendearen erdialdera, euskal gizartea neurri handi batean moderantismo liberalaren posturetara –fuerismora– hurbiltzen da. Harreman gozo horien emaitza izango da 1862an osatzen den Gasteizko elizbarrutia. Ordura arte Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba Kalagorriko, Iruñeko, Burgosko eta Santanderko elizbarrutietan banatuta zeuden; Gasteizko elizbarrutia da lehenengo aldia historian hiru euskal probintziak nolabaiteko administrazio barruti elkartu batean biltzen direna.

    1868ko iraileko iraultza liberalak Isabel IIa, euskal fuerismoaren babeslea, erregetzatik egotzi zuen, eta Lehen Errepublika ezarri. Orduantxe izan ziren lehenengo hauteskunde demokratikoak (gizonezkoen sufragio unibertsalaz), eta euskal jendearen elizkoitasuna ezin ageriago geratu zen: hautagai katoliko karlistak izan ziren erabateko garaile; Espainian karlistek lortu zituzten 17 diputatuetatik 15, hain zuzen ere, lau euskal probintzietatik atera ziren. Horietako diputatu bat dugu Gasteizko Semanario Católico vasco-navarro aldizkari antiliberal eragilearen fundatzailea: Vicente Manterola donostiarra, sortu berri zen Diozesiko kanonigoa, eta predikari eta hizlari karlista ospetsua. Manterolaren hitz-jarioan euskaldun eta fededun arteko batasuna etengabea da, eta sarritan erretratatuko du Euskal Herria munduko herririk katolikoena. Adibidez, Gasteizko gotzainak eliztarrei San Pedroren dirua gehitzeko eskatu zienean Aita Santuaren behar ekonomikoak asetzen laguntzeko, Manterola zeharo seguru zegoen euskaldunek gogotik emango zutela beren dirua horretarako: "No necesita decir más [el obispo de Vitoria] para conmover profundamente e interesar muy al vivo el ardiente sentimiento católico del pueblo euskaro. Si la causa de Pío IX popular en el mundo, popularísimo en España, debe serlo

    Enjoying the preview?
    Page 1 of 1