Discover millions of ebooks, audiobooks, and so much more with a free trial

Only $11.99/month after trial. Cancel anytime.

Susmaezinak
Susmaezinak
Susmaezinak
Ebook258 pages2 hours

Susmaezinak

Rating: 0 out of 5 stars

()

Read preview

About this ebook

Aurreko mendeko laurogeiko hamarkadan gaude. Hemerotekan-eta berunezko urtetzat ezagutzen diren haietan. Iparraldean, ETAko iheslari errefuxiatuek aterpe bilatzen dute, eta hori baino gehiago ere bai. Hegoaldetik ihesi joandakoez gain, Iparraldeko militanteak ere badira erakundearen sareetan, baita hainbat komando aktibotan ere. Horien artean, luzaroan ibiltari aritutako komando bateko kideak dira eleberriaren protagonista nagusiak. Ez bakarrak, ordea. Protagonista baitira, halaber, komandoaren ekintzek sorturiko biktima ugariak. Protagonista dira sarraskiek eragindako erreakzio askotarikoak, gorrotoa, etsipena, dolua, tristura, sufrimendua… Protagonista dira, halaber, batzuen eta besteen argudio eta kontrargudioak, gezur itxurako egiak, egia itxurako gezurrak. Protagonista da, funtsean, giza kondizioa, bere loriak eta miseriak agerian. Fikzioa baita, maiz, kronika modurik zintzoena.
LanguageEuskara
PublisherAlberdania
Release dateFeb 3, 2020
ISBN9788498685343

Related to Susmaezinak

Related ebooks

Related categories

Reviews for Susmaezinak

Rating: 0 out of 5 stars
0 ratings

0 ratings0 reviews

What did you think?

Tap to rate

Review must be at least 10 words

    Book preview

    Susmaezinak - Itxaro Borda

    I

    Herri hau itsaso sakon bat zela erran zuen poetak.

    Itsaso guztiek bezala, batzuetan haserre altxatzen da lehorrak kolpatuz, eta besteetan, lasai eta azala leun dakusagu, hondartzak amultsuki laztantzen. Aldi berean, gozo eta zakar.

    Putzu atlantikoaren ertzeko gure herria ere halakoxea da. Jendeak halaber, aldi berean ez baldin bada, aldian aldika, gozo eta zakar harilkatzen dira. Gehienetan irri egiten baldin badute, bakarretan, kolera gorriak akuilatzen ditu eta nehor ez da ifernu horretatik salbatzen.

    Nehor.

    Euskaldunek orokorrean, beren buruak beti gerran irudikatzen dituzte: historiaren zilborretik, ohorea, hitza eta lurra salbatzeko borrokatu beharra zegoen. Etsaiak ez baitziren gutxienekoak. Kontestu sorginduan, biolentzia garatzen zen eta horren kontra ekiten genuen, itsuki eta askotan ondorioak neurtu gabe. Ez zen erraza, doloreak eta sufrikarioak setiatzen zuen lurraldea, jasan eta eragin minetik at atxikitzea…

    Bizitzeak bere gaitzak ekartzen dituela errepikatzen da. Dudarik gabe. Ez dugu filosofo handi izan beharrik horretaz jabetzeko. Perfekziorik ez dago, ez munduan, ez eta gure bazter euritsuetan. Zaharrek zioten bezala, frankotan, nahi bezala baino, ahal bezala bermatzen ginen, hutsak eta noizbehinka justuak ez ziren urratsak eginez. Goizetan, musika zakarrak entzuten genituen, kemena zainetara isurtzeko eta eskailerak lasterka jaitsiz, gerlari pazifiko antzera ateratzen ginen etxeetatik karriketara.

    Damu soila aitortzeak ez du munta handirik. Gauzak horrela pasatu ziren eta ez da iragana aldatzen ahal. Zurrunbilo ilun batean gatibu aurkitu ginen eta horrek eraman gintuen, uste ez genuen lekuetara, bortizkeria politikoa, adibidez, isilik onartzera. Egoera negargarrian gaudela, zalantzarik ez: mende erdi batez zakar ibilirik, gozo plazaratzera iragan gara, gozo horrek mikatzetik anitz duen arren. Egunerokoa eramaten dugu, sekula deus gertatu ez bailitzan. Tapizaren azpian gordetzen da errautsa, inork ez duela ikusiko esperoan.

    Hausnar bitxi horietan nenbilen, Felix Sutarregi, etako ekintzaile ohia, hogeita hamar urte baino gehiagoz preso egonik, kalean zegoela irratian entzun nuenean. Notiziak ikaratu ninduen. Zirrara hotza nabaritu nuen bizkar hezurrean gora. Eskuak torratu nituen. Alta, giroa jabaltzeko tenorea zen, denentzat. Legearen arabera, gizartearekiko zorra ordaindua zuen eta gizon adindua, bakean uztea tokatzen zitzaigun. Gainera, ez zuen elkarrizketarik eman eta prentsak ez zigun bere zuzenbiderik salatu.

    Berria hautematean, izpiritua itsasoaren sakontasun abisalean behera zihoakidala, durduzatu nintzen, berunezko laurogeiko hamarkadara bulkatu ninduelako, ostiko zainart batez. Inarrosi ninduen. Hunkitu erraietaraino. Orduan nintzen pertsona mutu eta herabea oroitu nuen eta ez nin­tzen neure buruaz sobera harro. Funtsean, ez nekien zer pentsa. Burumuina, salda nahas eta ustel bat bilakatzen ari zitzaidan, ezintasunaren eta ukamenaren artean hautatzeko gai ez nintzela.

    etako errefuxiatuak, iparraldeko karriketan eta ostatuetan gurutzatzen genituen, solastatzen eta ardura, haien eskubideen alde ateratzen ginen manifestatzera, samurtasun izpirik ez zuten polizia lerro ilunen kontra. Felix Sutarregiren atxiloketak harritu gintuen guztiak. Susmatzen ez genuen beste mundu bat bazen, erakundearen ageriko bahearen gibelean: Felixek ustez kudeatzen zuen Erauntsi komandoarena, demagun, eta euskal zirkuluetatik harago, Frantzian barna hedatzen zen sustengu sare zabalarena.

    Baionako tabernetako izkina tepuetan, apalik mintzo zirenen ahotik adituak genituen aintzinako beste komando ibiltarien aipamenak, iparraldeko militantez osatuak. Atentatuak Espainian obratu eta Frantziako muga gainditzen zuten, klandestinoki, bizirik eta salbu etxean gerizatzeko. Ongi zainduriko sekretuak ziren, eta nerauk ere, askoz gehiago ikasi dut azken urte hauetan, 2011ko urriaren 20ean, etak bakea unilateralki dekretatu zuenez geroztik.

    Felix buru zuen lau kideko taldearekiko sineste eta fantasma franko badabil airean oraindik ere. Epaituak izan ziren, batzuk Frantzian eta besteak Espainian. Komando odoltsua suertatu zela nehork ez du ukatzen. Biktimen familia ugariren oldarra aise konprenitzen da eta konprenitzeko indarrik egiten ez duena fede txarrekoa da. Alor honetara iristean, poetaren erranetatik biziki urruti gabiltza, itsasoaren eta kulpa sentimenduaren hondoan igeri, hain zuzen ere. Hondartza mentala bihurtzen da honezkero, pentoka lerrakorra, irristakorra.

    Militante horiek nola eraman zezaketen horrelako bizitza bikoitza? Gerra hotzaren garaiko espioien joan-jinak ezagu­tzen genituen, geltokietako kaietan eskuratu nobela merkeei esker. Edo serial killer deitzen genituen haienak. Pertsonalitate biren artean zebiltzan, behin gizon plantako, langile, behar bezalako eta ilargi beteko gauetan, hiltzaile anker eta amazulo. Felix Sutarregi arrastatua izan zela jakin genuenean, figura literario horiek jazarri zitzaizkigun garunaren tarratatzera: guk ez jakitea normala zen, baina posible zen Felixen eta bere lagunen sendiek deus ez asmatzea? Hain kameleoiak izatea, nortasunak finkatzera derrigortzen gintuen sozietate batean?

    Hamarkada urruti hartan ez nien galderei erantzunik eman. Itsasoari begira higatzen nituen orduak, misterioa argitzen lagunduko ninduen zantzuren baten bila, edo bederen, aiduru. Denborarekin, debaldeko kezka hau ahantzi nuen, Felix Sutarregi kartzelatik jalgi zen udaberri goiz hartaraino. Ilaunetan ito sua berpiztu zitzaidan.

    Biharamunean, Bilbora beharra nintzen, konfiantzazko adiskide batengana, Anselm Kieferren Guggenheimeko erakusketa eta arrastirian Mentxu jatetxean urdekiz eta gaztaz asetzea helburu.

    Carmenen sukaldean ginen. Argizaiola baten azpian. Ahapez hitz egiten. Ardo beltza zurrutatzeak aditzak libratu zizkigun:

    –Atzo, aske utzi zuten Felix Sutarregi…

    –Ezezagun ospetsu bat?

    –Ez arras. etako Erauntsi komandoko buruzagia zen. Atentatuak fronteraren eskualde honetan egiten zituzten eta berehala iparraldera bueltatzen ziren. Hamabi urte iraun zuen istorioak, hurbilekoen eta salatari saldoen gordean. Gizon eta emazte sozialak ziren, anartean, estimatuak, maitatuak. Bizitza doblea eramaten zuten. Bazauzu?

    –Badakust, artekatu zuen irriz Carmenek, badakust nobela baten ardatza daukazula hor. Interesgarria izan daiteke. Lanjerrik ez da?

    –Ba pentsa! Fikzio gisa tratatzen baldin badut, egiazko pertsonaietatik zeharo bereiziz, benetako gertakizunen aztarnak ezabatuz, zer edo zer lortzen ahalko nuke… zer diozu?

    Isiltasuna egin zen gela hertsian. Carmenek infusioa ekarri zidan, ketan. Ez zuen hitzik ateratzen. Ni ere, ez nintzen ausartzen. Begiak zerratu nituen: eleberria idatzia bezala zen, amerikar telesaila entzutetsuen hariari egokituz osatuko nuen, ekintzak, odola, amodioa, zartagailuak, lana eta duplizitatea uztartuz eta ezkonduz.

    –Zergatik ez duzu nobela arrosa bat izkiriatuko?

    –Carmen! Baduzu burutik? Egitekotan, nirea, beltza liteke, beltza baino gehiago agian, desesperagarria.

    –Ez dut zure obsesioa ulertzen!

    Bilbotik Baionarako autobusean, Carmenen konpainian zizelkatu ideia eroa bazerabilkidan kasko zokoan baltsari. Felix Sutarregi aske zegoen eta nik, berdin, belaunaldi baten izenean, iragan dorpe horrekiko aske senditzeko, idazki batez distantzia lantzeko xedea nuen. Eskizofrenikoak bilakatuak ginen, non ez genuen identitate anizkoi arazo bat gure artean. Erauntsi taldekoak alta ez ziren eri, arazo psikologikorik ez zuten, alderantziz, bazekiten zehatz eta zergatik bazebiltzan gauez, herioa ereiten.

    Balizko objektibotasuna zaintzera helduko nintzenez ez nekien arren, nobela zen baliabiderik zoharrena nire irudira, egiazko istorioa kontatzea hots, alegiaren hitz eta perpausek irun oihal uherrean troxatuz: edozein lekutako atentatuak eredu berekoak ziren, gaur egun terrorista deitzen diren ekintzaileen zereginak halaber, alde bateko zein besteko biktimen zauriak betikoak diren bezala.

    Politikariek, beraien esku dago, senda bitzate etaren mende erdiko bilakaerak ireki zauriak. Idazleek, aldiz, publikatua izateko esperantzarik ez duen ezkutuenak barne, beren bidea urra dezatela, literatura dela medio, itsasoaren pare, zakar ala gozo, bost axola, gerra garai haietako tematikak eta gertakariak ahalik lasterren birziklatuz.

    Carmeni hitz eman moduan, aste oroz, kapitulu bat bukatu eta igorriko nion irakur zezan. Bere oharrak hartuko nituen gogotik, testuan gero aldaketak ekartzeko. Ez nuen argitaratzeko izkiriatuko. Niretzat baizik, Carmen eta biontzat, non, zer eta nola geunden paperean iltzatzeko. Ezer ez zen sakratua, ez nire lana bistan dena, are gutxiago iraganak utzi zigun herentzia zitalaren mamia. Lehertzen gintuen historiaren gotorlekua lehertuko genuen, elez eta tinta ubelez.

    Herri-itsaso hau fikzio sakon bat zen…

    II

    Polizia nazionalak karrikak itxi zituen bi aldeetatik. Burdinazko barrerak ezarri zituzten jende oldeak masa trinkoan atxikitzeko. Haserrea zen orduan sentimendurik hedatuena. Gizonak ikusten ziren esku muturrak airean eta emazteek orroaz erantzuten zioten bata besteari. Giro latza zen, kale puntako errotondan blokaturiko beribil gidariak berriz abiatzeko berantetsiak ziren eta ahotsak saldoen burrunba elkorrari gehitzen zizkieten:

    –Asesinos!

    Irainen uhina loditzen zihoan eta harri erraldoiaren antzera, barrera lodien atzean metatu bizidunak hausten zituen. Oihuak, intziriak eta aldarriak hautematen ziren, oinarrian zer erran nahi zuten asmatzea neke baldin bazen ere. Ordu hartan, muntarik ez zuen, senezko kexua baitzen bere biluztasunik errealenean agertzen. Ele bakanetan laburbiltzen zen, zauriaren eraginarekiko iritzi publikoa.

    Laster batean, hesien erditik, ehun mila begi parek hiru hilkutxa zekartzaten kamioneta berdeak hurbiltzen jarraitu zituzten.

    –Asesinos! Asesinos!

    Espainiako banderak altxatu ziren. Buruak makurtu eta eskuineko zutoinaren aldameneko gizon talde batek frankismoaren garaiko jestu faxista egin zuen: besoak luzatzen zituzten, muturrak goratzen eta haien aurpegietan, edonork determinazio zerbaiten aztarna irakur zezakeen. Baina hauek ere elizatik at geratu behar izan zuten. Agur frankistak egiten zituztenek telebistetako kamerak eta kazetariak inguruan zeuzkaten. Ez ziren soldaduak, ez ziren poliziak, baizik eta Francoren denborako larderiaren nostalgikoak, medailak papoan ateratzen ziren hiritarrak.

    Arratsetako berri sailetan bihikatuko ziren populu berotu eta amorruz tinkatuaren irudiak. Laidoak, negarrak, esku-mutur goratuak, kopeta apalduak, orotariko itxurak ziren zabalduko, Espainian barrena. Izpirituak, ondorioz, markatuak geratu eta herritarrak, Euskal Herrian izan ezik ez baitziren han atentatuak kondenatzen, eta banda terroristaren aurka azalduko ziren fermuki:

    –Asesinos! Asesinos!

    Hiztegiak murrizten zituen kolerak.

    Zerraldoekin zetozen kotxe berdailak gelditu ziren elizaren atarian. Bandera hori-gorriz estali hilkutxak jalgi zituzten, Valentziako azken atentatuan zendurikoen guardia zibilen lagunek. Ez zuten irririk. Soa huts zeukaten. Bazekiten beraiek ere terroristen jomuga errazak suerta zitezkeela. Handizki armatuak izan arren, ahulak eta geriza gabeak sentitzen ziren. Oldean, katabutak sorbaldetara altxatu eta, musika militarra ozen zebilela, urrats mantsoz aitzinatu ziren katedralerantz. Ez zen dudatzeko tenorea.

    Aldarearen oinetan zeuden hiru kutxak. Aurreko jargietan familiakoak, konkor, bizkarrez. Isiltasuna egiten zenean, negar hipakoak aditzen ziren elizaren barnetik. Minutuak agortzen zihoazen eta emazteek, alabek edo amek eskuak juntatzen zituzten, hezurrak klaskaraziz: semeak, adinaren kalipuan, hiltzaile itsu eta madarikatuek heriora eraman zizkieten.

    Hausnar gogorrak zeramatzaten: herri zaindari soilak ziren eta kasernatik formakuntza tokira bidean harrapatu zituen, zabalik zegoen leiho batetik autobusaren barnera terroristek aurtiki zartagailu indartsuak. Lekukoek, motoz zebiltzan bi gizonezko sumatu zituzten. Abiadura handian. Nola ez.

    Atentatua obratu zuten, zalu eta prestuki. Arratsaldeko lehen orduan, alta, zirkulazioa bazen karrikan, nasaiki. Ez zuten axolarik. Saihets kalte-domaiarik ez zutela eraginen ziur izan balira bezala. Profesionalak irudi zuten. Halakoxeak ziren.

    Jomugaz gain, lau zauritu ere zenbatu ziren. Jende arruntak denak. Erosketa poltsa zartatuetako edukiak sakabanatuak zeuden kaleko harri lauzetan. Egunkarien arabera, kolpatuak larrialdietan ziren oraindik, bizirik geratzeko teman. Atentatuaren bortitzak burtzoratu guztiek espero zuten biktimen kopurua ez zela, denborarekin, handituz joango.

    Jendetza kokatu zen elizan, zenduen ezagunak, sendi ezberdinetakoak eta ezezagunak, milaka, asko. Atentatuaren berria irakurria zuten izparringietako lehen orrialdeetan, edo odolez zipriztinduriko irudiak muturrean hartuak zituzten telebistaren medioz. Mututasun dorpeak bahitzen zuen hiru zerraldoen eta aldarean ehortz meza emateko apailatzen ziren apezen arteko eremua. Eskualdeko abadeak bertan zeuden, ubelez jantziak, doluaren kolorez. Intsentsu usainak hantzen zituen bazterrak. Minaren perfumea.

    Hilak zituzten Guardia Zibil gaien aita-amen aldamenean, Espainiak kontatzen zuen gobernu eta alderdi politikoetako arduradun parrastak kausitzen ziren. Publikoak, bezperan, adituak zituen, guztiz gehienak, atentatua hitz gordinez salatzen, krimena hauek ez zirela gaztigurik gabe utziko aldarrikatzen eta biktimen zinezko kuraia laudatzen.

    Hitz epelak, ikus-entzuleek bazekitelako eta egiazko piztia zela, pulpoaren edo hidraren moldekoa, buru bat ebakitzen zitzaionean beste hamalau ernatzen zitzaizkiola, eta horrela munduaren azkeneraino. Arazoari aterabide bat emateko itxaropen gutxi zegoen, orokorrean, herritarren artean. Etorkizun hurbilean. Indar Armatuen aurkako biolentzia barbaroaren parean, ez zen askorik egiten ahal, etak eta bere sostengatzaileek probokazioa erabiltzen zutelako beren politika nahikundeak bideratzeko…

    Espainiako banderak xingola beltzez hornituak zetozen. Hildako hiru gizonak, une horretan, Espainiako eskualde bakoitzeko hiritar bederaren seme, aita ala anaia izan zitezkeen. Mendekurako deiak bazebiltzan kanpoan gelditutakoen ezpainetatik ezpainetara: norbaitek, armak banatu baldin bazituen, sarraskiari sarraskiaz ihardesteko gutizia ernatuko zen saldo elkar-kitzikatuaren baitan. Gorrotoa, itsuskeria itsuari eman erantzuna izaten ahal zen.

    Bat-bateko pentsamenduak harritu zuen Alfredoren ama adindua:

    –Nire semea Espainiar bakoitzaren seme da… Bizitza eman du libertatearen alde, demokraziaren alde, nazioaren batasunaren alde, Estatuaren destino partekatuaren alde.

    Begiak zerratu zituen. Hainbatetan aditu diskurtsoa errepikatzen zuela ohartu zen. Bihotza urratu zitzaion: eskuineko hil-kutxan zetzan Alfredok hogeita bi urte baino ez zituen eta ofizier eskolan zebilen. Betidanik, mutiko abil eta alai baten maneran ekiten zion eguneroko zereginari. Ama xifrituak ez zezakeen nehoiz imajina horrela bukatuko zuenik. Onartezina zitzaion. Lehertzear zegoen.

    Osaba Juanen urratsetatik erabaki zuen Guardia Zibilaren lerroetan sartzea, bi udaberri lehenago. Andaluzia aldean lan anitzik ez zen eta, itxaropenik gabe zeuden gazte hotz askori Espainiaren zerbitzuak etorkizun zerbait eskain­tzen zien. Alfredorekin batera, Jesus Mari eta Marcial izan ziren atentatuaren biktimak. Lehena, Extremadurakoa zen jatorriz eta bigarrena Madril bertakoa.

    Beste bi ama hautsiengana luzatu zuen behakoa. Ez zuten begirik gurutzatu. Bistan dena, gaizki ziren haiek ere. Negarrez eta bizkarra punpaka. Bera, barne-marmara eroan zebilen:

    –Zenbat min! Zergatik? Zergatik guri? Zergatik gure semeak? Gaur egun, hiru familia gara ukituak, herenegun baziren sei eta etzi, are gehiago. Ez al dute ulertzen bakea dela nahi duguna? Gure mutikoak lanean ziren, ez zuten herra berezirik eta biharko uniformedun soilak zirelako aitza­kiaz horra, hemen daude erailak eta gu betirako dolutan. Noiz arte horrela?

    Emazteak, buru zokoan zebilkion ahots asaldatua isilarazi zuen, aldarean apeza, Jainkoaren izenean hitz egiten hasi zelako.

    –Hemen gaude, Alfredo, Jesus Mari eta Marcial maiteak, gure otoitzekin, azken egoitzara laguntzeko. Ez dira herio naturalez zendu, atentatu salbai baten ondorioz baizik. Ez dezagula sekula hori ahantz! Laxoak dira. Koldarrak. Ez dute kuraiarik, buruz buru gurekin pataskatzeko. Atentatua gaitzesten dugu eta espero dugu laster batean justizia egin dadin.

    Behiala, kanpoan, multzotan ziren eskuin muturreko militanteak oihuz urtu ziren, elizaren zutabeak inarrosaraziz: asesinos, asesinos… eta jendeak, segundo latzean, ez zekien zer egin. Baina apezak eskua altxatu zuen eta isiltasuna hedatu zen berriz, berehala. Soinak makurtu ziren, argizaioletako su mihiak ikaratu.

    Alfredoren amak politikariak zituen bistara:

    –Zer eginen dute hauek, erran zuen bereber, zauria gaizkontzen uzteaz beste? Lagunduko al gaituzte dolorea eramaten. Ama-zurtz nagoela ohartuko dira noizbait? Nola biziko naiz hemendik aurrera? Ez dute ulertzen ama-semeen arteko loturaren funtsa…

    Pentsamenduaren senda kitatu zuen. Hiru hilkutxa zeuzkan begi menean. Barruan, hiru gazte zohar, zentzurik gabeko gerra itsu eta galgarri batean sakrifikatuak. Bilatu arren, berak ere, ez zuen soluziorik.

    –Alfredo… Alfredo… zer uste duzu? Mintzo dira mintzo, farisauak, euskaldun horiei ez zaiela biolentzia bidez eskatzen duten guztia ematen ahal… diote, askatasuna, independentzia, besterik ez dute kaskoan, ez dira gainerako espainol hiritarrak bezalakoak, erabat eta funtsean ezberdinak baizik… eta zuek hemen, hilotz…

    Emazte gaizoak, auhen batean, desesperatzekoa bazela eransten zuen.

    Mateletan, malkoen berotasuna nabaritu zuen. Eskua Marcialen amaren beso gainean pausa zezakeen, bere negarren ildoa ixteko. Baina ez zen mugitu. Doi-doia so egin zion, ezker aldean errautsia zirudien Jesus Mariren aitari. Ama, etxean geratua omen zen, zainetatik eri, lasaigarriz emokatua.

    Nork jasan zezakeen horrelako makur bat? Nork?

    Adineko ama haren gogoetak arrapostu ezaren hormetan apurtzen ziren. Ez zuen, bere mailan bederen, egoera den-mendrenik ere aldatzen ahal. Ahultasun izugarriaz goiti egitear zegoen. Mareatzear. Marcialen arrebak ukaraia tinkatu eta zutik geratzen lagundu zion. Izerdi ttantta hotzak sentitu zituen sudur hezurrean behera, eta ahurrak heze. Eroriko zena? Hustuko zena? Jartzera ausartu zen eta mantelina ekarri zuen aurpegira, une horietan, edonon kausitzen ziren kuriosen eta morbosoen soetatik gerizatzeko.

    Bizkitartean, harramantza erraldoia zetorren kaletik. Protesta zarataren bolumena handitzen ari zen eta elizan zeudenak kutsatzea lortzen zuen. Soldadu zenduen etxekoak itzulikatu ziren eta asesinos, asesinos leloa ozen errepikatzen zutenen aho-uhinak ikusi zituzten, ixten eta zabaltzen, zabaltzen eta ixten, tai gabe.

    Gobernu-buruak elizan elkartu itzal ilunei begiratu zien. Uzkur zetzan, zaindarien erdian eserita. Hitz egiteko premia zeukan, olde izutu eta kexatuen jabaltzeko. Zer erranen zuen, betikoaz aparte: konprenitzen zuela herriaren haserrea eta beren esku zegoen guztia egingo zutela terrorismoaren minbiziaren geldiarazteko, legedia antiterroristak are gehiago indartuz eta erabaki sendoak hartuz. Hitz petralak ziren, bazekien, eta isiltasun mentalera behartu zuen izpiritua. Ez zen mugitu ere egin.

    Hatzak iledian pasatu zituen. Kezkatua zen. Nola sosegatu behar zituen herenegun zenduen familiak, hilkutxen eskuinean zeudenak? Zelan? Zein ziren hitzak? Zerk justifikatzen zuen kasik hiru hamarkada beteko

    Enjoying the preview?
    Page 1 of 1