Discover millions of ebooks, audiobooks, and so much more with a free trial

Only $11.99/month after trial. Cancel anytime.

Nerabeen garrasia: Osasun mentala aldaketa garaian
Nerabeen garrasia: Osasun mentala aldaketa garaian
Nerabeen garrasia: Osasun mentala aldaketa garaian
Ebook377 pages4 hours

Nerabeen garrasia: Osasun mentala aldaketa garaian

Rating: 0 out of 5 stars

()

Read preview

About this ebook

Zer dakigu nerabeen osasun mentalari buruz? Nondik sortzen dira gaztetxoak atsekabetzen ari diren elikadura nahasmenduak, antsietatea, depresioa, autolesioak eta jokabide suizidak? Zergatik geratzen dira hainbeste gazte beren telefonoen amildegi birtualean ordu amaigabeetan kateatuta? Zer sekretu ezkutatzen dira sare sozialen atzean? Ezinbestekoa da aztertzea sare horien benetako funtzionamendua, inpaktu kognitiboa, emozionala eta mentala, eta, era berean, harreman sano bat bilatzea nonahi dagoen teknologia horrekin.
Baina haratago joan gaitezen: zer gertatzen ari zaie gure gazteei? Zergatik ugaltzen ari dira osasun mentaleko arazoak aurrekaririk gabeko mailetaraino?
Merezi du elikadura-nahasmenduen, antsietatearen, depresioaren, autolesioen eta jokabide suiziden labirintoan murgiltzea, haietan inguruneak izan ditzakeen eragin kezkagarriak argitze aldera. Zerk bultzatzen ditu joera kezkagarri horiek? Zeintzuk dira buru-hausgarri honen gakoak? Eta garrantzitsuena: nola lagundu dezakegu?
Liburu honek erantzun nahi die galdera horiei guztiei. Horretarako, egileek planteamendu holistiko batetik jorratu dute gaia, zorroztasun handieneko ebidentzia zientifikoa, lehen mailako profesionalen jakintza eta esperientzia, egiaztatutako tresna praktikoak eta patologia horiei aurre egin dieten pertsonen benetako testigantzak bateratuz.
Planteamendua integrala eta erabat dibulgatzailea da, ulerterraza eta praktikoa, eta tresna praktiko bat eskaintzea du helburu –irakurlearen kualifikazio-maila edozein dela ere–, nerabeen osasun mentalaren mundu konplexua esploratzeko, erronkak prebenitzeko, ulertzeko eta eraginkortasunez heltzeko funtsezko informazioa eskainiz, bereziki eskola-, familia- eta gizarte-esparrutik.
Azken batean, itxaropenerako itsasargi bat eskaintzen du liburuak, eta ekintzarako premiazko deia ere bai, gure gizarteari eta, bereziki, gure nerabeei erronka gogorrak planteatzen dizkien garai honetan.
LanguageEuskara
PublisherAlberdania
Release dateApr 5, 2024
ISBN9788498688771
Nerabeen garrasia: Osasun mentala aldaketa garaian

Related to Nerabeen garrasia

Titles in the series (6)

View More

Related ebooks

Reviews for Nerabeen garrasia

Rating: 0 out of 5 stars
0 ratings

0 ratings0 reviews

What did you think?

Tap to rate

Review must be at least 10 words

    Book preview

    Nerabeen garrasia - Maitane Ormazabal

    1.png

    NERABEEN GARRASIA

    argitaraldia:

    2023ko urria.

    2. Argitaraldi eguneratua: 2024ko martxoa.

    Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza izan du liburu honek.

    © 2023, Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal

    © Argitalpen honena: 2023, ALBERDANIA, SL

    Istillaga, 2, behea - 20304 Irun

    Tel.: 943 63 28 14

    alberdania@alberdania.net

    www.alberdania.net

    Azaleko irudia: Aritz Merino Pérez

    Inprimatzailea: Ulzama (Uharte, Navarra)

    ISBN: 978-84-9868-876-4

    ISBN: digitala: 978-84-9868-877-1

    Lege gordailua: D. 894/2023

    NERABEEN GARRASIA

    osasun mentala

    aldaketaren garaian

    Telmo Lazkano • Maitane ormazabal

    ALBERDANIA

    saiakera

    LEHEN ATALA

    1. Begirada holistiko bat

    I. Norbanakotik haratago

    Inguruak pertsona ororengan du eragina. Testuinguru sozialak gaitasun handia du subjektua definitzeko. Agian uste baino handiagoa. Eta hori da, hain zuzen, ataltxo honetan elkarrekin ikusiko duguna: gure inguruaren ikuspegi ezohikoa, baina aintzat hartu beharrekoa.

    Sozialki ondo ikusia ez den edo gure gustukoa ez den egoera baten aurrean, joera handia dugu zama guztia, erru guztia, erantzukizun guztia, pertsonaren gainean jartzeko. Nahi baino sarriago en­tzun eta egiten dugun zerbait dela esango genuke. Ea adibide hauek ezagunak zaizkizun. Ikasleak emaitza txarrak ateratzen dituenean: «Alferra da…», «Ez du ikasi nahi…», «Motza da…», «Ez du gaitasunik…». Mugikorrarekin denbora gehiegi ematen duen nerabeari: «Nola galdu dezakezu horrenbeste denbora horrekin!», «Ez ahal duzu ganorazko zerbait egin nahi?»... Helduon artean, adibidez, ezohiko gizentasuna duten pertsonen aurrean: «Nola egon daiteke horrela?», «Ez al du bere burua maite?», «Tristea da, gero, horrela egotea!», «Diziplina pixka bat ez litzaioke gaizki etorriko…», «Berak ikusiko du zer egiten duen, gero sorpresak izango ditu»... Berdin drogak kontsumitzen dituen pertsona baten inguruan: «Irtenbide errazena hartu du…», «Nola egin diezaioke hori bere gorputzari eta maite duen jendeari!», «Begira zer eragiten duten drogek, pertsonak suntsitzen dituzte…», «Lanean jarriko nuke nik hori!». Ohiko joera da subjektuarengan jartzea erantzukizun guztia.

    Eta, kontuz, gauza askorekin bezala, norbanakotasunaren printzipioa errespetatu behar dugu, eta, kasu askotan, erantzukizun eta erabaki pertsonalak izango dira faktore garrantzitsu(en)ak. Ez dugu positibismo happy flower gisako batean gelditu nahi, eta norberaren erabakien ondorioak beste bati leporatu. Aurrerago landuko dugu atal hori, sakon. Bada, harritzen eta, aldi berean, larritzen gaituena da, ordea, zein garrantzi gutxi ematen zaion, orokorrean, hain garrantzitsua den testuinguru sozialari eta horrek duen arkitekturaren nortasunari, kasu askotan zenbaterainoko eragina izan dezakeen jakinda batik bat. Agian hori da gure joera ohikoen gakoa, ez garela benetan jabetzen bizi garen arkitektura sozialak gugan izan dezakeen garrantziaz eta horrek nola baldintza ditzakeen gure erabakiak eta gure nortasuna. Eta larritzen gaituen zerbait dela esan dugu, izan ere, kasu askotan, arkitektura sozial hori konpontzeak berebiziko garrantzia du pertsonaren egoera aldatzeko. Beraz, hurrengo lerroetan bestelako begirada bat eskaini nahi dizugu horren guztiaren inguruan. Eraman dezagun praktikara elkarrekin azaldu berri duguna. Ea, bada.

    Galdetuko bagenizu, zerk sortzen duen heroinarekiko adik­zioa, zer erantzungo zenukeen? Irakurtzen jarraitu aurretik, hartu tartetxo bat pentsatzeko. Galdera hau egiten dugun guztietan, erantzun berdina edo antzekoa jaso izan dugu. Sarrien entzun dugun erantzunak honela dio: «Galderan bertan dago erantzuna, ez? Heroina bera. Azkenean, droga baten inguruan kontrolatu ezin dugun behar fisiko bortitz bat da adikzioa, substantzia kimikoak eragina». Erantzun horrek, gogoeta bultzatze aldera, honako hau ekartzen digu, normalean, gogora bueltan: Bai eta ez. Erantzun hori hobetu daitekeela uste dugu, bidezkoagoa izateko. Ikusi dezagun, bada, nola.

    Galdera oso konplexuek ez dituzte erantzun errazak izaten, oro har. Ingalaterran, eta hemen ere bai, ospitaletan, analgesikoak ez direnean nahikoak ebakuntza gogor baten osteko minak arin­tzeko, heroina baino askoz ere adikzio handiagoa sortzen duten drogak erabiltzen dira: fentaniloa (heroina baino 40 aldiz ahalmen handiagokoa), morfina, remifentanilo edota diamorfina, beste batzuen artean. Lehen emandako erantzunaren logika aplikatuko bagenu, paziente horiek guztiek adikzioa edukiko lukete, ezta? Ondo dakigu, ordea, hori ez dela horrela. Zergatik? Adikzioa oso gauza konplexua delako, askotariko faktoreez osatua. Hitz gutxitan: funtsezkoak dira erabileraren zergatia eta modua. Naturalki lortu ezin den plazera sortzeko nahiko maiz erabiltzen bada, orduan, produktu hori adiktiboa bihur liteke (medikuntzan mina kentzeko erabiltzen da, ez plazera sortzeko, eta bizpahiru egunez erabiltzen da, gehienez, dosia oso ondo kontrolaturik normalean; horrexegatik ez da normalean adikzio kasurik gertatzen). Beraz, dagoeneko ikusi dugu hasierako erantzun hura apur bat motz geratzen dela. Bada, hori jakinik, egin behar dugun hurrengo galdera, agian, honako hau da: Zerk bultzatzen du pertsona bat naturalki lortu ezin duen plazer bat sarritan bilatzera?

    Aspaldiko kontua dugu hau. Jaso ohi dugun erantzunaren jatorria ulertzeko, XX. mendera itzuli behar dugu, zehazki Estatu Batuetan argitaratu ziren zenbait ikerketetara. Honela zioten haiek: kontsumitzen den produktuaren konposizio kimikoa da adikzioaren kausa. Ikerketa horiek esperimentu hau dute batik bat oinarri: kaiola batean sagu bat sartu zuten, bakar-bakarrik. Kaiola horretan saguak bi ur ontzitatik edan zezakeen: batean, ur arrunta zegoen, eta bestean, ura heroinarekin nahastuta. Ikerketa guztietan, heroinarekin nahastutako ura hautatzen zuen saguak. Eta hori besterik ez zuen kontsumitzen, gaindosi batek jota hiltzen zen arte (9/10). Hortik atera zuten aipatu dugun ondorioa, eta luze eta zabal zabaldu zen oraindik ere ikusgai dagoen propagandaren bidez (Parthership for a drug-free America).

    Baina lehen aipatu bezala, gauza konplexuek ez dute erantzun sinplerik izaten. Bruce K. Alexander goren mailako psikologoak eta haren taldeak hori pentsatu ote zuten galdetzen diogu maiz geure buruari, orain komentatu berri dugun guztia hankaz gora jarri zuen teoria topatu aurretik. Izan ere, Simon Fraser Columbia Britanicako Unibertsitatean lan egiten zuten kanadiar aditu horiek erabat aldatu zuten ordura arteko ikuspegia, eta gaur egun psikologian dugun ikuspegiaren oinarriak ezarri zituzten, ikerketa ospetsu baten bitartez. Laburrean, Alexander doktoreak, bere bizitokitik gertu zituen drogazaleei buruz gogoeta bat egin ondoren, konturatu zen hainbat ezaugarri zituztela amankomunean: isolaturik zeuden, konexiorik gabe, gizartetik at, bizitzeko arrazoirik gabe, beraien beharrizan psikologiko eta emozionalak asebetetzeko aukerarik gabe. Eta, bat-batean, burura etorri zitzaien: Zaude pixka batean… Sagu hura ez al zegoen egoera berean? Kaiolan, bakarrik, bi ur mota baino ez zituela? Ez zuen beste zer egin, droga kontsumitzea baino? Bere ongizatea eta behar psikoemozionalak asebetetzeko irtenbiderik gabe? Egon apur batez… Zer gertatuko litzateke esperimentua beste modu batera planteatuz gero?

    Ez zuen denbora galdu. Bere lantaldea elkartu, eta inflexio-puntu handi bat eragin zuten ikerketa sorta eta esperimentuak jarri zituzten martxan. Laburbilduz: saguentzat «paradisu» moduko bat izan zitekeen kaiola handi bat muntatu zuten (rat-park deitua). Bertan, beste gauza batzuen artean, saguentzako janaririk onena zegoen, kirola egiteko jostailuak, eta baita sagu mordoxka bat ere. Harremanak izateko erraztasuna, sexua izatekoa eta sagu batek izan ditzakeen bestelako beharrizan guztiak asebeteta zituztela bermatu zuten. Noski, ur arrunta eta heroinaz nahastutako ura ere bazegoen kaiola hartan. Orain, zuretzako galdera: Zure ustez, zer gertatu zen?

    Bada, esan bezala, adikzioaren inguruan zegoen ikuspegia hankaz gora jarri zuen erantzuna sortu zen. Kaiola horretan zegoen sagu bakar batek ere ez zuen kontsumo konpultsiborik izan heroinarekin nahastutako urarekin, eta ez zen sagu bat bera ere gaindosiaz hil. Are gehiago, kaiola bakartietan zeuden eta adikzioa zuten saguak hartu eta «paradisu» horretan sartu zituzten. Ondorioa? Heroinarekin nahastutako ura konpultsiboki kontsumitzeari utzi zioten, eta, besteak bezala, noizbehinka kontsumitzeari ekin zioten. Zehazki, % 75 murriztu zuten kontsumoa.

    Ikerketa hark, eta ondoren etorri zirenek, argi utzi zuten adik­zioa ez zela soilik substantzia kimiko baten eraginaren ondorioa. Gure inguruak, isolamenduak, esperantzarik ez izateak, bizitzari ematen diogun balioak, harreman aberasgarririk eza, gure bizitzen kontrola galtzea… berebiziko rola dute honetan. Horregatik, agian, adikzioren bat dutenekin erabili ohi den «garbi egon» esapidea erabili ordez, aproposagoa litzateke «konektatuta egon» esapidea. Konexio hori, ordea, bi zentzutan ulertu behar dugu: batetik, gure inguruarekin konektatuta egotea, hau da, ditugun harremanen esanahia eta balioa funtsezkoa da gure beharrizanak asebetetzeko. Zentzu horretan, Tim Kasser psikiatra ospetsuak honela zioen: ez dira gauza bera bakarrik egotea eta bakardadea. Bakardadea ez da neurtzen egunero zenbat pertsonarekin jarduten dugun kontuan hartuta, baizik eta harreman horien esanahi eta balioaren bidez. Eta halaxe da, izan ere, ez dago jendez inguratuta gaudenean sentitzen dugun bakardadea baino okerragorik. Eta, bestetik, gure gizartearen arkitekturak berak duen lotura izaerarekin eta helburuarekin: zer duen benetan ardatz, zer bilatzen duen eta hori lortzeko eraikitako estrukturak, hau da, bizi garen tokiaren nortasuna funtsezkoa izango da bertan bizi diren norbanakoentzat. Azken puntu hori apur bat aurrerago landuko dugu.

    Hitz gutxitan, gure beharrizan psikoemozionalak asebeteta izateari edo ez izateari dagokionez, garrantzi handia du guk geuk ditugun harremanen kalitateak zein bizi garen arkitektura sozialaren nortasunaren arabera eraikitako harremanak. Baina, kontuz, horrek ez du esan nahi, hori guztia primeran egonda ere, adikziotik salbu gaudenik; drogen erabilerak beti jarriko gaitu arriskuan (osasunean…), eta heroinaren urte lazgarriak horren adibide garbiak dira, mota guztietako milaka eta milaka pertsonen bizitzarekin amaitu zuen-eta. Baina, bai, subjektuak guk uste baino lotura handiagoa du harremanekin zein inguruaren beraren nortasunarekin, eta, beraz, adikzioak, askotan, kausa baino ondorio izaera du. Gure testuinguruak eta harremanek, neurri handi batean, eragiten dute garen horretan eta egiten dugun horretan, eta, beraz, harreman horien berbideratzea gure egoera aldatzeko bide izango da kasu askotan, baita adikzioen munduan ere.

    Horren guztiaren inguruan batek pentsa dezake oso polita dela paperean. Edota saguak pertsonengandik oso urrun ikusten dituenik ere egon daiteke. Bada, aipatutakoaren zilegitasuna eta praktikotasuna erakuste aldera, Portugalek heroinarekin izandako egoera lazgarriarekin nola amaitu zuen irakurtzeko gonbita egiten dugu. Dena den, oso labur bada ere, Portugali dagokion kasua azalduko dugu jarraian, jakitun izanik zenbateko arriskua dakartzan horrenbeste laburtzeak.

    II. Drogen auzia Portugalen

    2000. urtean, Portugalgo biztanleriaren %1ek heroinaren adikzioa zuen. Portugalek politika hau jarri zuen abian hasiera batean: drogazaleak jazarri egiten ziren, isunez josten ziren, espetxeratu, zigortu, poliziaren errepresioa pairatzen zuten eta sozialki gaizki ikusiak eta seinalatuak ziren, mespretxatuak. Dinamika horrekin, ordea, ez zuten hobekuntzarik ikusi. Alderantziz, joerak gora jarraitzen zuen denborak aurrera egin ahala. Horretan, herrialdeko gobernuak eta oposizioak gai horren inguruan bat egitea erabaki zuten: zientzialarien esku utzi zuten drogaren auzia.

    Gauzak horrela, adituek hartu zuten egoeraren ardura. Egoera sakonki aztertu ostean, plan bat proposatu zuten: erabat aldatu beharra zegoen testuinguru soziala. Alexander doktorearen teoria eraman zuten praktikara: subjektua kaiola bakartitik atera eta ondo eraikitako arkitektura sozial batean txertatu behar zen. Deskriminalizazio-prozesua eraman zen aurrera, jazarpenarekin bukatu, eta pertsona horiek auziperatzeko, espetxeratzeko, lotsarazteko eta baztertzeko erabilitako diru guztia, beren testuingurua aldatzeko erabili zen. Laguntza psikologikoa eta errehabilitatzeko aukera eman zitzaien. Inoiz baino gehiago sustatu ziren prebentzio-jarduerak. Egokitze-programa ahaltsu bat jarri zen martxan. Desintoxikazioa aurrera eramaten zen bitartean, funtsezko gehigarri bat erantsi zen: pertsona horiek adikziora eraman zuten arkitektura soziala berrantolatu zen, eta harekiko zuten harremana berbideratu zen. Nola?

    Beste gauza batzuen artean, mikro maileguen programa zabal bat jarri zen abian. Desintoxikazio-prozesuan (substantzia kimikoen dependentziarekin amaitzeko prozesuan) zeuden bitartean, egoera horretara eramandako faktore sozialekin amaitu nahi izan zen mailegu horien bidez. Ideia bat egin dezazun, adibidez, adik­zioaren atzaparretan erori zen mekaniko izandako pertsona bat hartzen zen, eta eragile sozialek gertuko tailer mekaniko batekin hitz egiten zuten. Hasteko, pertsona horren soldataren erdia gobernuak ordaintzen zuen, baldin eta urtebeteko lana eskaintzen bazitzaion. Horrela, pertsona horrek desintoxikazio-prozesua egiteaz gainera, bere bizitza berreraikitzeko aukera zuen, bere testuinguruarekin berriz ere modu osasuntsu batean konektatzeko aukera lortzen zuen. Erraza da ulertzen horren atzean zegoen logika: ez du zentzurik desintoxikazio-prozesu batean sartzea, horretara eraman zaituzten faktoreak aldatu gabe. Testuingurua, arkitektura soziala eta horrekiko harremana aldatu beharra dago. Bata bestea gabe, alferrikakoa da; izan ere, normalean, produktuak duen osagai kimikotik haratago doa adikzioaren atzean dagoen zergatia, dagoeneko ikusi dugun bezala.

    Bestalde, asko inbertitu zen gizartearen ikuspegia eta jarrera aldatzen. Pertsona horiek mespretxatu, isolatu eta baztertzeko dinamikekin amaitu zen. Kontrako mezua joan zen ezartzen apurka-apurka: maite zaituztegu, aintzat hartzen zaituztegu, zuen alde gaude eta bueltan nahi zaituztegu, izan ziren diskurtso berriak. Horretan ikaragarri lagundu zuen, halaber, heroinomanoak hartzen ari ziren itxura fisiko lazgarriak eta HIESaren eztandak eta horrek guztiak sortutako eragina eta beldurra gizartean. Gizartearen pertzepzio-aldaketa hori, testuinguruarena, funtsezkoa izan zen heroinarekin amaitzeko.

    Horren guztiaren ondorioak jakin nahi? Metodo horrek, British Journal of Criminology erakundearen ikerketak argi utzi zuen bezala, adikzioaren munduan inoiz ikusi den beherakada handiena ekarri zuen: zaztada bidez jasotako drogen kontsumoa % 50 jaitsi zen, gaindosia % 80 murriztu zen, eta baita kaleko indarkeria ere.

    III. Ni eta nire baldintzak

    Haratago doa, ordea. Ez gaizki ulertu. Arkitektura sozialak duen nortasunak ez du soilik lotura adikzio bat garatzearekin. Pertsonaren nolakotasunetan du eragina. Adibide labur batzuekin hobeto ulertuko da.

    Sarritan goraipatuak izaten diren norvegiar herrialdeen adibidea hartuko dugu oraingoan. Norvegiaren kasua aipatuko dugu hain zuzen. Herrialde anglosaxoiak ez dira ezagunak organo-emaile gisa; Norvegia, aldiz, bai. Zer dela-eta izango ote da hori? Herrialde anglosaxoiak kulturalki berekoiak dira? Ez dute besteengan pen­tsatzen? Eta norvegiarrak, aldiz, oso eskuzabalak dira? Besteengan pentsatzen dute eta arduratzen dira? Ez diegu espreski galdera horiei erantzungo, objektibotasunez erantzuten zailak baitira, gai neurgaitzak diren aldetik. Baina datu aipagarri bat azaldu nahiko genuke. Norvegian, herrialde anglosaxoietan ez bezala, gidabaimena eskuratzerako bete beharreko galdetegian, gobernuak erabaki hau hartu zuen: baztertze boluntarioa aplikatzea. Istripu baten ondoriozko heriotzaren kasuan, organo-emaile izan nahi duzun galde­tzean, lehenetsita agertuko da baiezkoa adierazten duen laukitxoa. Pertsonaren erabakia da lauki horren aukeraketa lehenetsi nahi ez izatea eta ezezkoa aukeratzea. Pertsonak aske izaten jarraitzen du bere aukeraketari dagokionez, baina arkitektura sozialaren nortasunean egindako aldaketa txiki horren ondorioz, biderkatu egin zen organo-emaileen kopurua Norvegian, opt-in and opt-out default consent (onarpen inplizitoa vs. esplizitua) fenomenoak.

    Azken adibide bat emango dugu, argi gera dadin atal honen mezua. Danimarkako biztanleriaren gizentasun-tasa %19,7koa da, eta Kentuckya, berriz, bikoitza (%43koa). Datu horiek ikusirik, honela pentsa genezake: Kentuckyko biztanleriak gizen egoteko zaletasun berezi bat du? Alperrak dira izatez? Koipearen kontsumoari dagokionez ahulezia genetikoren bat dute? Beharbada gizen egotea gustatzen zaie? Joera genetiko hori dute? Agian epigenetikari begiratu beharko genioke… eta Danimarkan justu kontrakoa? Ez dituzte elikagai koipetsuak gustuko? Oso osasuntsuak dira izatez? Edo, agian, ardatza subjektuan jartzeaz gain, bizi diren arkitektura soziala ere izan beharko genuke kontuan: Danimarkan askoz ere errazagoa da bizikletan ibiltzea, irisgarritasuna askoz hobea da, gobernuak eta enpresa pribatuek elikagai eta ohitura osasuntsuak sustatzeko jarduna bikaintasunez daramate aurrera… eta Kentuckyn, aldiz, ezinbestekoa da autoa erabiltzea, elikagai koipetsuen kontsumoa ikaragarri sustatzen da… Arkitektura sozial horiek aintzat harturik, zer iritzi duzu galdera hauen inguruan: Pertsona batek non izango ditu aukera gehiago gizen egoteko? Benetan, erantzukizun guztia subjektuarena da? Zenbaterainokoa da gure erabakitze- eta erantzukizun-maila? Gizentasun-tasaren gorakadaren aurrean, maila sistematikoan, estrukturalki, aztertu beharrean, zer egiteko joera dugu? Norbanakoaren erantzukizunera jotzen jarraitzen dugu, «gozozalea izango da», «ez du bere burua behar bezala maite», «alferra da»... Noiz hasiko gara pertsona osotasunean hartzen? Ez al da izango, zerbait maila aski zabalean eta sistemikoan gertatzen denean, sistema bera dagoela gaixorik? Esan bezala, gauza konplexuek gutxitan dituzte erantzun errazak, eta are gutxiago laburrak…

    Emandako adibideek argi uzten dute, bada, gure harremanek eta bizi garen arkitektura sozialaren nortasunak zenbateko eragina duten gizartean, oro har, eta pertsonongan, konkretuki. Hori dela eta, agian birplanteatu beharko genuke gaur egun gure arkitektura sozialaren egoera zenbait arlotan. Bitxia da, sare «sozialez» josita eta etengabeko teknologia berrien berri izaten ari garen honetan, hau da, inoiz baino «konektatuago» gauden honetan, inoiz baino bakartiago sentitzea gizarte hau osatzen dugun norbanakoak. Are deigarriagoa da sentimendu hori belaunaldi berrien artean zabaltzea batik bat. Eta, noski, nola jokatzen dugu arazo sistemiko horren aurrean? Zure arazoa da. Zure ardura da hori egoki kudeatzea. Ez dugu ikusten zer erantzukizun duen gizarteak, nahiz eta horretara bideratzen lagundu pertsona.

    Irudipena dugu (eta gero eta argiagoa, gainera) gizarte honek, gure behar psikologiko eta emozionalak asebetetzeko fatxada oso polit bat erakutsi nahi izan arren, lehen aipatu dugun kaiola bakarti horren gero eta itxura gehiago duela benetako arkitekturaren nortasunari dagokionez. Nerabeek gero eta osasun mentaleko arazo gehiago dituzten gizartean, arazo horiek ez dira konponduko psikologo gehiagorekin, teknologia gehiagorekin, medikazio gehiagorekin... nahiz eta horiek ongi etorriak izan askotan; baina ez dute arazoa konponduko. Itogin bat kubo bat jarrita konpontzen ez den bezalaxe. Erroetara joan behar dugu, norbanakotik haratago. Norbanakoa parte den sisteman eta sistemetan jarri behar dugu ardatza.

    Hortik jaiotzen da atal honen hasieran azaldutako harridura eta kezka: pertsona bat osotasunean ulertzeko eta hari lagundu ahal izateko, norbanakoa bera eta bere testuinguruarekin duen harremana ezagutu behar ditugu nahitaez. Eta nola ez, norbanako hori bizi den arkitektura sozial horren nortasuna bera ere bai. Ados, norbanakoa da azken erantzulea, baina maila aski zabalean eta sistemikoan gertatzen denean gaitza, ez al da sistema bera izango, bizi garen testuingurua bera, gizartea bera, sendatu beharrekoa? Horrekin ez dugu esan nahi biktimatzat ikusi behar dugunik geure burua, lagungarriagoa litzateke geure erabakien produktu edo emaitzetatik abiatuta jardutea; horrek ez du esan nahi, ordea, ikuspegi holistikoa baztertu behar denik. Bada, agian, orain horren kontziente izanik, hurrengo kasuetan agian bestelako ikuspegi zabalago bat izan dezakegu:

    IV. Gure egunerokoan, zer?

    Adibidez, ikusten dugunean gure gaztetxoak behar baino denbora gehiago igarotzen duela mugikorrarekin.¹ Bai, neurriak behar ditu, eta egia da sare sozialak adikzioa sortzeko daudela eginak –geroago zehatzago ikusiko dugun bezala–, eta, beraz, haien sareetan erortzea eta nahi baino denbora gehiago igarotzea izugarri erraza dela. Ados. Baina, mugikorraren gehiegizko erabilera horrek ez du zertan izan soilik horren ondorio. Honen inguruan, gogoeta txiki bat egingo bagenu, interesgarria izango litzateke.

    Zein da gaztetxoak txiki-txikitatik bere testuingurutik jasotzen duen mezua? Helduok mugikorra nola erabiltzen dugun, eredugarria al da? Mugikorra txupete digitala bihurtu dela diogu, baina ez ote da gure txupete digitala izango baita ere, gure txikiek gu lasai uzteko? Zergatik ari da horrenbeste denbora mugikorrarekin? Errealitatean ez duen zer bilatzen du han? Behar duen arreta ematen ari natzaio? Beteta ditu bere beharrizan psikoemozionalak, edo mugikorraren beharra du bere emozioak asebetetzeko edo anestesiatzeko? Errekonozimendu sozial horrek sortzen duen dopamina dosi artifizial horren bila dabil? Zergatik ote? Badaki aspertzea zer den? Badaki sentimendu desberdinekin jokatzen, edo mugikorraren dosia behar du sentimendu horiek aldi baterako albo batera uzteko? Hori bera gertatzen al zait niri ere?

    Eta gure ikasleekin berdin jokatu beharko genuke. Etxeko lanak sarritan egin gabe ekartzen dituen ikasle hori gelan guztiz bakarti badabil, edo kontrakoa, atentzio eske!, Ikasten ez duenean, gaizki portatzen denean… Agian, bai, ados,... agian alferkeria kontua da, edota eskarmentu handia behar du. Beharbada kasu askotan hala izango da. Baina, kontuz, ez du zertan beti horrela izan, ez soilik behintzat. Ez dugu zertan ate bakar bat jo. Ez dugu zertan, berriz ere, subjektuarengan utzi behar erantzukizun guztia. Ikusitakoa ikusita, ezin ditugu bestelako ateak itxi. Kontrakoa, aukera guztiak izan behar ditugu kontuan: Ikasle hau nola dago emozionalki? Eta psikologikoki? Zer bizi du eskolatik at? Aseta ditu beharrizanak? Zein da bere testuingurua eta nola lagun diezaioket horretan? Irakasleok ondo dakigu gure ikaslearen barruak ez badaude ondo, dagoen metodologiarik onena eta puntako teknologia erabilita ere, ez duela ikaslearengan inolako eraginik izango.

    Eskolaren ostean, tartetxo batean ate horietan barrena begiratu genezake. Baina, jakina, irakasleok, nahi izateaz gainera, hori egiteko aukera izan behar dugu, eta gaur egun dugun sistemaren ratioek eta zama burokratikoak ekidin egiten du beharrezkoa den begirada hori emateko aukera. Beraz, honetan ere, ez dugu irakaslearengan, norbanakoarengan, jarri behar ardatza, baizik eta hura parte den sisteman, hezkuntza-sisteman eta hartzen ari den norabidean. Gauzak horrela, ikasle batengan aldatu nahi dugun horren giltzetako bat aurkitzeko aukera handiak egongo dira. Izan ere, jarraian ikusiko dugun bezala, nerabezaroan da hain zuzen testuinguruak inoiz baino garrantzi handiagoa hartzen duen etapa, balioen eta etikaren, autoestimuaren eta identitatearen eraikierari dagokionez. Eta horrek galdera honetara garamatza: Zergatik?

    Zergatik gara horren moldagarriak nerabezaroan? Zergatik du gaztetxoaren testuinguru sozialak –non errealitate birtualak sekulako papera jokatzen baitu gaur egun– inoiz baino garrantzi handiagoa bere nortasunean eta autoestimuan? Zergatik izan ohi da horren etapa aldabera? Zergatik diogu helduek, orokorrean, horrenbesteko beldurra etapa horri eta zergatik nahi izaten dugu gure txikiak ahalik eta azkarren igarotzea horretatik, tramite bat izango balitz bezala? Benetan ikusi behar dugu horrela? Etapa hori ondo ezagutuko bagenu, ez ote litzateke gure txikiarekin gure loturak estutzeko aukera handiak eskaintzen dituen garaia izango? Ez ote da izango inoiz baino gertuago sentitu eta helduleku sendo gisa ikusi behar gaituen garai bat izango gure txikiarentzako, nahiz eta kontrakoa transmititu batzuetan? Ez al dio gizarteak bestelako begirada batez begiratu beharko garai horri? Ez ote gara, gizarte bezala, gaur egungo nerabeen beharrizanak alde batera uzten? Gaur egungo nerabeen artean dauden osasun mental arazoek eta kopuruek argi eta garbi erakusten dute azken galdera horren erantzuna. Garrasika ari zaizkigu laguntza eske, eta, agian, ez gara behar bezala entzuten ari. Agian norbanakoarengan ari gara erantzukizuna jartzen berriro ere, gizarte bezala aldatu behar dugun zerbaiten aurrean.

    Gogoeta askoren ondoren, eta Covid garaian batik bat, argi ikusi genuen zentzugabekeriak egitera bideratzen gaituenaren atzean, askotan, gure ezjakintasunetik sortutako beldurra dagoela, eta jakintasunak, ezagutzak, beldur hori errespetu bihurtzen du, eta zentzuz jokatzera eramaten gaitu.

    Gauzak horrela, goazen gaur egungo nerabeen barruak ezagutzera!

    Oin-ohar:

    1 Liburu honetan mugikorra diogunean, smartphoneei buruz ari gara, eta beraz, sare sozialen erabileraz, izan ere, Espainian smartphone dutenen %97,5ek dute nolabaiteko sare sozialeren bat. Ez litzateke berdina gertatuko deiak egiteko baino balio ez duten Nokia klasiko edo SmartWatch arruntekin adibidez, bideojoko eta sare sozialentzako tokirik ez dutenez.

    2. nerabezaroan barrena

    Helduak eta nerabeak elkar uler dezaten, nerabearen funtzionamendua esplikatuko dugu labur-labur. Psikologian esan ohi dugu garunek beste garunen beharra

    Enjoying the preview?
    Page 1 of 1