Discover millions of ebooks, audiobooks, and so much more with a free trial

Only $11.99/month after trial. Cancel anytime.

Surf
Surf
Surf
Ebook168 pages1 hour

Surf

Rating: 0 out of 5 stars

()

Read preview

About this ebook

Ibilbide baten kronika da Surf. Bitakora-koaderno jakin batekin itsasoratu eta olatuek beste portu batzuetan barrena eroan dutenaren bidaia-kronika. Makrotik mikrora pasatzen denaren plazeraz idatzia, gai txiki, apain, kutunei buruz jardutearen plazera, berba potoloen zama behingoagatik bazter utzita, eta, idatzi ahala, norberak esanikoa norbere baitan leku egiten sentituz.
LanguageEuskara
PublisherAlberdania
Release dateJan 1, 2011
ISBN9788498682953
Surf

Related to Surf

Related ebooks

Reviews for Surf

Rating: 0 out of 5 stars
0 ratings

0 ratings0 reviews

What did you think?

Tap to rate

Review must be at least 10 words

    Book preview

    Surf - Aitor Zuberogoitia

    Surf

    SURF

    Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen,

    guero dantzan, edo dantza ondoan

    alberdanian.

    J.B. Agirre

    Bilboko Udalak antolatzen duen Miguel de Unamuno XI. Saria irabazi du liburu honek

    © 2011, Aitor Zuberogoitia

    © Azal eta diseinuarena: 2011, Antton Olariaga

    Unai Pascualen argazki batean oinarrituta

    © Edizio honena: 2011, ALBERDANIA,SL

    Plaza Istillaga, 2, bajo C. 20304 IRUN

    Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55

    alberdania@alberdania.net

    Libenet, S.L.-ek digitalizatua

    www.libenet.net

    Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-272-4

    Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-295-3

    Legezko Gordailua: S.S. 261/11

    SURF

    Aitor Zuberogoitia

    A L B E R D A N I A

    S A I A K E R A

    Eñaut eta Itzeari

    HOTSA ETA ARDAILA BAINO HARAGO

    Hans Castorpek jarraitu egin zuen:

    —Berehala itzuli ahal izango zara nirekin. (…)

    —Berehala zurekin? —galdetu zuen lehengusuak (…)—. Berehala? Noiz?

    —Hiru aste barru.

    —Hori ere badugu! Dagoeneko pentsamenduarekin hanka egiteko prest? —erantzun zuen Joachimek—. Zaude, gutxienez, apur batean; heltzea besterik ez duzu egin. Guretzat, hiru aste ez dira ezer hemen; baina zuretzat, bisitan zatozen horrentzat, hiru aste, azken batean, denbora-puska ederra da. Has zaitez, bada, hemengotzen; ez da hain erraza, igarriko diozu. (…) Badakizu, hiru aste barru itzuliko naiz behealde hartako ideia da. (…) Azken kontsulta orokorrean oraindik beste sei hilabeterako neukala esan zidan. (…)

    Hans Castorp, haserre, jesarlekuaren tapizeria gogorraren gainean aztoraturik zebilen.

    —Sei hilabete? Dagoeneko ia badira eta sei hilabete hemen zaudela! Ez dago horrenbeste denbora xahutzerik!

    —Oh, denbora! —egin zuen oihu Joachimek (…)—. Hemen jendearen denborarekin hartzen dituzten eskudantzien berri bazenu… Ez zenuke sekula santan horrelakorik pentsatu ere egingo. Hiru hilabete, haientzat, egun bat beste dira. Ondo baino hobeto ikusiko duzu. Horretaz guztiaz ohartuko zara. (…) Hemen iritziak aldatu egiten dira.

    Thomas Mann, Der Zauberberg

    Jardun arbitrarioa da oroimenarena. Soziologia ikasgaiko eskola batean esan ziguten (oroimen demontreak traiziorik egiten ez badit behintzat) gogoratzen ditugun gauzak gaur egungo geure egoera justifikatzeko oroitu ohi ditugula modu horretan; hau da, iragana berreraiki egiten dugula gure orainaren argitan, gaur egungo gure estatusari zentzua (eta bedeinkazioa) emate aldera. Arrisku hori neure gain hartuta ekin diot lerrook zirriborratzeari. Ekin nion behar nuke esan ekin diot beharrean, lau urte eta erdi baitira dagoeneko oharrak hartzen hasi nintzela; 2007a amaitzearekin batera utzi nion ordenagailuko artxibo hau elikatzeari (2008ko apirilean eta abuztuan zirriborraturiko telegrama batzuk izan ziren salbuespena).

    Bizipenak, bihozkadak, gogoetak… Horrelakoak jasotzea zen hasiera bateko asmoa, kontu makroak aldikada batean bazter utzi ahal izateko eta ñabardurei gehiago erreparatzen hasteko. Horixe eskatzen zidan barruak. Tesi-moduko bat ere banerabilen buruan, laster azalduko dudan bezala. Hori da, ordea, maiz gertatzen zaiguna: errealitatea teoria ustez perfektuen hesi artean zarratzen saiatzen gara, baina gero errealitate edo eguneroko edo dena delako temati horrek erakusten digu hezigaitza dela, sailkaezina, eta han doa ihesi gure teorien zirrikitu geroz eta nabarmenagoen artetik.

    Hasierako asmoa bat zela eta oharrek (eta ohar-egilearen bizitzak) gero euren bide propioa jarraitu zutela, azken batean. Baina utz ditzadan ondorioak geroagorako eta lot nakion oroitzapenen hari meheari.

    2004ko Urteberri egunaren biharamunean zabaldu nuen artxibo hau ordenagailuan. Ordukoak berrirakurtzen hasita, Gabonei buruzko ohiko topikoen zerrendarekin egin dut topo (abian da honenbestez iraganaren berrinterpretazio-lana): urtea hasi zela mendebaldar askorentzat, egun hura ziurrenik anekdota hutsa izango zela judu, arabiar, hindu, txinatar eta beste askorentzat, eta, egia esan, anekdota zela geuretzat ere, erritualak batzuentzat izan zezakeen indarra gorabehera…

    Behin puntu horretara helduta, beste topiko batzuei eginiko erreferentzien ostean (kontsumokeriaren feria neurribakoa, aurreko egunetako oturuntza eta betekada absurduak), ohar berezi bat ageri da (esaldi topiko batzuekin hasten dena, bide batez esanda):

    Bitxia da ikustea zenbateraino markatzen diguten hedabideek agenda, eguneroko hizpidea; are: hizpidea ez ezik, gure pentsamendu, asmo eta ekimenak ere goitik behera baldintzatzen dituzte. Elkarrizketaren bidez partekatzen dugun erreferentzia-sorta komunak eusten dio azken batean errealitate deitu ohi diogun horri, eta hain dugu barne-muinetaraino sartua elkarrizketagaiak baldintzatzen dituen agenda hori, hain da handia bozgorailu horien matraka, ezen azkenean norberak ere, betekadetatik erabat errekuperatzeke oraindik, oharkabean ia, urte hasi berriari begirako asmo onak zerrendatzeari ekiten dion. Zerrendatzea esatea gehiegi esatea da beharbada, baina, edozelan ere, ohikoa da urte abiatu berrirako asmo bat edo bi markatzea (ñimiñoak akaso, baina desafio izaten jarraitzen dute, euren txikitasuna gorabehera).

    Craig lagunak diostanez, ingelesez new year’s resolution esan ohi zaie horrelakoei. Berak egin zuen iaz berea: euskara ikastea; ez du urtea amaitzerako erabat gauzatu, baina ezin gauzatze bidean denik uka. AEKn ibili da, eta, gramatika dezente kontrolatzeaz eta polito idazteaz gain, berbetan ere geroz eta hobeto moldatzen da. Neuk ere, gutxiago izan gura ez eta, aurten neure new year’s resolution propioa osatu dut: lasaiago bizitzea, edo, gauzak bestemoduz esate aldera, neure bizitza-erritmoa jaistea.

    Intuizio baino gehiago konstatazio zen sentipen batek sustatu zuen asmoa: presaren, abiada zoroaren gizarteaz hausnartzeko behar batek (barne-barnetik sumatzen nuen premia ia fisiko batek), hain zuzen. Garai hartan (baita gaur egun ere, abiada zorabiagarri hau gorabehera gauzak funtsean ez baitira hainbeste aldatzen) zaborrarekin gertatzen ari zena paradigmatikoa, ezin argigarriagoa begitantzen zitzaidan: egunkarietako berrietan argi ageri zen zaborra arazo bihurtua zela agintarientzat, ez zekitela horrenbeste zamarrekin zer egin; haatik, beste kasu askotan moduan, arlo horretan ere inertziak indartsuegiak ziren (dira) eta, lan gutxiago egin, gutxiago kontsumitu eta produktuak birziklatu eta berrerabilita lasaiago bizi beharrean, zoroen modura ekoitzi eta ekoitzi jarraitzen genuen (dugu), eroen pare lanean, bazterretan nagusi diren mantren oihartzunak (ora et labora, tanto tienes tanto vales) erabat barneraturik.

    Gisa horretako oharrak hartuz jarraitzen nuen bitartean, nerabe nintzela telebistan bota ohi zuten The Fall and Rise of Reginald Perrin serie zelebre hura nerabilen gogoan: kontsumo-gizartearen erretratu krudel bezain zehatz hartan protagonista aberastu egin zen hutsaren hurrengo ziren munduko produkturik absurduenak salduz (hala iragartzen zituen gainera: Ezertarako balio ez duten produktuak).

    Erich Frommek maisuki deskribaturiko sintomez ere idatzi nuen zer edo zer: izatearen ordez edukitzea lehenetsi duen gizartearen alienazioaz eta askatasunaren beldur garen gizakion handitasun ñimiño eta miseria txikiez, eta zelan yoga irakasleak eta masajistak lanez lepo zebiltzan, eta eurak ez ezik baita psikologo eta psikiatrak ere, eta jendeak larriminaren mapa zeukala marrazturik aurpegian, eta azti, igarle eta tankera guztietako sasiterapeutak erruz topa zitezkeela bazterretan…

    Horregatik guztiagatik, eta ezein aldaketa norberarengandik abiatu behar dela erabat sinetsirik, keinu pertsonal xume baina garrantzitsu baten premia nekusan. Astiroago bizitzea hobeto bizitzeko gakoetarik bat zelakoan, hori jarri nuen nire new year’s resolutionaren oinarrian: aurrerantzean egunero egunkariak irakurtzeari utziko nion eta, ahal zen neurrian behintzat, albiste eta sasialbisteen gurpil zorotik aldenduko nintzen, habea eta lastoa ganoraz bereizteko baino ez bazen ere.

    Camarón-en me estoy quitando hura gogoan, pauso txiki baina esanguratsu batzuk etorri ziren ondoren; gogoratzen dut eskumuturretik erlojua kentzea izan zela horietan lehena. Perspektiba apur bat eduki gura nuen, eta, zurrunbilo erotik apur bat aldenduta, hobeto bizi.

    Serio antzean hartu nuen kontua; horrenbesteraino non, epaile-soinekoa jantzita, txarto iritzi bainion hurbileko ama batek 12 urteko bere alabarentzat Olentzeroren opari modura eginiko hautuari: eskuko telefonoa ekarri zion alaba nerabeari, zergatik eta ia lagun guztiak segapoto banaren jabe zirelako ordurako, eta gogoan dut hautu ganorabakoa begitandu zitzaidala.

    Gai horrekin loturiko beste ideia topiko samar batzuk ere apuntatu nituen garai hartan; komunikazioaren gizartearen paradoxaz idatzi nuen, baina egungo begiradak ez du ezer originalik topatu orduko lerroetan: inoiz baino komunikabide eta garraio-azpiegitura hobeak genituela (bai behintzat auziari egun gailen den eraginkortasunaren ikuspegitik erreparatuz gero), baina jendea inoiz baino bakartiago sumatzen zela, herri eta auzoak inoiz baino desintegratuago, eta hori guztia gertatzen ari zen bitartean une oro, minuturo, segundo oro komunikatuta, mezu-jasotzen egon beharraren histeria hedatzen ari zela bazterretan, telefono-etxeen irabazi ikaragarriak haziz eta haziz zihoazen ber.

    2004 hasieran kaleraturiko berri bat ere azpimarratzeko modukoa zela iruditu zitzaidan: trafiko-istripuak itzelean hazi ziren 2003an. Datu ofizialen arabera, 79 lagun hil ziren Nafarroan eta 176 Euskal Autonomia Erkidegoan. Izurritea, ordea, globala zen: Nazio Batuen Batzar Orokorrak 2003ko otsailean argitara emaniko txosten batek zioenez, 1998an bakarrik 1.170.694 lagun hil ziren munduan zirkulazio-istripuek eragindako zaurien ondorioz.

    Izurriteari aurre egin guran, zirkulazio-kodea aldatu eta zigorrak gogortu zituzten Espainian[1]. Irrati, webgune, egunkari eta telebistetan hizpide nagusi bihurtu zen gai hori urte hasieran. Kezkaturik ageri zen jendea, eta hedabideetako tertuliakideak zigorrak gogortzeaz edota errepide hobeak egiteaz mintzo ziren (lehen ere gutxi geneuzkan nonbait).

    Ondo gogoan dut, horrekin loturik, zelan kontu batek arreta eman zidan: inor gutxik galdetu zuen zergatik baimentzen zuten gobernuek eurek ezarritako gehienezko abiadura aise gainditzen zuten autoen fabrikazioa, inor gutxik kritikatu zuen indarrean zen mugikortasun eredua… Horrenbestetan aipaturiko Madrilgo adibidea zetorkidan gogora: zirkulazio-arazoak konpontze aldera, hiria inguratu zuen M-30a egin zuten estreina, eta txiki geratu zen, egin zuten M-40a ere, eta hura ere txiki, baita ondorengo M-45a ere, eta haren atzetik etorritako M-50arekin berdin, eta bidean zetorren M-60a, amaierarik gabeko hazkundearen logikan bete-betean murgilduta…

    Gerora, hiru urte geroago, mugikortasun-ereduari buruzko aipu interesgarri hau irakurri nion Pello Zubiriari[2]:

    Mundu osoa bizi da dagokion baino gehiago kenduz planetari, New Economics Foundationek kalkulatu duenez. (…) Hori bai, munduko biztanle guztiek nahi balute Britainia Handikoen bizimaila gozatu, orduan 3,1 planeta beharko lituzkete. (…)

    Britainia Handiak iaz pastel gauzetan (galleta, opil eta abarretan) 586 tona esportatu zituen, eta aldi berean beste 669 tona inportatu. Goxokitan Suediara zehazki 1.445 tona esportatu zituen eta 1.632 inportatu handik bertatik.

    Enjoying the preview?
    Page 1 of 1