Discover millions of ebooks, audiobooks, and so much more with a free trial

Only $11.99/month after trial. Cancel anytime.

Nekropolia
Nekropolia
Nekropolia
Ebook249 pages3 hours

Nekropolia

Rating: 0 out of 5 stars

()

Read preview

About this ebook

Nobela autobiografiko paregabea da Nekropolia, XX. mendeko literaturaren maisulana. Eslovenieraz idatzia eta 1967an lehen aldiz argitaratua, 90eko hamarkadatik aurrera ezagutu zuen bigarren loraldi bat, italierara, frantsesera, ingelesera, alemanera, espainierara, katalanera eta finlandierara itzulia izan zenean. Liburu honekin, irakurlearen gogoa astintzen du Pahorrek, gerraren eta kontzentrazio-esparruen izugarrikeriak kontatuz, baina baita presoen elkartasuna eta gizatasuna agerian utziz ere. Bizirik atera denaren erru-sentimendua saihestu gabe, kontrara, bere gain hartuz, aurrera egiteko, irauteko, azken buruan bizitzeko irrika gailentzen zaio kontakizunari.
LanguageEuskara
PublisherAlberdania
Release dateMay 15, 2024
ISBN9788498688856
Nekropolia

Related to Nekropolia

Titles in the series (5)

View More

Related ebooks

Reviews for Nekropolia

Rating: 0 out of 5 stars
0 ratings

0 ratings0 reviews

What did you think?

Tap to rate

Review must be at least 10 words

    Book preview

    Nekropolia - Boris Pahor

    Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz;

    oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean:

    oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan:

    oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan,

    edo dantza ondoan alberdanian.

    J.B. AGIRRE

    JATORRIZKO IZENBURUA: Nekropola

    Mladinska knjiga Založba argitaletxeak argitaratu zuen eslovenieraz lehen aldiz 1997an.

    1. ARGITARALDIA: 2024ko maiatza.

    Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza izan du liburu honek.

    NEKROPOLA Copyright © Mladinska knjiga Založba, d.d., Ljubljana, 2009

    © 2009, Boris Pahor

    © Itzulpenarena: 2024, Santi Leoné

    © Argitaraldi honena: 2024, ALBERDANIA, SL

    Istillaga, 2, behea C - 20304 Irun

    Tel.: + 34 943 63 28 14

    alberdania@alberdania.net

    www.alberdania.net

    Azaleko irudia: Antoine Taveneaux-en argazkia. CC BY-SA 3.0

    https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=19283355

    Egilearen argazkia, azaleko hegalean: Alamy Stock Phot, Imago.

    Inprimatzailea: Ulzama (Uharte, Nafarroa)

    ISBN: 978-84-9868-884-9

    Legezko gordailua: D 417-2024

    NEKROPOLIA

    BORIS PAHOR

    ALBERDANIA

    eleberria

    Itzuli ez diren guztien Manei

    Errauts hotzak estali egin ditu itzalak.

    Srečko Kosovel

    Baina nor izan zineten ulertzen duten egunean, lurrari hozkaka hasiko dira herriak, tristuraz eta damuz. Lurra malkoez blaituko dute, eta tenpluak eraikiko dizkizuete.

    Vercors.

    Igande arratsaldea da, eta goiti mendietara doan asfalto zerrenda, leun eta bihurgunez betea, ez da nahi nukeen bezain bakartia. Aurreratu naute auto batzuek, beste batzuk ibarrera itzultzen ari dira, Schirmeck aldera; horrela, turisten trafikoak banal bihurtu du une hau, eta ez dit espero nuen bezala nire baitara biltzen utzi. Badakit ni ere nire automobilarekin prozesio motorizatu horren parte naizela, baina, halere, iruditzen zait bakarrik egotera, toki honekin izandako lotura estuari esker, nire presentziak ez zukeela desitxuratuko gerraren akaberaz geroztik nire kontzientziaren itzalpean ukitu gabe gordea dudan irudi onirikoa. Nire barnean errefus lauso bat sortzen sumatzen dut, ezin baitut onartu gure barne munduaren oinarri den eskualde menditsu hau orain irekia eta irisgarria izatea. Errefus horri jeloskortasuna nahasten zaio: turisten begi arrotzak gure presoaldi anonimoaren lekuko izan ziren paisaietan ibiltzen direlako baiki, baina, baita ere, haien behakoek (horretaz ez dut zalantzarik batere) sekulan ezin atzeman izanen dutelako doilorkeriaren nolako amildegira jaistera zigortu gintuzten giza duintasunean eta erabaki pertsonalen askatasunean sinesteagatik. Baina, aldi berean, auskalo nondik etorria, pittin bat destenorean, halako poza pizten da nire baitan, jakinda Vosgeetako tontorrak jada ez direla suntsitze urrun baten lurralde sekretua, baizik eta jendetzaren helmuga, galduriko seme-alaben patu pentsaezinari emozioen bidez antzeman gogo duen jendetza batena, nahiz eta haren imajinazioa aski heldua ez izan patu hori irudikatu ahal izateko.

    Egia da, erromesak mendi sakratuetako malda pikoetan goiti eramaten dituen grina oroitarazten du bazterturiko toki menditsu honetarako igoerak. Baina erromesaldi honek ez du deus ikustekorik Primož-ek¹ hain sutsu aurre egin zion gurtza motarekin, haren nahia baitzen esloveniar jendea barne fedeari lotzea, azaleko erritual jendetsuetan barreiatu gabe. Hemen, Europako herrialde guztietako jendea biltzen da mendi garai hauetako terrazetan, zeinetan gizakiaren zitalkeria gailendu zitzaion gizakiaren sufrimenduari, eta kasik ailegatu zen erabateko suntsitzeari behin betikotasunaren zigilua paratzera. Ez da gogoaren sublimazio bitxi bat gaur egungo erromesak hona ekarri dituena; lur egiatan sakratua zapaltzera etorri dira hona, omenaldia egitera berak bezalako lagunen errautsei, hauen presentzia mutuak historian mugarri higiezin bat eraiki baitu herrien kontzientzian.

    Bihurgune meharrek ez bide didate gogora ekartzen orduan Markirch izena zuen herritik balantzaka zetorren kamioi hura, kutxa batean gure lehen gorpua zeramana. Ez nekien zeinen kutxatzar hitsaren gainean nengoen eserita eta, bestalde, haize hormatuak paralizatu eginen zukeen burutik igaro zekidakeen pentsamendu oro. Ez, ezin dut argi bereizi nire barneko irudietatik bakar bat ere, zeinak korapilo sarri eta zimurtu batean bildurik baitaramatzat, mahats zimeldu eta urdinduen mulko bat nola. Asfalto leuna ikusten dut autoko haizetakoaren beste aldean, eta, aukeran, nahiagoko nuke aurrean zuloz beteriko errepide zahar bat banu, iraganeko egiazko giroa egokiago iradokiko lukeena, baina, aldi berean, gidari modernoa naiz, gaizki ohitua eta egoista, azkar eta goxo ibiltzera jarria. Bide batez, hasi naiz bilatzen Esloveniako lurretan ba ote den Schirmecketik Struthof-era doan bide bihurri honen antzeko errepiderik. Berehala, sigi-saga dabilen Vršič portukoa bururatu zait. Han, baina, ikuspegia harrizko gailurrez osaturiko anfiteatro paregabe baten gainean hedatzen da, eta, hemen, falta dira gailur haiek. Kobarid-etik Drežnica-ra daraman errepidea agian? Baliteke. Ez erabat, ordea, hemen Krn mendia falta baita, bere labar itsugarriekin. Beharbada, Kobaridetik abiatuta Vrsno aldera igotzen den bide makurrak du Vosgeetako errepide honen antzik handiena. Hemen bezala, han ere tarteka basoak atzera egiten du, arruntean urrundu gabe, baina, are inportanteagoa dena, han ez da arrokarik: paisaia baso trinkoko muino borobiletatik belai ondulatuetara igarotzen da, beheragoko oihanaren masa ilunaren gainetik. Ezin gogoratu dut Vrsnoko magaletan izeirik ote den, hemen bezala. Naski ez.

    Errepideak mendian goiti segitzen du, baina orain han-hemenka harri puskatuen zuritasuna dut bidelagun, hala izaten baita gizakiaren tresnek lurraren aldaka berdeak kolpatu dituzten toki guztietan, azpian pilaturiko indar sekretuari hozka egiteko.

    Ezker aldean, sarreraraino daraman lur zerrenda luze eta zabala bereizten da errepidetik. Goiz ala berandu, bi aldeetan zuhaitz lerro bana izanen du; momentuz, baina, alde guztietan tokia autobusez eta auto partikularrez josia dago, eta, horrela, ezinbestean Postojna kobazulo aurreko aparkalekuaz oroitu naiz. Eginahal guztiak egiten ditut datozkidan irudiak baztertzeko: Suitzako eta Austriako turista aguretuak eta ile urdinduko emaztekiak, bi eskuekin modaz pasaturiko poltsei irmo heltzen dietelarik, burua gidaren ahotsaren aldera biratzen dutenak, ustekabeko alarma-oihu batek egiten ari diren alferrikako lan hutsaletik arreta desbideratu eta bat-batean beren periskopio gorria altxatzera behartu dituen oiloak bezala. Alde egitea litzateke zintzoena eta egokiena nire partetik, eta bihar goizean itzultzea, laneguneko giroak gupida handiagoz babestuko baitu terraza mailakatuen bakardadea. Baina bihar beste bazter batzuk ditut esperoan; horregatik, toki honi arruntean lotu beharrean edo, bestela, alde egin beharrean, sarrera aldera abiatu naiz, jakinki aldez aurretik finkaturiko ibilbidea burutu beharrari automatikoki eta, hortaz, alferrik men egiten ari natzaiola. Beti bezala, oraingoan ere bidaia azkar zirraragarri baten premia daukat, baina, aldi berean, lasai eta mugarik gabe kontzentratzeko baretasuna izan nahiko nuke, lurrarekin eta itsasoarekin benetako harremana sortzeko parada ematen digun baretasuna alegia, hirietako kale eta etxeekin, bai eta biziak bidean paratu dizkigun aurpegi eta jendeekin ere. Horren nostalgia sentitzen dut; alta bada, presak eta ezinegonak atsedenik eman gabe aurrera bultzatuta, gure begiek irudirik azalekoenak baizik ez dituzte biltzen, aise desegiten diren irudiak, ziztuan dabilen lantxa baten brankaren kontra jotzen duen aparraren antzera. Azken batean, geure burua kontsolatzen dugu pentsatuz aberatsak garela denbora isilik zihoaneko garaiarekiko nostalgia sumatzen dugun heinean, falta dugunaren jakitun izatea berez ondasun handia balitz bezala. Eta baliteke hala izatea. Segur aski hala izan da beti, jende gutxirendako izan bada ere. Gaur egun, berriz, aise pobreagoak gara, zeren, inguratzen gaituen irudi eta estimulu kopuru gehiegizkoa dela eta, hamaika puskatan xehatu dugu gure amodioaren arreta, eta urrundu gara haren esentziatik. Erleek egiten dutenaren kontrakoa egin dugu: polena mila gauzatan barreiatu eta, hala ere, ahots sekretu batek ez dela posible izanen xuxurlatzen digun arren, espero dugu hustu dugun erlauntza noizbait berriz betetzeko astia izanen dugula.

    Absurdoa da, baina iruditzen zait autoetara bueltan doazen turistek bat-batean soina jaka marradunak estaliko balit bezala begiratzen didatela, eta bideko hartxintxarrak berriz ere zurezko eskalapoiekin zapalduko banitu bezala. Ezin kontrolatu dudan burutazioa da, iragana eta oraina nahasten dituena; baina egia da, une jakin batzuetan, halako fluido ikusezin baina indartsua isurtzen dugula, ingurukoek presentzia arrotz eta ezohiko gisa hautematen dutena eta inguruko jende hori astintzen duena ustekabeko olatu batek itsasontzi bat nola. Nire baitan badira naski aspaldian izan nintzen haren arrastoak. Pentsamendu hori buruan, nire pausoetan kontzentratzen saiatzen naiz, baina gogaitu egiten nau sandaliak hain arinak izateak eta nire urratsak askoz bizkorrago joateak, oraindik zurezko zoladun oihalezko oinetakoak jantzita baneramatza baino.

    Zurezko atea oraindik txarrantxaz estalia dago, eta itxia, orduan bezala. Dena berdin dago, guardiak baizik ez dira falta zurezko dorreetan. Lehen bezala, orain ere itxoin egin behar da ate aurrean. Aldatu den gauza bakarra da orain garitatik, zurezkoa hura ere, zaindari bat atera eta atea ireki duela, jende-multzoak lur garai hauetan kokaturiko ukuilu arimarik gabe honetara tarte erregularretan sar daitezen. Antolamendu horri esker, halako giro barea sortu da kontzentrazio-esparruko mailetan. Uztaileko eguzkiak zorrotz begiratzen du isiltasuna, eta noizean behin behetik etortzen diren gidariaren hitzen oihartzuna besterik ez da aditzen, bizira itzulitako sermolari baten ahotsa iduri.

    Bai, ezagutu nau zaindariak, eta ustekabean hartu nau horrek, ez bainuen uste duela bi urte egin nuen bisitaz oroituko zenik. "Ça va?²", galdetu dit. Eta hori aski izan da turisten aztoramenarekin lotura guztiak berehala hautsi dituen kamaradatasun giroa sortzeko. Ile beltzeko gizona da, eta itsusia. Txikia, kementsua eta bizkorra; linterna eta kaskoa eramatera, egiazko meatzaritzat har liteke. Hitz gutxikoa ere bada, eta baita burugogorra ere, itxura guztien arabera. Ezagun du nire aurrean, esparruko preso ohi baten aurrean alegia, ezin menderatu duen lotsa sentitzen duela, gure agoniaren leku izandakoa erakustea duelako ogibide. Horregatik, txarrantxaren beste aldera bakarrik sartzeko ematen didan baimen azkarrean kamaraden arteko adiskidetasuna ez ezik, ni lehenbailehen bistatik galtzeko desira ere bada. Seguru naiz horretaz. Baina ez diot gaizki hartu, ni ere ezinen bainintzateke bisitari talde baten aurrean mintzatu, jakinen banu entzuleen artean krematorioen munduan nirekin ibilitakoren bat badagoela. Hutsalkeriak esateko beldurrak hitz oro debekatuko lidake. Zeren, bestalde, heriotzaz, maitasunaz bezala, geure buruarekin bakarrik mintzatzen ahal gara, edo elkarrekin bat egiteraino maite dugun pertsonarekin. Ez heriotzak ez maitasunak ez dute lekukorik onartzen.

    Eta, gidari papera hartuta, zaindaria isilik dagoen turista talde batekin solasean ari denean, egiatan bere oroitzapenekin ari da solasean; barneko irudiak askatzeko balio dion balbula da bere bakarrizketa, baina deusek ez du ziurtatzen aitormen horien guztien ondotik aseago edo arinduago sentituko denik. Aitzitik, esanen nuke testigantza segida horren ondotik are handiagoak direla bere barne gatazka eta ezinegona, eta, batez ere, are pobreago sentitzen dela. Hori dela-eta, eskertua nago mundu mutu honetan barna bakarrik ibiltzen utzi didalako. Sumatzen dudan poza abantaila bat izateak ematen dit, hagitz pribilegio berezia izateak, errefusatuen kastakoa izatearen pribilegioa alegia, baina betiereko isolamendu hau aldi berean orduko isolamendu eta isiltasunaren luzapena ere bada; zeren, hemen zen jende-osteak artalde baten antzera jokatzen bazuen ere, nork bere bakardadeari eta bere barne iluntasunari buru egin behar izaten baitzion. Hartara, orain ez dakit kalkulatzen eskaileren eta nire arteko distantzia erreala zein den; eskailerak ezagunegiak eta hurbilegiak iruditzen zaizkit eguzkipean, eta ez naiz gainean flotatzen duen hutsaren aureolari igartzeko gauza. Sinple-sinpleak dira, oinarri duten harriak garraiatu eta paratu zituzten esku meheak bezain sinpleak. Baina orduan pikoagoak iruditzen zitzaizkidan: horrek haurtzaroko sorlekura itzuli eta ume-memoriako etxea zeinen txikia den ikusita harritzen den gizonarengan pentsarazi dit: umetan bere gorputz ñimiñoaren arabera neurtzen zuen pareten altuera. Bistan dena, gu ez ginen gure haurtzaroko urteetan ibili eskailera hauetan goiti eta beheiti, baina ume bat edo nini bat baino babesgabeago geunden, ez baikenuen pentsamolde heldugabearen geriza. Gu biluzik ginen, harrapaturik ginen gatibutza akigarri hartan ahitzen ari zen animalia gosetu baten larru zimelduaren barnean, zeinak egunero-egunero senez kalkulatzen baitzuen zenbateko distantziak bereizten zuen errausketa-labea bere bular ihartutik eta bere egurrezko abar itxurako gorputz-adarretatik. Jakina, oraingo bake giroan, Collodiren zurezko panpinaren irudia etortzen ahal zaigu burura, Pinotxo ere sugarren ukitua ezagutzera destinatua baitzen. Haatik, haren sortzaile onberak atal hondatuak aldatzen zizkion gero; gure errausketa prozesuan inork ez zuen ordezteko atalik kontuan hartu. Baiki, Pinotxoren irudia lekuz kanpo dago hemen, historia honetan gelditzeko eskubiderik ez duen sarkina da, nahiz eta egia den noizbait beste Collodi bat bilatu beharko dugula, gure iraganaren historia umeei konta diezaien. Galdera da asmatuko ote duen, umeak zitalkeriaren ikuskizunarekin zauritu gabe, haurren bihotzetara hurbiltzen eta haiei etorkizuneko tentaldietatik babesten irakasten. Eskailera hauetan, bada, terrazetan harrizko belaunak iduri tolesten diren eskailera hauetan, arrazoiaren mugetara egin genuen atzera, zeren, gure zelulen zitoplasmako isurkari eskasia zela-eta, gure masa entzefalikoa buru-hezurraren kutxan idortzen baitzen, hondartzako legarraren gainean utzitako gelatinazko marmoka baten antzera. Eskailera-mailek goiti egiten zuten gure aurrean, ezkila-dorre baten eskailerak balira bezala; amaigabea zen terrazen segida, eta mendeak behar izaten genituen gailurreraino igotzeko, besteak beste zeren eta, gure zangoak mehe-meheak baziren ere, gure oinak edemaz josiriko haragi zurikarazko enborrak baitziren.

    Orain denbora konplize dudala jakitun, alanbre-hesiaren beste aldeko belarrari begira gelditu naiz. Orain dela egun gutxi batzuk zapaltzen ibili nintzen Kras goi-ordokiaren paisaia horixka gogora ekartzen saiatzen naiz, baina iruditzen zait hemengo belarraren adats luze eta urria, Krasekoaren aldean, zentzurik gabe ari dela irauteko eginahal inozoan. Ez du ezeren errua, badakit, baina halere ez diot hazten tematuz erakusten duen egoskorkeriari inolako zentzurik igartzen. Hemen zen hura baino lehen, hemen izan zen hark iraun zuen bitartean, eta hemen da oraindik ere. Oraintxe, belar honen hauskortasun gris horixka ikusiz, alferrikakoa iruditzen zait mundu osoko belar guztiaren existentzia. Lurretik sortzen diren izakiek ez diote gizakiari benetako hurbiltasunik batere eskaintzen, sorgor egoten dira haren ondoan, beren hazkunde begetalari emanak, eta haien zurtoinen gainean korolak pizten direlarik, kolore bizi horiekin guztiekin beren itsutasuna mozorrotu besterik ez dute egiten. Pentsamendu hauekin nahasita lasaitasun sentsazioa ere sumatzen dut, bakarrik nagoelako: gidarekin doan taldea urrun dago, terrazetatik harago, eta sarrerako atea hain dago goian, ez baita hemendik ageri. Badakit bakardadea hain zorrotz babestuz nire oroitzapenen osotasuna babestu nahian nabilela; alta bada, ez dut burutik lekutzen ahal ideia mingots hau, jendeketa, zoritxarrez, bere mugimendu geldo eta monotonoarekin, belar horituaren apatia amorfoaren luzapena dela.

    Tola ikusi berri dut nire aurretik eskailerak jaisten, marmarka, ohatilan generaman gorpua olanean beheiti irristatu eta hildakoaren buru arrasatuak bizkarra ukitzen diolako. Nik ere ez nuen hildakoen kontaktua gustuko, eta trakets ematen nuen pauso bat bestearen atzetik, heldulekuak goratzen nituen bitartean, ohatila belaunekin ez ukitzeko. Gorpu biluzi eta momifikatu bat lastozko ohetik ohatilako olan lakar eta zikindura aldatu behar izaten genuen aldiro, erraz eta natural egiten nuen; ez nuen gogoko, ordea, hildakoak ukitu nintzan maldan beheiti generamalarik. Hau da, zelula biziek ez dute zelula hilen kontaktua errefusatzen, baldin eta kontaktu hori borondatezkoa bada, jarduera baten ondorio bada, biziari darion indar zentrifugotik sortua bada; ez dute, berriz, kanpoko esku-sartzerik onartzen, ez dute ehun hilaren oharkabeko intromisiorik jasaten zelula bizi eta malguen substantzian. Ez dut uste esperientzia hori kontzentrazio-esparruetara mugatzen denik; eguneroko bizitzan ere berdin-berdin gertatzen da naski. Jakin nahi nuke zer-nolako irudiak pizten ari diren gida inguratzen duten turisten buruetan. Argazki handituen bilduma bat beharko genuke, barrakoien barneko paretetan eskegiak, lehen planoan ile arraso moztuko kasko, matelezur irten eta sarraila itxurako matrailezur mordoa erakutsiko luketenak: horrek bakarrik sorraraz lezake, agian, orduko errealitatearen irudi gutxi gorabehera egokia bisitarien imajinazioaren pantailan. Baina ez da argazki taularik erakusten duenik zein gogo-aldarte duen gizon batek uste duenean ondoko presoak bere burdinazko katiluan berak baino hazbete erdi gehiago likido horixka jaso duela. Posible litzateke, bistan dena, begiak islatzea, goseak ematen duen begitarte galdu horrekin; baina ezin da inolaz ere iruditan atzeman aho-barrunbearen etsipena, ezta esofagoaren nahi gabeko mugimenduak ere. Hortaz, nola erakutsiko ditu, bada, argazki batek barne borroka ikusezin horren ñabardurak, zeinean umetatik irakatsi dizkiguten jokamolde zibilizatuaren printzipioak aspalditik garaitu baititu estomakako epitelioaren diktadura mugagabeak? Egia esan, ez dakit zein den muki-mintz nagusia, beharbada esofagoaren ehuna da agintzen duena; badakit, ordea, nire zakur Žužko, bestela oso maite dudana, arrunt desatsegin bihurtzen zaidala irrikaz irensten duenean eztarrian pilatzen zaion lerdea, aurreko hankak irrika berberaz mugitzen dituen bitartean. Orduan, haren begietara so, neure buruari esaten diot nire kidekoa dela, nahiz eta hura atzeko hanken gainean eserita egon eta ni Kraseko altzari fabrika batetik ateratako produkturik berrienean. Nolanahi ere, zinema-kamera batek bakarrik atzeman lezake uniforme marraduneko jendeketaren goizeroko nahaspila erlauntza estu hartan, jendetza hura hiru pisuko ohatzetatik jaitsi eta Waschraum-ean³ metatzen zenekoa, han oihal osoa zuten eskalapoi pare bat harrapatzeko asmoz, geroago elurretan edo lokatzetan edo putzuetan laxatu ez zekizkion. Film batek bakarrik graba lezake, eritasunen kontra indartu beharraren aginduari jarraiki, gizon eskeletiko baten billar bola itxurako burua txorrotaren azpian bultzatzen duen eskua; eta geroago, esku autoritario horrek bizkarra irmo makurrarazten diolarik, iharturiko zumezko kutxa batek bezala karrask eginen dute saihets-hezurren arkuek. Kanpoan, bitartean, egunsentiko iluntasuna eta hotza dira nagusi, eta amildegi beltz batera daraman zirritu mehea iduri du irteteko ateak, amildegi bat zeinean laster murgildu beharra izanen den. Ondoren, eguerdian, buru anitzeko jendeketak, ehunka aldiz biderkaturiko grina batek xaxaturik zalapartaka mugituz, halako ikara hedatuko du pareten arteko giroan, energia iturri den zopa ergel baina halere epel baten esperoan egotetik sortzen den ikara hain zuzen. Istant bat geroago, soildutako buru guztiak zurezko koilaren gainean daude makurtuak. Zebren inurritegi bera aurkituko dugu arratsean, lotara baino lehen, beren puskak bilduta kamainak dauden gela hormatura lasterka sartzeko prest; baina, lehenago, aulki batera igo beharko dute, gizon batek, bonbilla sareztatu bat ezkerreko eskuan, hankartea aztertu diezaien. Bilorik ez da, bizarginaren xaflak desagerrarazia duelako, baina baliteke bartzen bat itsatsi izana ile sortu berriaren puntan. Zakila horrela argituta, benerazio berri batera eskainia iduri du zilborretik beheiti biluzik dauden gorputzen anabasaren erdian; ilerik gabeko buruek, berriz, auskalo zergatik, tentel batzuenak dirudite. Baina hankartearen argitze penagarri horretan ez dago Ponpeian etxeko ate gainean eman­kortasunaren ikurra zizelkatzera bultzatzen zuen benerazio haren arrastorik batere; hemengoa nagusiek zorriei eta tifusari dieten beldurra uxatzeko erritua besterik ez da. Hartara, argiak habian harrapatu du, ustekabean, lumak atera baino lehen ere gosez hila dagoen xoria, eta orain bizigabe higitzen da, aztertzailearen aginduak betetzen dituen eskuak mugituta. Egiatan kamera batek bakarrik eman lezake hori bezalako sekuentzien berri zehatza; kable elektrikoaren gainean pausatu eta gero hari jarraiki bonbillaraino iritsiko litzateke, hankarte idorreraino, eta orduan hankabikoen buru soilduak erakutsiko lituzke, elkarri bultzaka lehenbailehen beren hilobi hotzean atseden hartzera abiatu ahal izateko. Baina agian hobe da kamera-begirik egon ez izana, zeren batek daki gaur egungo jendeak nola begiratuko zion banan-banan aulki batera igotzen zen izaki erdi biluzi horien elemeniari, gainerakoak, aztoratuak eta izutuak, ezin sinetsita dauden bitartean argipeko txori lumatu eta abaildu hura hankabiko ugariren sorburua izan zitekeenik. Hobe da horrelako filmik ez izatea,

    Enjoying the preview?
    Page 1 of 1