Discover millions of ebooks, audiobooks, and so much more with a free trial

Only $11.99/month after trial. Cancel anytime.

Septentrio
Septentrio
Septentrio
Ebook153 pages1 hour

Septentrio

Rating: 0 out of 5 stars

()

Read preview

About this ebook

Liburu honetan, lehenik, sartaldeko lehor aurkitu berrietara joan baino lehenago, sortaldera buruz abiatzen da autorea Marco Poloren eta Mandevilleren hatzei jarraikirik, kartografia fantasmagoriko bat irekiz. Ondotik, manera autobiografikoago batean, ipar-mendebalderantz itzultzen da, lur berrietara buruz: ametsetarik bizi izanikakoen kontakizunera, baina beti Terra incognita eta Mundu aurkitu beharraren argitan. Ternuara joan aspaldiko euskaldunen aztarnak segituz, bere baitako gogo-bidea marrazten du. Eta, bururatzeko, liburuak zabalik uzten duen itsas espazio baztergabea, bakarrik: "Ontzia emeki-emeki desagertuz doa, itsasoa bakar, bazterra huts".
LanguageEuskara
PublisherAlberdania
Release dateMay 5, 2020
ISBN9788498685763
Septentrio

Related to Septentrio

Related ebooks

Reviews for Septentrio

Rating: 0 out of 5 stars
0 ratings

0 ratings0 reviews

What did you think?

Tap to rate

Review must be at least 10 words

    Book preview

    Septentrio - Aurelia Arkotxa

    1.png

    AURELIA ARKOTXA

    SEPTENTRIO

    N A R R A Z I O A

    A L B E R D A N I A

    Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro adi­tzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan, edo dantza ondoan alberdanian.

    (J.B. Agirre)

    Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza

    izan du liburu honek.

    Azala: Antton Olariaga

    © 2001, Aurelia Arkotxa

    © Argitaraldi honena: 2001, ALBERDANIA, S.L.

    Istillaga, 2, behea C, 20304-Irun

    Tf. +34 943 63 28 14

    alberdania@alberdania.net

    www.alberdania.net

    ISBN digitala: 978-84-9868-576-3

    ISBN papera: 84-95589-24-9

    Legezko Gordailua: S.S. 1078/2001

    SEPTENTRIO

    Euskadiar ikerketak

    Hamabost urte nituelarik, George Borrowek idatzi Biblia Espainian (1843) liburua irakurtzearekin, hasi nintzaien euskarari eta Euskadiri hurbilagotik behatzen.

    Nola bazter begia, itxuraz, ez hizkuntza familia ezagun bati, ez gramatika talde ezagun bati, ezin lot zekiokeen hizkuntza batetik? Borrowek dio, anitz gauza uher, oker eta hipotetiko zirenak idatzi izan direla hartaz. Bera ere menturatzen da tartar mintzairarekilako lokarrien aipatzera. Pirinioetako, edo, berdin, Iberiako penintsulako lehenbiziko mintzaira ote zen? Hizkuntza horrek bereganatzen ninduen: dena bokalez estalia —hala nola itsas bazterra uhinez—, erdi-erdian, harbeltzezko arrokak iduri, kontsonante gogor, latz batzuekin (k, x, t). Ideia orokor guti, itxuraz (kontzeptuak, lehenik erlijiozkoak, latinari mailegatuak omen zizkion), baina izenak, ordea, bazituen lurrak hartzen duen aldaera eta plegu bakoitzeko: lurraldea orotan nabari haren baitan. Eta hitz josturan ere zerbaitek pizten zidan jakin-mina: Borrowek zioe­naz, perpausak luzatzen dira azkenik ez balute bezala, boza geroago eta gorago haietan gaindi baitoa, gaina jo ondoan, ezti-eztiki berriz jaitsi aitzin. Uhina dakarkigu horrek gogora, edo mendi gaineko haizea. Kantuak bai, dio Borrowek Ichasoa urac aundi, estu ondoric agueri… aipatuz (atxikitzen dut haren ortografia), baina literatura urria. Nahi nion horri hurbilagotik behatu.

    Parada jin zitzaidan zenbait urte geroago. Frantziako hego-mendebaldean, Pauen, bizi bainintzen, euskal eremuan miaka ibil nintekeen, bai eta halaber tokiko liburutegietan eta liburu arradoak eskaintzen zituzten saltokietan ere.

    Hastean, nora ezean haztamuka ibili ondoan, azkenean ikerketa-itsaso batean murgildu nintzen.

    Ez naiz gelditu denetan aurki daitezkeen eleberri erregionalistetan, hala nola baitira, asmatzen ditut izenburuak beldurrez norbaiti gaitzi dakion, Etxahunen askazia (sute, intzestu, gudu), edo Amerikanoaren itzultzea (ohoin­­­­t­za, bortxatze, hiltze, ezkontza). Halaber, bazterrean utzi dut auhenezko poesia (Oi Euskal Herri gaixoa) edo gaitzespenezkoa (Euskara jaits hadi karrikara!).

    Literaturaz lekora zetzan literatura batean jarri nuen gero eta gehiago gogoa: erran nahi baitut nabigazioko liburu zaharretan, euskaldunek, beharrik ere enetzat, frantses zaharrean idatzi zituztenetan, eta bereziki balea ehizaz zerautsatenetan. Ez segurki arpoilariez edo San Laurendiko itsas lasterkariez eleberrien egiteko xedearekin (horrela gure sasi kultura osatzen duen alimaleko metaketa epifenomenalari puskaki bat gehiago gaineratuko bainion, besterik ez), baina hartan­ eriden baitzitekeen, espazio fisikoaren ezagu­tza zehatz bat (Jaquitecoduçu liburu hunetan comprenitçen direla arrutac: lecoac: çundac: eta marea contubac: eta entradac: eçagutçac halturac hala nola: lebantecoac: Espainnyacoac: Bretaniacoac: Normandiacoac: eta Picardiacoac: Flandrescoac: Angueleterracoac: Irlandacoac: Escociacoac: eta Ternubacoac…), bai eta hartaz landa, energia gune bat ere, identitate murriztu batek eman dezakeena bainoagokoa, eta, gogoeta gai batzuk, zenbaitek, tradizioaren izenean batzuetan, urtez urte, mendez mende, besterik gabe errepikatzen dituzten gogamen eginak-prestak gaindikatzen zituztenak. Ternuako gaietara sukar handi batekin hurrandu nintzen (Lur berri guçietan nabigatçeco liburuba placerduten pillotubentçat). Imanaren aldakortasunak, Ortibetako eta Okasoetako Anpli­tu­doen Taulek, proiekzio estereografikoek, pentsaketa jartzen ninduten. Literaturatik kanpoko testuetan ibilki, sorraraz zitekeen literatura baten aieruen bila nenbilen. Geopoetikaren teoria-pratika eta pratika-teoria­ moldatzen ari nintzen.

    Eta, berrikiago, Miarritzen, Idazketa eta lurraldea sujetaz solastatzeko egin izan den elkarretaratze batean (laster ohartuko nintzen ez zuela hark deus ikustekorik nik gogoan nuen lurraldearen idazketaren gaiarekin, bai ordea, anitz, tokiko instituzioek politika erregionalista baten barnean, idazketatik —baina nolako idazketatik?— atera zezaketen probetxuarekin), Aurelia Arkotxaren ezagutza egin dut.

    Zer atsegina enetzat norbait elekatzea, Biaya Venturosac, Martin de Hoyarzabal, Espainiako fronteretako euskaldun kapitainaren liburua, XVI. mendearen hondarrean Arroxelan inprimatua, eta, halaber, honen itzul­pena ez ezik, luzapena ere zena (1677), Donibane Lohitzuneko Piarres Detcheverry, izengoitiz Dorre deitu pilotuak egina, ezin hobeki ezagutzen zituena!

    Ez zen horretan ahitzen Aurelia Arkotxaren­ jakituria. Stevan del Bocal, Donibane Lohi­tzuneko beste pilotu batez ere mintzatu zitzai­dan, beste nehork ez bezala ezagutzen bai­tzuen honek San Laurendiko ibai ahoa. Aipatu zidan oraino Ceylan uharteko arrain-andrea, 1835aren inguruan, Antonio Abbadiak (aita euskalduna, ama irlandarra) Edimburgeko botiga batean ikusia (medikuntzako estudiante zoologiazale tzar batzuen jokutria), bai eta Joanes Etcheberri Ziburukoaren Itssassoco biayetaco othoicen araldea (1627) ere…

    Aurelia Arkotxak, honela baderraket, desa­gertu den euskaldun izaera du. Erran nahi dut bere gogoaren zolan daukala euskal kultura, badakiela euskal marinelen harat-honaten kartografia, urrun dagoela ideologia identitariotik eta bortizkeriaren bidez adierazten diren eskaera burrunbatsuetarik, ondikotz ezer ez baita gelditzen hauek baizik, hondoaren bermea galtzen denean, eta axaleko uhagunean zalapartaka ibiltzeaz besterik ezin egin daitekeenean.

    Ez dut masokismoraino erematen autokritika maskulinoa, eta ez diot kasurik egiten (ideia berri bihirik aitzinatu gabe) erresuma anglosaxoietan egiten den kritika sexistari, baina Aurelia Arkotxarekin ele egitean, Borrowek euskaldun emazteez egiten zuen deskripzioa gogora heldu zitzaidan: Biziak eta erneak, gizonak baino talendutsuagoak.

    Aurelia Arkotxaren erudizioaz (abenturosa eta are erratikoa ere denaz) froga franko banuen. Urte andana batez, Donibane Lohi­tzuneko, Hendaiako, Baionako, Ziburuko, Bordeleko artxibotegiak miatu zituen. Ondotik, itsasoz haraindian ere ikerka ari izana zen. Biz­kaiko baiako airean barreaturik gelditzen ziren elementu guziak bildu beharrez ibili zen.

    Geroxeago, egin gogo zuen, abiatua ere zuen, liburu batez hasi zitzaidan. Hartan bermatuko zen bere erudizio guzia beste mundu batera eramanik, bere barne-izaeraren oldarraren osoki adieraztera.

    Liburu hura, lehenik, sartaldeko leihor aurkitu berrietara joan baino lehenago, sortaldera buruz abiatuko zen Marco Poloren eta Mandabillaren hatzei jarraikirik, kartografia fantasmagoriko bat irekiz. Ondotik, manera autobiografikoago batean, ipar-mendebalderantz itzuliko zen, lur berrietara buruz: ametsetarik bizi izanikakoen kontakizunera, baina beti Terra incognita eta mundu aurkitu beharraren argitan. Ternuara joan aspaldiko euskaldunen aztarnak segituz (lurralde hartan sartzen ziren Ternuako uhartea, Québec, Labrador, Eskozia-Berria, Saint Pierre eta Miqueloneko uhartedia), ziostan Aurelia Arkotxak, bere baitako gogo-bidea marraztatuko zuen. Eta, bururatzeko, liburuak zabalik utziko zuen itsas­ espazio baztergabea, bakarrik: Ontzia emeki-emeki desagertuz doa, itsasoa bakar, bazterra huts.

    Horra nolako egitasmoa aipatu zidan.

    Orain eskuetan daukazuen liburua da.

    Aurelia Arkotxak badaki zein arruta har. Jakin beza, bada, biaia ona egiteko ene agian­tzak bidelagun dituztela berak eta haren liburu honek.

    Kenneth White

    Bretainiako Iparraldeko itsas hegia

    2001eko irailean

    Investigations

    euskadiennes

    C’est à l’âge de quinze ans, en lisant le livre de George Borrow, La Bible en Espagne (1843), que j’ai commencé à m’intéresser à l’euskara et à l’Euskadi.

    Comment ne pas s’intéresser à une langue qui, apparemment, n’appartenait à aucune famille linguistique connue, à aucun groupe grammatical établi? On a écrit, dit Borrow, beaucoup de choses "vagues, erronées et

    Enjoying the preview?
    Page 1 of 1