Discover millions of ebooks, audiobooks, and so much more with a free trial

Only $11.99/month after trial. Cancel anytime.

Harkaitzaren magalean
Harkaitzaren magalean
Harkaitzaren magalean
Ebook305 pages2 hours

Harkaitzaren magalean

Rating: 0 out of 5 stars

()

Read preview

About this ebook

Naturak bere hizkuntza propioa du, bere poetika. Pello Zabalaren asmoa da izadiaren gramatikan sartzea, behatzearen poderioz, harekin bat egitearen amorez, ulertzen saiatzea. Oharpen horiek egunen gurpilean idatziz osatua da liburua. 2006ko urrian hasi eta 2008ko martxoan buka egin zuen lehen liburua. Honako hau du bigarrena, aurrekoa utzi zuen lekuan hasia.

Liburuak egunerokoaren forma hartu du. Izadian gertatzen ari dena apuntatuz doa Zabala, eta horrek barruan sortzen diona hausnartuz idatzi ditu eguneroko piezak. Batzuetan, oroitzapenak ekarriko ditu gogora —amama Sebastiana edo Arantzazun fraide sartu zen mutiko elebakar hura—; besteetan, saien dantza edo katu baten ibilera deskribatuta, plazer estetikoa gozaraziko digu; inoiz, gai sozialen bat aipatuta, zer pentsa utziko gaitu…

Eta dena, Pello Zabalari berezkoa zaion prosa poetikoarekin.
LanguageEuskara
PublisherAlberdania
Release dateJan 1, 2010
ISBN9788498682571
Harkaitzaren magalean

Read more from Pello Zabala

Related to Harkaitzaren magalean

Related ebooks

Reviews for Harkaitzaren magalean

Rating: 0 out of 5 stars
0 ratings

0 ratings0 reviews

What did you think?

Tap to rate

Review must be at least 10 words

    Book preview

    Harkaitzaren magalean - Pello Zabala

    Harkaitzaren magalean

    HARKAITZAREN MAGALEAN

    Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen,

    guero dantzan, edo dantza ondoan

    alberdanian.

    J.B. Agirre

    © 2010, Pello Zabala

    © Azal eta diseinuarena: 2010, Antton Olariaga

    © Argitaraldi honena: 2010, ALBERDANIA,SL

    Plaza Istillaga, 2, bajo C. 20304 IRUN

    Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55

    alberdania@alberdania.net

    Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua

    www.adimedia.net

    Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-244-1

    Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-257-1

    Legezko Gordailua: S.S. 1629/10

    Pello Zabala

    HARKAITZAREN MAGALEAN

    2008-2009

    A L B E R D A N I A

    S A I A K E R A

    Markox Koipe

    Markox Koipe deitzen zioten. Hura bai famosoa! Beti ehizan pentsatzen, ehizarekin ametsetan. Basurdeak ikusi zituela hegoaldeko mendi-muinoetan… Hara joaten ziren herriko batzuk eta auzokoak. Eta, bien bitartean, bera iparraldeko mendiotara. Batzuetan, berak bentaja… besteetan, hegoaldera bidali zituen lagunak. Uxarrean ere ikasi zuen: ez berak, noski. Baina, egin zuen halako tramankulu berexi bat, erdi eskuaretxiki, erdi aitzurtxo… berak asmatua, harro zioen gisara, eta asmatu zuena (hau bai, benetan asmatu) eguraldi lainotsua eta ilun-berdotsa zebilenean, bere tramankuluaz baso-muturren bat uxartzera isil-gordean joatea. Eta, ondoren, gezurra bota, purraka: basurdearen uxarrastoak ikusi omen ditiztek, ointxe gutxi eginak…. Eta, hala, auzotarrak harantz joko zuten bitartean, Markox Koipe, bestaldera, koipe bila

    Ez dakit nondik nora, baina Markox Koiperenak egin dit pitz akorduan, atzo eta gaur berripaperetan ikusi eta irakurtzen dugun AHTri buruzko berri ustel horiekin denekin. Nola nahas daiteke horrenbeste eta horren trakeski jendea? Nola gorde lekioke hain doilorki informazioa bere terrenoa zapaldu, zeharkatu, zimurtu, ziztrindu, zokondu, zoldu, zulatu eta zupatu behar diotenari? Zenbat Markox Koipe ondotxo koipetua dabilen gezur-orea purra-purra zabaltzen… Sikiera, tren zekenak abiadura larrienaz behingoz gezur tona guztiak eramango balitu gure artetik auskalo noraino!

    2008-04-03

    Nire kontra ez, zuen kontra doaz

    Irratiko esatari nahiz telebistetako, zuentzat da eskaria: utzi gero aparte, eta betiko ahantzita, tenpora kontuak, horiek superstizio engainagarri besterik ez dira eta. Grafiti deitu Radio Euskadiko irratsaioari lihoakioke oraingoa hau zuzenean, bertako lagunak izan zirelako erbi zuria altxatu zutenak. Vocentolariek eskumikua bota dizuete, serioski bota ere.

    Badakit tenporekiko urtikaria partikularra duten jakintsu ospetsu bat baino gehiago azkuraz aztora betean paratzen direla tenpora hitz dontsua entzun orduko. Bada erremediorik, botika naturalik: listoak jakin behar luke non topa, bozgorailu bila ibili gabe. Nik, ahaleginean eta ekinahalean zaintzen dut ahoa itxita, harik eta zuzen-zuzenean galdetzen ez didaten bitartean. Blog leiho honetakook badakizue, tenpora egunak pasatu arren, ez dudala haietaz idazten, eta bai laurdenka bakoitzean, ilargi koskak zer ote dakarren, nire eskarmentutik abisatu. Halaxe nentorren hiru aste lehenagotik, martxo azkeneko ilbeteak auskalo zer ekar zezakeen abisatuz…

    Halere, eskatzen didanari ez dakit ukatzen: pentsatzen dudalako eta badakidalako, eskatu badidate, eurak esatari eta bitartekari izanik, entzungurarentzat eta egarrituarentzat dela. Hala etorri ohi dira Arantzazura propio, nahiz niri telefonoz deika, jakingura eta ikasi-nahiren bat dagoelako tartean.

    Berriro esan nahi dut, eta barka nire insistentzia errepikakorra: ez naiz sekula neroni joan tenporen anuntzio edo pregoirik eskaintzera eta bozgorailuetan saltzera. Grafiti irratsaiotik otsail erdialdera deitu zidatenez eta hartara prestatu nintzenez, beste behin arriskatu nuen neure baitan ikusten nuena. Eta, tenporez jardun eta gero, programatuta ez zegoen honako galdera hau jaulki zidaten: Orduan, negu honetan ez du elurrik egingo?. Eta, pentsatzen nuen eran, honelatsu bota nuen: Nik ez dut elurrik ikusten, udaberria etorri eta martxoaren azkeneko ilbetean sartu arte.

    Hauxe izan zen altxatu nuen erbi zuria!. Etorri ez balitz, ez dakit zein bekatu larri bizkarreratuko zidaten. Baina, halaxe, pare-parean etorri, bada: ilargi betea ostiral santu arratsaldez, elurra larunbat santuz, gehiago pazko igandez, eta baxuagoraino astelehen santuz… Urtikariak pazko-azkura piztu du, nonbait. Ezin omen da, superstizioz ez bada, aste pare batetik harantz asmatu. Eta nik bost aste eta erdi lehenago altxatu erbi txuria. Baina ez da nire bekatua, zenbat gutxiago meritua. Bekatu larria, mortala esaten genion lehen, zuona da, kazetariona! Zuek bai, nik ez bezala, zuek bai jakin behar zenuketela superstizioan fidatzea eta afera superstiziozkoa haizatzea bekatu larria dela, ez hainbat Erromako Elizaren Katixima berrian, baina bai gure Unibertsitate Txit Goreneko Norma Jasoenetakoren batean. Baina zuek lasai. Penitentziarik ematen badizuete, edo eskumikatzen bazaituztete, badut-eta ahalmenik horietatik denetatik sendatzeko. Hori bai, telefonoz ez du balio eta, konfesio tarte bat zor didazue, tabernan bada ere…

    2008-04-04

    Superstizioa omen

    Sobre temporas y predicciones idatzi dute (apirilak 4) Vocentoren berripaperetan, UPV-EHUko 7 profesores e investigadores de física aplicada y mecánica de fluidos omen direnek. Atzokoan nioen nola ez datozen niregana, baizik eta kazetari mordoska batengana: Tenporetako nahiz meteorologia ofizialeko iragarpenek comparten espacio y aspecto externo en muchos de los medios de comunicación de Euskadi. Pero no están al mismo nivel. La meteorología es una ciencia; las témporas son una superstición, aunque tengan arraigo y demanda populares.

    Halere, nik ere badut kontutxo bat edo beste zuzentzeko gogoa. Ez dut zalantzarik egiten maisu horiek bakoitzak bere zientzia badakiela, gauzak eta kontuak oso garbi dauzkatela bakoitzak bere terrenoan. Baina, besterenetan, oraindik badaukate zer ikasia. Adibidez, superstizioa zer den igoal jakingo dute, ustez, baina oraindik alderditxo bat, inportanta, nire ustez, falta zaien zalantza sortu dit idatziak. Bi bider baitator bertan superstizio kontuori, eta bukatzean ere, creencias espurias baitiote. Ea puntutxo pare honekin osatzen duten jakitate herrentxo hori:

    Super-stitio, latinetik, falsa devoción, culto mal orientado.

    –La superstición es la desviación del sentimiento religioso y de las prácticas que impone. Puede afectar también al culto que damos al verdadero Dios, por ejemplo, cuando se atribuye una importancia mágica a ciertas prácticas, por otra parte, legítimas o necesarias. Atribuir su eficacia a la sola materialidad de las oraciones o de los signos sacramentales, prescindiendo de las disposiciones interiores que exigen, es caer en la superstición (Catecismo de la Iglesia católica, 2111).

    Nik dakidala, koarta-tenporei ez diet topatzen ezer superstiziozkorik. Balute –eta nire burua kultu-gizontzat daukadanez– konfesionariotik pasatu beharko nuke, Elizak xuxenki, guztiz xuxenki jokatzen erakusteko guraria ohi duenez, hala egin baitu kontu honetan ere.

    Beste zalantza bat ere sartu zait: koarta-tenporak zer diren ere, igoal, ez dakitela zientzialari hauek. Hori aitortzetik hasi eta igoal elkar ulertuko genuke, edo bederik, elkar ulertzeko bidean paratuko ginateke.

    2008-04-05

    Ilberri aldrebesa

    Ilberri ttiki apirilekoa, ilargi osoa bezala, kontrako bidetik ibili ohi da. Hiru ilargi negukoek, hirurek ere, patroi berbera erakutsi izan digute: ilbeheran euri gehiena. Udaberrian sartzean, hortxe presente egin da laugarren ilargialdia, besteen kontraka ibiltzea dagokiona: eta bai aurkari atera ere. Ilbeteak ia 300 litro bota eta gero, mantsotu da zerbait ilbehera koxka, eta, lauzpabost egun eguzkidun oparitu eta gero, hemen dator ilberri ttikia, berriz ere bazterrak nahasteko gogoz.

    Gaur, eta bihar bertan ere, txintxo antzean ibiliko da, terrenoari neurriak hartzen bailebilen; asteartetik aurrera, berriz, haizeak erabat nahasten, alde guzietakoei txanda ematen eta bazterrak endredatzen. Goierrin diotenez, haizeen borrokak Arantzazuko fraideen errogatibak baino geiyo balio badu, pentsatzekoa da, partizioa guztiz berdina izango ez bada ere, haize endredo hori euriz portatuko dela, asteko egunik gehienetan. Atlantiko aldean euria erruz ere botako duela espero da: izango da hango sonik. Egunen bat edo beste xuabego ibiliko da, baina fidagaitz denak ere. Apirilak bizkarreratu duen fama halamodukoa, oraingo honetan ere, ez du aise kenduko eta haizatuko. Ikusi egin behar, datorren larunbateko ilgorak txukundu nahiko ote dituen ilberri ttikiaren azioak!

    2008-04-06

    Sobre témporas…

    Jarrai dezagun kontuarekin: 7 maisuek tesi garbia bota ziguten, tenporek tienen valor como tradición y son parte de nuestro patrimonio cultural. Hagan los historiadores y antropólogos estudios sobre ellas y consérvense en un museo, junto con refranes y descripciones de Basajaun, eta sintesia ondorioztatzen zuten pero no es cabal permitirles ocupar un lugar destacado en la información meteorológica del siglo XXI.

    Sintesiari buruz nekarren iruzkintxoa aurreko asteburuan leiho honetan: mezularia isiltzeko biderik laburrena bozgorailuetan tarterik ez ematea omen da eta. Aspaldi entseatu urratsa dute hori. Tesiarena, berriz, ironiaren gatz-ozpina kenduz gero, edozein tenporazalek onartuko du. Kontua, ordea, museoan paratzen ere ez digutela uzten. Argi dezente, asko eta luzea beharko luke aurreko horrek baieztatzeko, eta hobe dut utzi, oraingoz.

    Esango dut, halere, 24 urte daramatzadala, aurtengoarekin, hasiera batean ez ikusten eta ez onartzen nituen koarta-tenporak aztertzen. Hain gutxi da idatzirik, eta hain eskasa dagoentxoa! Baina, egia da, bestalde, hain hedatuak (hedabiderik gabe bazen ere) eta hain zabalduak izan eta egon zirenez, denean dituztela erroak eta oihartzuna. Baina, itaundu ahala, argibiderik apenas. Nik bildu eta ikasi dudana, neure kasa izan da. Ez naiz irten kanpaiak jotzera. Jakin nahi izan duena bila etorri da. Hori ere debekatu behar ote zaie kazetariei? Beste kontu bat da balio ote duen lanak. Ez dakit. Min ematen didana, arbuioa eta kontra nabarmenena, justu, jakintzaren aldetiko gizaseme prestu maisuengandik nozitu beharra. Ez al diote, bada, hagan estudios sobre ellas y consérvense en un museo? Argitaratu nahi izan nuenean (nuenean esan dut, propio), hiru aldaba jo nituen. Egia da, ez zaidala behin ere laguntzarik ukatu, baina eman ere ez, ezta xentimorik ere. Zain eta zain, hilabete asko, urte pare batetik gora egon naiz. Honezkero, alferrik izanen da. Museoko erakustalditxo txikiekin konformatuko naiz, eta, agian, konformatu beharko duzue.

    2008-04-07

    Rekienttiki bat

    Luma multzo harro hazi grixarreak eraman dizkit bi begiak eta askoz gehiago, oraintxe eguerdian. Susto estuasun ittoak lotu dit eztarria, ahots-mutuka saiatzeraino. Nire lagun egunerokoa, goiz-goizean bezala arrats ilun luzatuagoan elkarri diosalaren ondoan, uuhu!-ka eta uuit!-ka, kontu asperrezinetan solastatutako lagun lumaguria, gertutasun miresturiko nire hontza, plazoletaraino etorri baitzitzaidan sarri antzean, nire lagun eguneroko hontz luma harroa, sasi gainean eraila. Bideko hartxintxatxoak ingurura botaz, begiondotara hegalari zihoazkion euli-mandoak uxatzen saiatu naiz. Ezin nuen uuhuu! trixte bat ere eztarritik atera.

    2008-04-09

    Apirila indartzen

    Aldakor portatzen da apirila eta areago ilargialdi berexi honetan. Halere, eguna zabaltzen eta eguzkia goititzen doala, udaberri sapa nabarmenduz doakigu zuhaitz eta landareetan bezala, moxorro eta azienda, hegazti eta narrazti ia denetan. Sugandila bera, sugelindara deitzen diote beste herri zenbaitetan, eguzkiak berotu harkaitzari xapa-xapa itsatsita ikusten da, begi argi, zelatari. Sugandila bat norbaitek hilez gero, biharamunean euria. Hala esan ziguten mutikotan, eta bere horretan ikasi genuen. Beste mitxirrika eta pinpilinpauxekin ere berdin: ez zuten nahi gure aitona-amonek biziduntxoen kontrako aziotxoak egiteko joerarik txikitatik jaso genezan. Udaberri bizi berdetan iratzarritako animaliatxo eta xomorro guztiak, amona mantangorri eta tximeleta koloretsuak, horiek guztiak ziren gure ehiza-gose trakets gaxtea asetzeko behar genituenak. Nolabait hazi behar genuen eta geure buruak hezi ere bai.

    2008-04-13

    Kafe-musean

    Gaur bazkalondoan, harrikoak egin eta kafe orduan pattar eske sumatu dudanean gure Ermano Baserritarra, aibala esan diot neure buruari, gaur badik honek pentsamendu sakontxoren bat….

    Hasi zaigunean hasi, lera aldats behera nola, halaxe zihoan pendizean behera, erreka-zuloan plauuussta! noiz joko:

    –Ezagutu nian nik, zuek ere bai zaharrenok, musean jotake sutsuan aurrena eta ke sutuan gero jokatzen zuen padre Jesus bizkaitar hura. Hark eskua beti luzatua erdiko baba ttiki haietara. Jo enbido txikian!, eta, inork nahi bazion ere, hark beti baba ttikia berera. Gero, irabazten bazuen, beste bi; galdu bazuen, bat jasota zegokean aurrez betiere. Pareetara jotzen bazuen, beste horrenbeste: Euki! esan ziotela, berak tantoa etxera! Baten batek alto emanez gero, Aaa, estaba distraido. Hari distrazio propial horiek partida asko irabazarazi zizkiotean. Hori duk benetako museoa, hori!

    –Zee? Guggenheimekoaz ari al zara?

    –Aaa, ez, ez! Nik museoa beti kartetakoari esan zioat. Aaa! Bilbon ere etika sartuko zitean eta! Etika baita erregearen hirugarren alaba. Aurrena, alaba zaharrena hartu zitean, Demokrazia omen zuena bere grazia. Hainbeste demokrazia eta demokrata detodalavida, demokraziaren mamia eta edukia puta baten antzera erabili zitean, asmorik zikinenez, zekenki. Hala, erabat hustuta, ahaztu genuenean haren mami gozo gordina, fuera!, bigarren alaba ekarri zitean: Koherentzia omen zian honek izena. Esku zikin eta asmo batere ez garbiekin, izorratu zitean goitik behera, beti koherentzia besteei eskatuz, eta, akabo! Fuera koherentzia ere. Azkenaldian, hirugarren alabarekin zabiltzak denak: doña Etika gora eta Etika santa behera! Eta azkenean, zer? Demokrazia gabeko etika, aizue! Koherentzia zipitzik ez duen etika! Ez gizatasun eta ez duintasun izpitxorik duen etika!

    Sermoia txalotu dionik ere izan da. Deskantsu ederra hartu du gure Ermanoak. Siesta ongi bota omen du. Eskerrak!

    2008-04-16

    Denak lagunak

    Hala ditu denak gure Ermano Baserritarrak. Badaki, halere, behar bezala eta komenientzien neurrian bakoitza bereizten.

    Lagun-zahar deitzen die handiki nahiz politikariei, kargudun denetarikoei, hala gotzain nahiz alkate-mundukoei, edo telebistan azaldu direnei… hor ziak nire aspaldiko lagun-zaharra, esango du, nahiz eta inoiz ere ez hitz egin eurekin.

    Lagun handi deitzen die gorputz hazia duten guztiei, gizena disimulatu ezinik dabiltzan horiei propialki… hemen duzue nire lagun handia (edo nire lagun handiena).

    Lagun min deituko die gaixo nahiz erietxean ingresaturik daudenei: Zer moduz dago nire lagun mina?.

    Lagun projimoa deitzen dio, jantokian eta, bere ondoan eseri denari edo hala egokitu zaionari: Lagun projimo ona diat gaur, edo antzerako amuarekin lotuko du solasa.

    Lagun ttikiak deitzen die, berriz, gazte taldeei orokorrean. Baina, batez ere, aziotxoren bat egin duten borrokalari eta endredadore horiei.

    Saguzar lagunak, aldiz, mozorroturik ikusten dituen guztiei, hala ibaiaz behereko poliziteriari nola hemengo ertzain jendeari: Hor dituk nire lagun saguzarrak!.

    Gaur gosarittikikoan, kaletar izatez beti harro eta AHTren aldera azaltzen zaion laguna egokitu zaio lagun projimo. Atzo ere, Bilbon, egin dutela aziotxoa zure lagunttikiek, eraso dio gure Ermano artean pentsakor zebilenari.

    –Bai, nik ttikitatik ikasi nian: Haize gaizto gaixorik nahi ez bada, atea zabaldu ahala, itxi agudo bere tokian. Horrelako leherketekin ez diagu gauza onik: eraiki beharrean, irauli!… Baina, hik, Y greko horrek, adi ezak garbi hau: hik ere ikusiko duk, eta agian ikasiko, sator erraldoien bidez zulatutako hainbeste menditatik haize gaizto frantsesak eta hego haize gaixo espainolak, nolako ziztuan gurutzatuko zaizkigun, korriente korriente, hemen gurean. Orduan, ahal duenak euts biezaio bere euskal arnasa aire sanoari, gaixotu gabe, gaiztatu gabe, eta kutsatu gabe.

    2008-04-18

    Ondo pentsau xat

    Carme Chacon, gurean Karmel mendiko Karmen karmaduna izango zatekeena, soldaduen artera joanik azaldu zaigu asteburu honetan. Pasadizoa berexi samarra iritzi lekiguke lehen puntuan. Berak esanak, ordea, mami azkarritsu eta mardula eman dio bidaiari. Zapaterok ministerioaren berri eman zidanetik, nire haurdunaldia zuekin eta zuen artean sentitzea deliberatu nuen. Bai, Karma. Laster ezindua izango

    Enjoying the preview?
    Page 1 of 1