Discover millions of ebooks, audiobooks, and so much more with a free trial

Only $11.99/month after trial. Cancel anytime.

Itzuliz usu begiak
Itzuliz usu begiak
Itzuliz usu begiak
Ebook413 pages3 hours

Itzuliz usu begiak

Rating: 0 out of 5 stars

()

Read preview

About this ebook

Hizkuntza atzerritar batetik euskarara "itzuliz usu begiak" egiten dute lan itzultzaileek, hizkuntza biziberrituz gai eta aire orotarikoez, sorkuntza aberastuz, euskarak inoiz imajinatu ez dituen egoerak eta munduak izendatuz, sistema literarioa indartuz. Baina itzulpenik gabe, beste hizkuntza bat dugu, ez euskara, literatura unibertsalaren munduan ibiltzeko bidaide. Itzulpenik gabe, beste hizkuntza batetik hartzen ditugu literatura unibertsalaren testuak eta erreferentzia historikoak, beste hizkuntza batean bilatzen ditugu berrikuntzak ere. Itzulpenik gabe, beste hizkuntza batetik jasotzen ditugu munduak munduaz esandakoak, beste hizkuntza batean asetzen dugu gure egarri kultural noranahikoaren guztiz gehiena. Argi dago, ezinago argi: itzulpen faltak ondorio latzak dakarzkio euskal sistema literariori eta euskarari.
LanguageEuskara
PublisherAlberdania
Release dateFeb 3, 2020
ISBN9788498685435
Itzuliz usu begiak

Read more from Anjel Lertxundi

Related to Itzuliz usu begiak

Related ebooks

Reviews for Itzuliz usu begiak

Rating: 0 out of 5 stars
0 ratings

0 ratings0 reviews

What did you think?

Tap to rate

Review must be at least 10 words

    Book preview

    Itzuliz usu begiak - Anjel Lertxundi

    SARBIDEA

    Ibon Sarasolak Bitakora kaiera argitaratu zuenean, liburu hau asmo hutsa zen nire baitan. Seguru asko ez nuen gauzatuko, zeren burutik pasatzen zaizkigun kontu gehienen abelerak irentsiko baitzuen nire asmoa ere, baldin Sarasolaren liburuak animatu ez banindu han-hemen hartuak nituen apunteak elkarren ondoan jartzera. Baneukan liburuaren hezurdura izan zitekeen oinarrizko materiala ere: Bitakora kaiera argitaratu zen urtean, baina hilabete batzuk lehenago, itzulpenari buruzko hitzaldi bat eman nuen Bilbo Zaharreko Forumean. Handik urte bira beste hitzaldi bat eman nuen Bizkaiko Foru Aldundiko liburutegian gai beraren inguruan. Errekuperatu nituen gaiaz argitaratuta neuzkan testu labur batzuk, batez ere Berrian. Aldi berean, gero eta diziplinatuago, testu berriak idazten hasi nintzen literatur itzulpengintzak euskararentzat duen garrantziaz. Liburuan guztiz gehienak dira.

    Eskuetan duzun liburua ez da itzulpenari buruzko tratatu teoriko bat, itzulpenak sistema literarioan duen garran­tzia markatzea du helburu. Azken hogeita hamar bat urtean euskaratu diren obra nagusiak eta ez hain nagusiak izan ditut bidelagun, haiek euskal sistema literarioari dakarzkioten onuraz ari naiz liburuan barrena. Ez dut exhaustibo, zurrun, preskribatzaile jarduteko asmorik izan: saiakera literario bat da Itzuliz usu begiak, hau da, saiatu naiz izan dadin irekia, iradokitzailea, esperientzia pertsonaletik idatzia.

    Sorkuntza, itzulpena eta irakurketa dira sistema literario baten hiru habe nagusiak, eta habe bat baldin bada zango­-motz, sistema osoak egiten du herren. Itzulpenik gabe, irakurleak —idazleak barne— ez dauzka etxeko sorkuntzak baino bere hizkuntzan. Itzulpenik gabe, beste hizkuntza bat dugu, ez euskara, literatura unibertsalaren munduan ibiltzeko bidaide. Itzulpenik gabe, beste hizkuntza batean hartzen ditugu literatura unibertsalaren testuak eta erreferentzia historikoak, beste hizkuntza batean bilatzen ditugu berrikuntzak ere. Beste hizkuntza batetik jasotzen ditugu, halaber, munduak munduaz eta gutaz esandakoak, beste hizkuntza batean asetzen dugu bereziki gure egarri kultural noranahikoa. Horrek guztiak ondorio latzak dakartza euskal sistema literariora eta euskarara.

    Ertz askotariko auzia da, akordeoi bat bezala zabal­tzen dira eta biltzen halako gai bati buruzko musikak eta oihartzunak, eta liburuaren egileak ezin dantza egin musika eta erritmo desberdin guztien atzetik, kontaezinak baitira melodia erakargarriak. Eskuetan duzun liburuari dagokionez, prosa itzuliaren eta sorkuntzaren arteko joan-etorri eta erronden ispilu-jokoaz ari da bereziki. Erabakiak baditu zergati arrazoizkoak bezain logikoak: batetik, azken urteotan prosazko literatura itzuli da gehien, nobela batez ere. Bestetik, narrazioaren terrenoetan egin dut nik lan ugariena, eta huraxe lehenestea iruditzen zitzaidan logikoena. Aldez edo moldez, beti saiatu naiz gogoan izaten itzulpengintzak zer nolako onura dakarkion sorkuntzari, zer euskarari, zer nire lanari.

    Baina prosaren belazeetara mugatuta ere: akordeoiak soinu eta aukera asko ematen segitzen du, eta hor ere aukeratu egin behar zertaz eta nondik jardun. Tonu eta gai askotako testuak dira. Teselak deitzen diet, itzulpengintza literariori buruzko mosaiko pertsonal bat ematea izan baita nire asmoa. Nire gustuak eta sena, logika pitin batekin zipriztinduak, izan ditut itsu-gidari mosaikoa diseinatzeko orduan, eta prosaren belazeetan atzera-aurrera ibili arren, Literatura Unibertsaleko bilduman zentratu naiz bereziki. Ez, ordea, egon ez dagoelako iniziatiba pribatu inportanterik, baizik eta eiziek gidatzen duen proiektuak helburu duelako jada klasikoak diren obra erreferentzialen itzulpenak argitara­tzea. Nolanahi ere, ez ditut argitaletxeetako programazioak eta emaitzak baztertu. Halaber, egin ditut sartu-irten labur batzuk poesian, oso gutxi saiakeran eta haur literaturan. Tamalena zait mintzagai izan ditudan itzulpen eta itzultzaileak ez direla inondik ere liburura ekartzea merezi zuten bakarrak. Aipatzen ez ditudanak ere orriotan daude itzultzaile batek larrutik nozitzen duen anonimatuan. Nire begiramenik zintzoena haiei ere.

    Buruan izan dudan irakurlea literaturzalea da, ez bereziki literaturan aditua. Irakurtzeaz aparte, literaturaren joan-etorriak eta aroztegia interesatzen zaizkiona, euskal sistema literario sendoagoa estimatuko lukeena, jatorrizko prosa ona bezala gozatzen duena prosa itzuli ona ere. Liburu bat itzulpena edo originala den galdetu ere egin gabe irakurtzen dugu gaztelaniaz edo frantsesez. Zorionez, ez dira jada hain rara avis joan-etorri bera euskaraz eta nahiko normaltasunez egiten hasita dauden irakurleak.

    Halako lan batean beti sortzen dira kitatu ezin diren zorrak. Idazkuntzaren jira-bueltetan lagun izan dut, beste hainbatetan bezala, Inazio Mujika Iraola, dakien askotik zalantzak argituz, zuzenketak eginez, iritziak emanez, beti eskuzabaltasun osoz. Lagun izan ditut Karlos Cid Abasoloren animuak lan honen lehen borradoreak pasatu nizkionetik. Egun gris ezin ederrago batez Oria ibaitik zetorren aire konplizea sentitzen ari naiz oraindik, Eskarne Mujikaren eta Bego Montorioren konpainian, liburu honen berri ematen ari nintzaiela. Esker oneko zerrendatxo honetan ezin ditut aipatu gabe utzi Juan Garzia eta Juan Kruz Igerabide ere: biengandik ikasitako asko dago liburuan. Azkenerako utzi dut lehen zorra, Ane eta Leire alabek emandako sosegurik gabe ez zen liburu hau kalean izango.

    A.L.

    V

    ITZULIZ USU BEGIAK

    A

    Adieren pisatzailea

    Hegazkina lurra hartzera doa Varsoviako Chopin aireportuan. Berbelitz jaunak itzulpenari buruzko galderak errepasatu ditu enegarren aldiz; gero, eskuko poltsa batean gorde ditu polonierazko originala, itzulpena eta baita Moleskine beltz bat ere, nahiko betea idazlearekin komentatu nahi dituen kezkekin, zalantzekin eta beste hainbat galdera eta xehetasunekin. Hegazkinetik jaitsi, maletatxoa hartu hatuen zintatik eta dirua aldatzera joan da mostradoretxo batera. Euroaren eta zlotyaren arteko korrespondentziak begiratu ditu diru-aldaketen panel batean. Zlotya jaitsi egin da, itzultzaileak ez du diru askorik galdu nahi, eta pare bat egunetan beharko duen diru doia aldatu du. Taxia hartu du legala dela ziurtatu eta gero, eta ez aurretik tarifaz galdetu gabe. Ez zuen lanbiderik onena hautatu diruaren kezka uxatzeko, eta aspaldi ikasi zuen adi ibiltzen sosak aldatzerakoan.

    «Diruarekin bezalatsu ibiltzen naiz hitzekin ere. Neurria hartzen!», pasatu zaio burutik.

    Taxilaria hitz urriko gizona da, Berbelitz jaunak ez du aukera handirik poloniera entzuteko. Eta taxiak ordu erditik gora beharko du idazlearen etxe aurrera iristeko. Errepidearen ezker-eskuin, lautadak, behe-laino zerratu batek erdi itsutuak. Bigarren aldia da Berbelitzek bide bera egiten duela, bietan lagun baten etxea du ostatu. Begiak itxi ditu.

    Itzultzailea da Berbelitz. Hitzen eta adieren pisatzailea. Sarri baliatzen du irudia, hitzak eta adierak prezisioko balantza batean pisatzen imajinatzen du bere burua. Horixe esaten dio entzun nahi dion guztiari. Adieren pisatzailea dela. Eta Elene izeneko lagun bati gertatua kontatzen du. Ama hil berri, Klasikoak saileko Montaigneren Entseiuak iii tomoa hartu zuen lagunak, beste askotan bezala, bertako pasarteren bat edo beste irakurtzeko. Kapituluen izenburuak errepasatzen ari zela zer irakurri erabakitzeko, Dolu egiteaz izeneko izenburu bat topatu zuen indizean. Zuzen-zuzen jo zuen bertara, begiak bertako letretan erre beharrez. Handia izan zuen dezepzioa. Original frantseseko izenburuak dio Du repentir. Damuaz ari da Montaigne, egin ez den zerbaitek edo gaizki egindakoak sortu ohi duen atsekabeaz. Dolores Picazok adiera horixe jaso zuen gaztelaniazko itzulpenean: Del arrepentimiento. Eduardo Gil Berak, ordea, Dolu egiteaz deitu zion kapitulu berari. Zein da misterioa? Originaleko repentir hitzak damua esan nahi duela euskaraz, baina baita dolua ere. Gil Berak zergatik ez zuen damu eman? Ia atzo goiza arte, dolu hitza damuaren adieran erabili izan delako nagusiki. Gaur, ordea, bigarren adiera, heriotza batek eragindako atsekabearena, gailendu da euskaraz, eta bestea, aldiz, oso bigarren mailara pasatu.

    Berbelitzek horiek eta horrelakoak esan zizkion adiskide dolutuari:

    Gil Berak testuaren garaiari erreparatuko zionan seguruenen –esan dio Berbelitzek– eta ez gaurko erabilerari. Bi erabakiak ditun, noski, zilegi, ez diten testua traiziona­tzen. Horrelako milaka erabaki hartu behar izaten ditinagu itzulpen batean. Itzultzaileon lana dun.

    Berbelitzek horixe du lanbide: adierak pisatzea. Ez zaio bere profesioari deitzeko modu zehatzagorik bururatzen. Eta itzulpengintzaz ematen dituen solasaldietan, adibide bera jartzen die beti ikasleei:

    Dirua itzultzeak gauza bakarra esan nahi du, stricto sensu behintzat; liburu bat itzultzeak gutxienez bi. Ez, itzuli guztiek ez dute beti adiera bera. Ezta traducir guztiek gaztelaniaz. Polonierazko tłumaczyc´ guztiak ere ez dira beti testu bat hizkuntza batetik bestera ekartzea. Agian harritu egingo zarete, baina itzuli hitzak hogeita hamar adieratik gora ditu euskaraz, ez da txantxa! Casanova ohetik ohera nola, adiera batetik bestera ibiltzen gara gu hiztegietan.

    Azken apasta bota eta gero ikasleen arretari eusteko, fotokopia bana luzatzen die solasaldira joan diren ikasleei:

    Ea, lagunok, itzuli testu hau gogoko duzuen hizkuntza batera eta laster konturatuko zarete zer den adieren pisatzaile izatea.

    «Itzuli handi bat eman nahi izan nion ni jaio nintzen auzoari, bi urte lehenago abandonatu nuen etxera itzuli aurre­tik…», errezitatzen hasi da ikasleei, fotokopiak bana­tzen dizkien bitartean.

    Ikus

    Adieren testa ~ Barbaroen zain.

    Adieren testa

    «Itzuli handi bat eman nahi izan nion ni jaio nintzen auzoari, bi urte lehenago abandonatu nuen etxera itzuli aurretik. Deabru joan nintzena aingeru itzulita nentorren. Ai, itzul ahal baneza iragan denbora, atera zitzaidan Leteren esaldia barru-barrutik. Zakarro fama dut, baina itzuli azkarrekoa naiz, eta, etxe aurrean, une hartan malko parea itzuli zitzaidan begietatik behera. Masail bustiak lehortu eta bi dobletan itzuli nuen musuzapia. Astiro igo nituen etxeko eskailerak eta itzulia eman nion giltzari. Begi-itzuli azkarrez errepasatu nuen pasillo luzea. Beste itzuli baten falta nabarmentzen zitzaion neska-lagun ohiak eta nik azken elkar-adiskidetzean eman genion pinturari. Baina gure auziaren itzulia zen gero eta aiseago pipertzen ginela, eta neskak nirea ez bezalako itzulia zuela haserrealdietan: problemei aurrez aurre begiratu ordez, itzulika ibiltzen zen, eta nahigabezko itzuli eta imintzioak egiten zituen.

    »Pilatzen ari zitzaizkidan oroitzapen txarrak uxatu nahirik, pasilloaren erdian itzuli nintzen, ez nuen-eta berriro edan nahi laster itzultzen den ardo txarretik: ez, munduko itzuli eta ondasun guztiak ez dira deus patxadazko bizitza baten itzulian.

    »Bat-batean, pozezko jauzi txiki bat egin eta itzuli oso bat eman nuen airean, eta esker oneko irrintzi bat itzuli nion etxera itzularazi ninduen bizi berri bat hasteko bulkadari».

    Ikus

    Adieren pisatzailea ~ Barbaroen zain.

    Aholkua

    Gutxi itzuli dut, damu dut gutxi itzuli izana. Lehendabiziko itzulpena euskaratik gaztelaniara izan zen. Poesia. Juan Mari Lekuonaren hainbat poemaren itzulpenak ziren Aguilar argitaletxeko antologia baterako. Hemeretzi urte nituen. Esperientzia estimulagarria izan zen, eta, handik aurrera, urte askoren ibilian, neure gobernamendurako itzultzen nuen, ariketa gisa, luma trebatzeko, gaztelaniatik euskarara gehienetan, italieratik euskarara aldian behin, baina argitaratzeko asmorik gabe. Garai hartan gutxi itzultzen zen, eta itzulpen deigarrienak antzerkiak ziren. Gustatzen zitzaizkidan gauza batzuk euskaratzen ibili nintzen, beti prosa, horretan ikusten nuen nire burua. García Márquezen La hojarasca itzultzen aritu nintzen uda batez, ariketa gisa baino ez. Halaxe ibili nintzen Martin Ugalderen Las brujas de Sorjin euskaratu nahian ere, berak halaxe eskatuta, baina laster etsi nuen (nola euskaratu izenburua?). Cesare Paveseren La bella estaterekin ere aritu nintzen. Beti uda partean, ariketa gisa beti.

    Itzulpenaren ospe eskaseko giro hartan, zertarako halako lanak hartu, ez bazen nire estiloa trebatzeko? Baina orduan ez neukan horren kontzientziarik. Aldian behin itzultzeko bulkada sentitzen nuela, hori da guztia, eta, jakina, orduan ez nintzen itzulpenak guretzat duen garrantziaz jabetzen.

    Handik urte askora etorri zen, nahiko berandu, liburu oso baten nire lehendabiziko literatur itzulpen argitaratua: Apuleioren Urrezko astoa izan zen, Juan Kruz Igerabiderekin batera itzulia latinetik. Esperientzia pizgarriaren ondotik, ibili ginen esaten bi urtez behin klasiko bat itzuliko genuela latinetik, baina ametsek hegan egiten dute eta egunerokotasunak ibilera astuna du. Orain urte gutxi, Susakoek eskatu zidatenean nire gustuko poeta baten antologia itzulia Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratzeko, Montaleren proposamena egin nien. Hobeto uler dadin erakutsi nien ausardia: eman zidaten urtebeteko epea askitzat jo nuen nik. Laster konturatu nintzen epe guztiak direla labur horrelako lan bat burutzeko.

    Kontatu dudanaren haritik, bada: idazle izan nahi duen gazte (edo ez hain gazte) batek aholkua eskatuko balit zer egin behar lukeen bere estiloa lantzeko (nekez gertatuko zait horrelakorik), bi gomendio egingo nizkioke: esango nioke izateko irakurle handia (ezinbestekoa izango du itzulpen asko irakurtzea), esango nioke itzultzeko literatura ona.

    Segidan, bigarren aginduaren gainean jardungo nin­tzaioke, eta esango nioke itzultzeko diziplina handiarekin, baita argitaratzeko esperantzarik ez balu ere; esango nioke hartzeko itzultzeko praktika, itzulitako testuak tiradera batean gorde beharra ez dela inoiz denbora galdua; esango nioke itzultzea entrenamendu aparta dela estilo propioa trebatzeko; esango nioke ausartzeko testu sentsorialekin, ironikoekin, koloretsuekin; esango nioke idazle handi askok txandakatu dituela sorkuntza eta itzulpena.

    Stendhalek kode penala imitatuz trebatu zuen estiloa. Nabokovek, bereak ez ziren hizkuntzetan idatziz findu zuen berea. Baudelairek, hiztegia behin eta berriro aztertuz. Arestik Axularren Gero osoa eskuz kopiatuz… Baina itzulpenarena da biderik ibiliena. Cortazarrek zioen idazle izatera «sartu» aurretik itzultzailea izan zela, batek ekarri zuela bestea. Ugari dira bide bera egin duten idazleak. Gurean ere bide beretik Gabriel Aresti, Joxe Austin Arrieta, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia, Patxi Zubizarreta…

    Idazle gazte batek aholkua eskatuko balit eta hasiko banintzaio esaten itzultzeko literatura ona, izateko adieren neurtzaile, ikasteko itzultzaileen zehaztasunetik, saiatzeko itzulpengintzaren arragoan oso eraginkorra delako estiloa lantzeko, hartaraino iritsiko banintz, halako batean, inori kasurik egiten ez nien garaiak etorriko litzaizkidake burura, barregarri tristea sentituko nintzateke gaztearen aurrean, eta ahaztuta neukan konpromisoren baten aitzakian, garagardoak ordaindu eta tabernan abandonatuko nuke gaztea, eta, etxera bidean, pentsatuko nuke zer egiten duen idazle gazte batek aholkuak eskatzen, zer idazle xahar batek idazle gazte baten errukia bildu nahian…

    Aipuen ehiza

    Aipamenen ehiztaritza ere ez da egiteko alferra, inork ez baitu deus ezerezetik ateratzen, beti behar izaten baitira gidariak eta sostenguak.

    Koldo Mitxelena,

    Euskal idazlan guztiak

    , iv

    Begi-bistan dagoen kontu nabarmen bat aitortzeak ez du meritu handirik: aipuen ehiza gustatzen zait. Patakonen gisa dabilen bide-lapurra naiz irakurketen bideetan, eta orri batean zein bestean irakurritako esaldi deigarriak azpimarratzen ditut liburuetan, apuntatzen ditut libretetan. Halako orritan, eztandazko kontsistentzia duen esaldi bat; airearena baino xuxurla are finagoa duena, beste batean; esanahiaren atea zabal-zabalik uzten duena, hurrengoan…

    Hiztegietan le mot juste baten bila ibiltzen naizen modu bertsuan ibiltzen naiz auskalo zeini non jasotako la citation juste baten bila. Aipuei argudioak deitzen die Arestik –argumentum auctoritatis klasikoaren bidetik–, eta ez dago gaizki esana, aipu batetik tiraka hasten garenean guk baino jakituria gehiago duen pertsonengana jotzen baitugu guk dakiguntxoa sendotzeko.

    Arestiren kasuan, argudioak badira argi-iturriak ere. Bere arrazoiketan argi egin eta bere posizio intelektuala ulertzeko arrasto nagusiak. Argudioak debatea pizteko, argudioak debatea oinarritzeko. Argudioak berak, debate. Arestik debatea piztu nahi zuen, kontzientziak eskandalizatu, helburu aratz batekin: aurreko aro kulturala klausuratu nahi zuen eta berri bat inauguratu.

    Aipuak –argudioak– akuiluak dira pentsatzeko; estimuluak dira, topikotik ihes egin eta beste bide batzuk saiatzeko. Aipu bat izan daiteke diskurtsoa ibaiertz batetik bestera daraman zubia; arnasaldi bat ere izan liteke testu bihurri baten erdian; norabide aldaketa ekar diezaioke idazten ari garenari; lustrea eman dezake, arnasa, epaia…

    Gutxien espero denean, zentzuaren eztanda halako bat eragiten duten aipuak zaizkit erakargarrienak. Bidelagun onak dira esan nahi denaren alde egin dezaten, ideia bat indartzeko, nork bere prosa auzoaren koloreekin dotoretzeko. Autoreak balia dezake aipu bat punching-zaku baten gisa ere, bai irakurlea probokatzeko, baita probokazioak eragin ditzakeen balizko erreboteen kontra entrenatzeko ere. Eta, zergatik ez?, aipuek asko dute miresmenezko omenalditik, eta informazio ugari ematen dute aipu-ebaslearen pentsamenduaz ere: zerbait esan nahiko du Nietzsche asko eta Camus gutxi aipatzeak; eta alderantziz.

    Aproposak dira, halaber, manipulatzeko, tranparako, testuinguruaren lardaskarako ere. Aipuak zuri esaten zuen tokian beltz pintatzeko. Horixe arriskua, zernahitarako balio dezaketela. Aipuak badu beste arrisku bat ere, Montaignek ondo zehaztu zuena: «Beste batek lehenago ondo esandakoa gero okerrago esatea». Bigarren batek hirugarrena ere eska­tzen omen duenez, hona beste arrisku bat, oraingoa Ambrose Biercek Deabruaren hiztegia liburuan zehaztua: «Beste norbaiten hitzak oker errepikatzea». Alegia, jatorrizko iturrira jo ordez, kontrastatu gabeko aipu aizunen batekin fidatzea, aipuaren egilea traizionatuz.

    Bada bizio bat, ugaria eta lotsarik eragiten ez duena baina bai hutsegite asko, eta oso urruti dago itzulpen-praktikaren deontologia sano batetik: bizioa da aipuak testu bitartekarietatik hartzea, ez jatorrizko testuetatik. Aipuaren testuingurua ezagutu gabe. Horrela jokatuta, ez da hain bitxia ere aipu bat erabiltzea jatorrizkoan daukan zentzuaren guztiz kontrara.

    Nolanahi ere, baliabide artistiko bat da aipua, metafora edo deskribapen baten izaera literarioa izan dezake, eta, ondo erabiliz gero, oso egokia da ez soilik zerbait indartzeko eta koloreztatzeko, baizik bereziki testuaren belozitatea aldatzeko, noiz erritmoa bizituz, noiz itotzeko zorian zegoen paragrafoari arnasa emanez.

    Ikus

    Aipuen kontrastea ~ Axularren baxu-erliebeak ~ Borrokarako armak ~ Familia zoriontsuak ~ Katea ez da eten ~ Motibazioa.

    Aipuen kontrastea

    Mantso ibili aipu historikoekin, Peppone, erantzun zion On Camilok.

    Giovanni Guareschi,

    On Camilo

    Aipu guztiak nork bere komentura ekarriak izaten dira.

    Berbelitz

    ek

    Liburuetan eta prentsan agertzen den aipu asko irakurleok ezagutzen ez ditugun hizkuntzetatik hartua da. Testu hauetan ageri direnak ere halaxe, noski: saiatu naiz euskarara ekarrita dauden liburuetakoak euskaraz ematen, inoiz ihes egingo zidan baten batek.

    Ferenc Karinthy-ren Metrópolis nobela irakurri berri dut gaztelaniaz. Autorea hungariarra da, baina liburua frantsesetik –zubi hizkuntza batetik– itzulia dago gaztelaniara. Frantsesaren aurretik egon ote da beste zubiren bat hungarieraren eta frantsesaren artean? Peut être!, baina ez dut uste. Esaldi deigarri bat azpimarratu dut: «El cerebro sigue funcionándole en punto muerto». Sinplea da esaldia. Frantsesez nola emana ote dago? Eta Karinthyk nola idatzi ote zuen hungarieraz? Hain esaldi laburrak zer nolako décalagea bizi izan ote du hungarieratik gaztelaniara? Inoiz inon aipua emango banu, nolakoa izango da nire bertsioa, nola esango dut punto muerto? (Puntu hila? Geraldia? Geraldi puntua? Loka erabiliko dut –ut!, ut!– Euskalbarreko Elhuyar hiztegiaren bidetik?).

    «Zerebroak geldialdi puntuan segitzen dio funtziona­tzen». Adibidez.

    Ezin dut espresioa kontrastatu originalarekin. Baina gaztelaniako bertsiotik jaso dudan esaldia ondo egokitzen da inguruko beste esaldiekin, paragrafo osoarekin, liburuaren estiloarekin. Aipuak solte edo testuingururik gabe hartzen direnean sortzen da arriskua, forceps batekin bezala aterata daudenean beren kontestutik.

    Aipuek, aforismo liburuetatik hartutakoak ez badira, beti dituzte aurretik edo atzetik beste elementu batzuk aipuak esandakoa argitzen edo hobetzen, ñabartzen edo ukatzen dutenak. Halakoetan, hobe tentuz: testuinguru batetik atera eta beste testuinguru batera eraman daitekeen zentzu-beteko unitate bat da aipua. Zaldubik «Liberté, égalité eta fraternité, hirur egia horiek egia balité» idatzi zuenean, Frantziako Iraultzaren alde progresistenen aurka ari zen Zaldubi; gaur, ordea, frantziar Estatuaren aurpegi erreakzionarioenaren kontra erabili ohi dugu aipua, zentralismo jakobinoa kritikatzeko batez ere.

    Hemingwayri gertatutakoa ere ez da gutxiesteko abisua. Haren aipu baten jiran sortutakoa da eta oso aproposa kazetaritzaren eta literaturaren arteko harremanei buruz mintzo diren testuetarako, batez ere kazetaritza literaturaren ahaide pobrea dela defendatzen dutenen kontra:

    «Kazetaritza lanak ez dio kalterik egingo idazle gazte bati, eta asko lagun diezaioke… baldin garaiz abandonatzen badu».

    Hemingwayk esandako hitzak dira, baina bere testuingurutik ateratakoak. The Paris Review aldizkariak hainbat idazle handiri egindako elkarrizketak argitaratu zituen 1953-1963 urte bitartean. Tartean, Hemingwayri. Kazetariak galdetzen dio bertan:

    «Zuk gomendatuko zenioke kazetari lana idazle gazte bati? Zuri zer moduz joan zitzaizun Kansas City Staren egindako kazetari-lana?».

    Eta Hemingwayk erantzun:

    «Starren behartuta geunden adierazpenezko perpaus labur soilak idaztera. Ikasketa horrek edozeinentzat balio du. Kazetaritza lanak ez dio kalterik egingo idazle gazte bati, eta asko lagun diezaioke… baldin garaiz abandonatzen badu».

    Baina Hemingwayk erantsi zuen beste zerbait ere, baina beti aiputik kanpo geratzen da:

    «Horra hor gehien errepikatu eta lardaskatu dugun topiko bat, eta barkamena eskatzen dut bertan erortzeagatik. Baina galdera zahar gastatuak egiten direnean, beti dago erantzun zahar gastatuak jasotzeko arriskua».

    Pasatu da mende erdi baino gehiago Hemingwayk adierazpenok egin zituenetik, baina oraindik ere normala da aipua han-hemen ikustea. Bigarren partea kenduta, ordea.

    Aipu edo esaera edo aforismo bategatik topiko bat dela esanda, zer balioko luke halakoak? Xehetasuna ez da bizi ditugun garaion ezaugarria: xehetasunetan hasteak denbora kentzen dio mezulariari eta, batez ere, indarra kentzen mezuari.

    Ikus

    Aipuen ehiza ~ Axularren baxu-erliebeak ~ Borrokarako armak ~ Katea ez da eten ~ Motibazioa.

    Airean zintzilik

    Buruan bueltaka darabiltzat bi hitz magiko, azti­--formula bat: Mendebaldeko kultura.

    Imre Kertész,

    Ni, bestea

    Itzulpenek, komunikabideek, Internetek eta turismoak esku-eskura jarri digute mundua. Gero eta lausoagoak dira kultura nazionalen mugak; etxetik adina informazio datorkigu kanpotik, urrutitik, globalizazioren bihotzetik bezala aldirietatik ere; berehala jasotzen dugu munduko bazterrik bazterrenean egiten ari direnaren berri; tradizioa ez da jada iturri bakarrekoa, norabide jakinekoa… Euskal idazle bat aise egon daiteke hurbilago Italian edo Danimarkan egiten den literaturatik etxekotik baino.

    Garai zaharretan, ordea, gerrak eragiten zituen joan-etorri artistiko nagusiak: Espainiatik Italiara gerra egitera joandako soldadu-poeta dezente italico modoz idatziz itzuli zen etxera: gaztelaniazko poesia irauli zuten. Chaucerrek gerran zebilela ezagutu zuen tradizio frantsesa. Von Chamissok, Peter Schlemihl-en istorio miresgarriaren egileak, soldadu garaian entzun zuen, euskaldun baten ahotik agidanez, itzalik gabeko gizonaren istorioa. Solferinoko bataila napoleonikoak oinordetzan utzitakoa da (ustez) Elizanbururen Solferinoko itsua bertso-sorta. 36ko gerraren memoriak Neronek tirako nizkin kontakizun autobiografikoa idazten jarri zuen Sebastian Salaberria. Martin Ugalderen exilioak gaztelania trebatzera behartu zuen, eta hartan egindako ahaleginak onura handia ekarri zion euskarazko bere idazkuntzari… Aipatu horien guztien atzean, hala moduzko itzulpen-jarduera bat dago aldez eta moldez.

    Kuriosoa egiten zait –eta baita izuz hartzekoa ere– hortik aise sortzen den aierua: «Gerrak izan ez balira, Europako tradizio kulturala zer ote litzateke gaur…».

    Tradizio kulturala gerren bidetik, horra jorratu gabeko alor etekintsu bat…

    Airean zintzilik gelditu den ozpin mina uxatu nahi, eta izan dadila ukendu Juan Díez de Betanzosi Pizarrorekin gertatua. Pizarroren itzultzailea zen Betanzos, bitartekari lanak egiten zituen Moktezuma enperadoreak bidalitako mezulariekin eta baita Moktezumarekin berarekin ere. Enperadorearen adiskide egin zen Betanzos, eta laster haren espioi fama barreiatu zen Pizarroren soldadu-aldretan. Pizarrok, aieru gaiztoz, gerran jarri nahi izan zuen beste soldaduen galga berean. Betanzosek protesta egin zuen ia ahapeka:

    Señor, es que yo no vine a guerrear, sino a traducir.

    Ikus

    Bi

    Enjoying the preview?
    Page 1 of 1