Discover millions of ebooks, audiobooks, and so much more with a free trial

Only $11.99/month after trial. Cancel anytime.

Pausoa noiz luzatu
Pausoa noiz luzatu
Pausoa noiz luzatu
Ebook230 pages2 hours

Pausoa noiz luzatu

Rating: 0 out of 5 stars

()

Read preview

About this ebook

EUSKADI ZABALKUNDE SARIA 1999 Nobela honetan gailurreraino darama Andoni Egañak guztiz berezkoa duen diztantziarako eta zehar-esanerako maisutasuna. Frai Kandidoren bizitza kontatzen du bertan. Bi argazkik mugatzen dute bizitza hori: 1930ekoa da bata, Jacako matxinadaren ondoren Francok epaitzen du; 1960koa da bestea, Zarauzko Lanbide Eskolako sortzaile gisa, Francok Eskolari eman dion saria jasotzera doa. Bi argazki horien artean mugitzen da nobela. Bi argazki eta bizitza ulertzeko modu bat.
LanguageEuskara
PublisherAlberdania
Release dateMay 5, 2020
ISBN9788498685886
Pausoa noiz luzatu

Related to Pausoa noiz luzatu

Related ebooks

Related categories

Reviews for Pausoa noiz luzatu

Rating: 0 out of 5 stars
0 ratings

0 ratings0 reviews

What did you think?

Tap to rate

Review must be at least 10 words

    Book preview

    Pausoa noiz luzatu - Andoni Egaña

    1

    Ez zion bere buruari goizeroko pasierarik barkatu. Ohikotik ordu bete aurreratu zuen esnaera. Kanpora bidean, sukalde parean, ez zitzaion hain maitea zuen kafearen usain hura iritsi; sudur-mintzetan katigatzen zitzaion eta han eramaten zuen atarira bitarterakoan, eta are harantzago, harik eta itsasertza hurbilagotzen, kresalarenak lehenik berdindu eta lasterrera jan egiten zion arte.

    Kafearen usainaz gain, betiko pasierakidea ere falta zitzaion: Frai Joxe Kruz. Urteak zeramatzaten —bost, sei?—, Joxe Kruz Olitetik heldu zenetik, goizeroko atzera-aurrera elkarrekin egiten. Komentutik irten eta Donostiako kamioa gurutzatzea aski zuten, gainbeheran etxalde bitarteko bidezidor batean barrena, hondartza, luze-zabal, begien aurrean atxikitzeko. Ekialdera joko zuten orduan, Talaimendi atzetik egunak urratzera egin zuela adierazten zuen inguruetara. Kilometro eskas joan ondoren, buelta erdi eman eta atzera lehengo bidean etorriko ziren, harantzako urratsen gainean honantzakoan ere.

    Bezpera gaueko afalondoan hurbildu zi­tzaion bidaia on-ona egin zezan desiratuz eta abiatze orduaren demandan.

    —Zortzietan? Ez daukagu orduan betikoa egiterik…

    —Baliteke ni joatea, baina lehenago, ez gure orduan. Gainera —esan egin behar izan zion—, biharkoagatik nahiago nuke neuk bakarrik egin jira.

    Bakarrik nahiago?, pasatu zitzaion Joxe Kruzi, gutxietsirik, buruan. Lehen ere batera abiatu arren, nahikoa bakarrik ibilizalea zen hura! Izan ere, Joxe Kruz, gainerako fraide pasieratzaile urrien modura, hondartza hesitzen zuen harrizko pasealekuan ibiltzen baitzen; eta Frai Kandido, aldiz, itsasertzera bertara jaisten zen lehenengo egunetik. Marea non, hainbesteko tartea izaten zuten bi fraideek: goian zenean, hamabost-hogei metro. Hogeita bost inguru, marea erdi parean egokitzen zenean, eta hogeita hamarretik gora, berrogei, berrogeita hamar, itsasguneko aparteko indar ezkutu hark ertzetara agertzera ausartu ziren kalparrik zurien eta bihurrienak gogoz zurrupatzen zituen ordu eta egunetan.

    Frai Kandidoren joera honi lotsagabe iritzi zioten hasiera hartan. Sandaliak erantzi, eskuetan hartu eta itsasertzeko olatuei umeen gisan ihes eginez ibiltze hura ez baitzegokion aldi hartan fraidegai zenari. Gona-barrenak blai eginda, hondar-alerik setatsuenak egun osorako oihalari itsatsiak, errietaldi bat edo beste ere entzun behar izan zuen gosari ordurako komentura itzultzean.

    Orain, hogeitaka urteren buruan, adin­tsuagoak asko artean komentuan, inor ez zen ausartzen Eskolako Zuzendariari tamainako gutiziaren aipamenik ere egiten. Ongi zekiten erretxina zela bere-bereak ziren gauzetan. Frai Kandidoren kasketaldiak, gainera, ez ziren purrustada huts. Parrastada izaten ere bazekiten. Gizon zotz artean, goizeroko pasierek sorturiko murmurio eta zehar-begiratuez gogaiturik, hitzaren jabe egin zen afalondo batean, errezuen ondoren eta nor bere gelara bildu aurretik. Han ziren garaiko sermolaririk entzutetsuenak, herriz herriko misioetan hitz-zurrunbilo kemen­tsu izaten ohituak. Eta haiek ere harriduraz, miresmenez, entzun zuten Frai Kandidok bere joeraren alde egindako arrazoiketaren hezurdura trinkoa eta modu esanbetea.

    Ea inor bazen nor, ekin zion, bestelakoari bestelakoa delako harri-tiraka hasteko. Ea zenbatek zekiten han, kaioak zenbat oin-marka uzten zituen oineko, hondarretan pausatzean. Ea lurrarekiko atxikimendua baratzean lau aitzur-kolpe jotzearekin agortzen zen. Ea karmeldar ortozak ere San Frantziskoren ondorengo zirela inork ez zuen gogoan.

    Hiru zirela, segitu zuen isilaldi neurtu baten ondotik, kaioaren oin bakoitzak uzten zituen lorratzak. Hiru, San Frantziskoren estigmak adinaxe. Harrigarri zitzaiola, minzorri, komentuko anaiakideek itsas txori hurbilekoekiko zuten ganorarik eza. Hankagorritan ibiltzea izan zela joandako mendeetan txirotasunaren ezaugarririk behinena, esku-hutsik ibiltzearena baino antzinagokoa. Eta harrokeriazko bekatutzat hartuko ez ziotela jakitera, Jesukristo urazalean ibili zenekoa ere aipa zezakeela, baina hobe zukeela bere golkorako gorde. Barkatzeko, amaitu zuen, bere ausardia, hitza xehetzen maisu zirenen aurrean berea baldres jalgi bazen. Baina ez zuela, akorduan behintzat, okerrik egiten oinu­tsik paseatzera irtenda. Halaxe egiteko asmoa zuela gerora ere indarrak akitu artean.

    Hitzemanari eutsi zion urteetan.

    Gehienek pausotan neurtu ohi zuten mundualdia. Berak pausajean neurtzen ikasi zuen.

    Gogoenean, Nafarroako Labaienen ireki zitzaizkion begiak hemezortzi-hemeretzi urte zituela. Gurdibide narras batek lotzen zituen orduan herriko bi guneak: kaskoa, non bai­tzeuden Eliza eta zimitorioa, eskola eta ostatuetako bat; eta sakana, non ziren baserririk gehienak, kontzejua eta ostatuetan berriena. Labaien behekoari zeritzan; eta goikoari, Beintza.

    Egunero sei bat biderrez egiten zuen batetik besterako zortziehun metroko atzera-aurrera. Zituela haurrak bidelagun, zituela nagusiak, behetik gorakoan pare-parean joango zitzaizkion. Goitik behera baina, ume, emakume, heldu nahiz agureek ihes egingo zioten pixkana eta, elkarrizketa ez etetearen aldera, korrika txikian pauso batzuk eman beharko zituen, haien parean kokatu nahi bazuen. Ongi kalekoa da berori bota zion behin basomutil batek Beintzatik Labaienerakoan, tartean-tartean, nahi gabe, atzean uzten zuela ohartzean. Berari berorika ez egiteko arren, erantzun zion.

    —Ez diot egingo… Baina berorrek ez al daki pausoa noiz luzatu?

    Bi urte eta erdi izan zituen pausoa noiz luze noiz labur jo ikasteko ere. Azkenerako bertakotu egin zen. Aldapan gora, sarria eta motza; aldapan behera, bakana eta luzea; zelaian, tamainan. Noiz komeni zena.

    Oso kolpekoa gertatu zitzaion Zaragozako Militarren Akademian sartzearekin pausoa berdindu behar hura. Han ez zen gora-beherarik, luze-labur edo sarri-bakanik. Maizegi ikusten zuen aurreko lerroan zeramanaren aurpegi jiratu pipertua, bota-muturraz hanka-orpoa harrapatzen zionetan. Denborak eta mosketoiak ekarri zuten bere galgara. Denborak, arian-arian, traketsena ere jarri egiten du, eskrupulorik eskrupuloena errekarri biribil eta ertz-zapal bihurtzen duen bezalaxe. Mosketoiak, eskuineko besoan beti, gorputzari simetria eragozten dio, eta simetria haustearekin, askatasuna murrizten. Pausoa berdinarazten du, eta pausoa berdintzearekin, pertsonak.

    Halere kosta egin zitzaion saileko bihurtzen. Estropezuka zebilen estreinako egun haietariko batean instrukzioburu zen kapitainak konpainia osoa geldiarazi eta berari zuzendu zion hitza. Nor zen. Halako. Zein Unitatetakoa. Osagarrietakoa, halako zenbaki. Goitik behera begiratu zion burlaizez.

    —Saiatuko al zinateke gainontzekoen modura joaten? Txirigota ibiltaria dirudizu!

    Barre-algara handia lehertu zen esker onegiko soldadugaien eztarrietan. Hain esaneko, hain ipurmiazle, kideek amorrarazi egin zuten. Kapitainak, txantxak txantxa, kuttun hartu ote zuen susmoa nagusitu zitzaion. Pausajearen baldarrak lotu zuen lehenengoz Fermín Galán kapitainarengana. Gerora galoien jabe, bien arteko harremanak azkar egin zuen estutzera. Asalduaren egunetako unerik la­tzenetan ere, sarjentu gaztearen berri jakin nahi zuenetan, Txirigota izengoitia erabiltzen zuen kapitainak. Eta ez zion zer moduz zegoen galdetuko, zer moduz zebilen baizik.

    San Gregorion, militarren kartzelan, Gabon aurretxotik Aste Santura bitartekoa egin zuen. Sartu berritan adiskide mamien heriotz latz haien oroitzapen minak zeldan oso bere baitara bilduta eduki bazuen, egunero ordu erdiz kartzelako patioan ibiltzeko eskubidea bere egiten hasi zenean, pausoa egokitzeko premian aurkitu zen beste behin ere.

    Moncayok zuela errua, bota zion beste sarjentu batek kanpora irtetea erabaki eta hotzari aurre egiteko, eskuak habia eginda, ahurren arteko leizera putz egiten ikusi zuenean. Ez egoteko geldirik. Izoztu egin nahi al zuen. Joateko berekin.

    Hogeita hamazazpi urrats alde batera, beste hainbeste bestera, presoak beti azkar ibiltzen direla ikasi zuen; beti berdin, armadan bezala, baina beti bizkor, harresien gaindiko ihesaren ezina erraietan ez mamutzeko. Ikasi zuen preso dagoena soilik dela gauza eskuak sakeletan dituela ere libre balitu bezain bizi ibiltzeko. Ikasi zuen ibili azkarrean ez dela ezer pentsa­tzen, ideiaren bat ibiltzen dela, gehienez ere, buruan jira-bueltaka; hiru irudi, lau asko jota. Frogatu zuen, ibili biziak hauspoa bete ahala husten duela garuna, edo ahi pinportatsu bihurtzen. Ibili bizian elkarrizketa dela, elkarriz­keta sarea, hik galdetu nik erantzun, itxuraz buru daitekeen bakarra.

    Kartzelako patioan inork ez zuen geraldirik egiten. Berak ere behin baino ez zuen eten ibilia. Armiarma bat ikusi zuen, beltza, izugarria, harea izoztu zuri-arrearen gainean are beltzago eta izugarriagoa. Bazuen aditzera. Pozoitsua omen zen, oso, haren heldua. Gauez lo lasairik egiten ez zuenik ere bazen lagunen artean. Geratu, hurbildu eta bota-muturraz zapaldu zuen, galka eta bi aldeetara eragin oinari, ongi zapuztu zuela ziur­tatzerai­no. Lagunen begiak gainean zituen, oina altxa aurretik bota-zolaren zirrikituetan zehar ehundaka armiarma ñimiño hondarretan purratu zirenean. Kontu hartu zioten. Erotu egin al zen. Ez al zekien armiarma-klase hura biz­karrean kume-samalda garraio ibiltzen zela. Bakarra hiltzearekin, milari sortu ziela hoz­kaka hasi beharra.

    —Horiek ama adinakoak egiterako, Errepublikak aterako gaitu hemendik —bota zuen batek, Labaka sarjentuaz gupidatu eta soseguari leku egitearren.

    Eta parez pare asmatu zuen.

    Madrilen zukutu zituen hiru urteetan berriz, pausoera denak probatzeko modua izan zuen, gehienak berriak. Gobernazio Ministerioko Areto Nagusian hanka-puntetan, orpoez hotsik egin gabe, hurbiltzen zitzaion egurrezko zolu distiratsuan barrena, eguna lo-kuluxkan ematen zuen Ministroari. Alfonbra iletsuren bat zeharkatzean, hanka-puntak ibiltzen zituen gorantz, katigatu eta muturrez aurrera ez amiltzeko. Kaleetan, zurrunbiloan ibiltzen trebatu zen, Labaiengo bakardadetik edo armadako lerroz lerrotik oso bestelako gisan. Errepublika jaioberriaren pozak madrildarrak erotu eta kalera jaregin zituela zirudien. Berak pozik egiten zuen zanbuila gizon-emakume eta auto-olatu haietara. Baina sigi-sagan ibiltzen ikasi behar izan zuen eta armadan ariketa zen pauso-aldaketa behin eta berriz egin behar izaten zuen, hiriguneko espaloietan inorekin ez estropezu egiteko.

    Eta balantzaka ibiltzen ere ikasi zuen, taberna-zuloren batetik etxerakoan, ordu arte oso neurrian ezagututako lurrinek, kearenak, alkoholarenak, emakumeenak… burua lausotu eta gerriz beherako flakia moduko hura sentiarazten ziotenean.

    Hargatik erantzun zion behin Joxe Kruzi ez txorakeriarik esateko, berak ondo asko ezagutzen zuela aberatsen mundua, dastatu zuela bizimodu hura zenbait urtetan, eta pasea­tzea aberatsen kapritxo bekataritzat hartzeak ez zuela ez hanka ez buru, eta hala aditzera eman zionak ere hankak bai baina besterik ez zuela. Ea erdi ilunpetako atzera-aurrera haietan zenbat dirudunekin topo egin zuen. Ea inork ez ikustekotan zertarako nahi zuten pasieran ibili dirudunek. Haiek egun-argiz irteten zirela. Egun-argiz eta aterkiaz, eguzkiak edo euri-lanbroek azala lakar ez ziezaien. Berenak gehiago zuela estagiritatik, nahiz egonean ez egon, aberatsenetik baino.

    Barruko harra bareturik, Joxe Kruz aspaldian egin nahian zuen galdera egitera ausartu zitzaion.

    —Harantzakoan propio uzten al didazu aldea hartzen, gero honantzakoan harrapatzeko gauza zarela erakusteko?

    Malekoian Joxe Kruz, itsasertzean Frai Kandido, paretsu ibiltzen ziren, parean abiatu eta parean iristen. Baina harantzako bidean, apurka, Frai Joxe Kruz aurrea hartuz joaten zen, jiratzeko unean beti ehunen bat metroren aldea kentzeraino.

    Bueltakoan Frai Kandidok pixkana jan egiten zion tartea, abiapuntura biak bat-batera iristeko. Joxe Kruzek Kandidoren izaeraren islatzat hartzen zuen halako jokabidea. Gehiago zela erakusteko egiten zuen. Tori eta tati bere eskura zituela adierazteko. Izan balitz lasterketa-zakurra, burdinazko erbia hortz artean zerratu arteko onik ez zukeen izango.

    —Eta zu al zara gurean Mekanika eskolak ematen dituena? —erantzun zion, puska batean barruko haserre legamiatua huts zedin utzi ondoren.

    Ez, ez zuen egiten edonor harrapatzeko adina zela erakustearren. Mekanika zen dena. Beso-jokoa. Ibilerak bultzatzen zuen orain geldo eta gero arinago joatera. Eta ibilerari nahiak eragiten zion. Berak, harantzakoan Joxe Kruzen posturan joan nahi izaten zuen, besoak atzera, eskuak ipurgainean begizta eginik. Gogoetarako postura eta ibilera, eguneroko egitekoak burura ekarri eta zehatz antolatzekoa. Mutil hau taldetik atzera geratzen ari zaidak. Beste hura aspaldian lainoetatik gora zebilek. Matematikan aurrerabide eskasa egin zidatek denek ere aspaldian. Jolas-ordua kentzea mesedetarako al litzateke?

    Bueltakoan, beso biak libre eta hatsa lurrun, pauso bizi-bizia, ez zen ezer ekartzen saiatuko. Etorriari egingo zion jaramon. Azken boladan, Frantses eskolak ematen hasi zenetik, bezpera gauez ikasitako aditz-sailak errepikatuz etortzen zen. J’aurai, tu auras, il aura, nous aurons, vous aurez, ils auront. J’aurai, tu auras, il aura, nous aurons, vous aurez, ils auront. Behin eta berriz saiatuko zuen zenbateko jarioz zetorkion burukoa mihira, eskola-umeek ez antzemateko moduan itsatsi arte.

    —Pausaje bakoitzak du bere balioa —eman zion epaia.

    Labaienen ezagutu omen zuen artzain bat, kantua pausoan eta distantzia kantuan neur­tzen zuena. Herri-kaskotik mendiko txabolara, Santa Genobebarenak bi kantualdi pasatxo zeuzkala esaten zuen; bi kantualdi oso eta pare bat bertso hirugarrenetik. Txabolatik Saldiasko plazara, bost Iruñeko ferietakoak justu-justu. Eta sinesgogor, inoiz proba egin nahi izan zuenak arrazoi ematen omen zion artzainari.

    —Eta gure kasurako, klaustro denetarako ez du pauso berak balio —erantsi zion lehengoari, pasierakideak zenbaterainoko arreta eskaintzen zion oharturik.

    Kokotsa lepauztaien zuloan sartu eta buru-makur eta bi besoak sabel gainean antxumatuz ibiltze hori, atzamarrak mahuketan, eliza barreneko errezuetarako zen parekoa: zela errosarioa, zirela kirieleisonak… Goizeroko txangoa, ordea, beste klaustroari zegokion, eskolakoari.

    —Zoroa banaiz, baina txorotzat hartzen al nauzu? Zuri burla egiteagatik nola ibiliko naiz, bada, ni presaka? Horrelako txatxukeriarik! Zuk uste baino gehiago estimatzen zaitut nik, Joxe Kruz!

    Begi-ukaldiero Joxe Kruz falta, irtenaldia ordubetez aurreratu zuen goiz hartan, inoiz ez bezain nahasia topatu zuen bere burua. Harantzakoan iragan urruneko akordaldietara amildua, honantzakoan estutzen hasia, ibileraren betikoak ere ez zion lasaitasunik ekarri.

    Madrilgo bidaiaz oldoztera irten zen eta Labaiengo eta San Gregorioko egunak trabestu zitzaizkion gogoan. Eta Fermín Galán-en aurpegia: barrez-barrez, arreta handiagoa eskatu zion lehen egun hartan; serio, militar, liburu batean gordeta zeukan egunkari-muturraren argazkitik begira, Josebaren aroztegiko tupiaren ondoko mahai zerraustura bota zuenean. Egingo al dituk?, hogeita bost bat zentimetrokoak, ahalik eta tankerarik handiena atera, kutxa bat, dotorea, dibujoekikoa, ez gero esan inori, zor didak hainbeste.

    Komentuko atera iristean, zurrunbilotik ateratzeko erarik egokiena, indarka aritu beharrean, guneak irensten uztea zela gogoratu zitzaion; zulorik beltzen hark zuen indarrak berak egotziko zuen kanpora, ur bareagoetara. Ez zuen zertan larriturik. Madrilgoari pentsatu bezalaxe egingo zion aurre, zetorrena zetorrela.

    Orain, ate nagusitik sartu ordez, sukaldera joko zuen zuzenean. Han Frai Leon topatuko zuen pertz artean. Gaur ez zion zer berri? galdetuko. Ez zion berak partikularrik ez erantzun beharrik izango. Gaur, pasiera ordu betez aurreratu izanak eta Madrilgo bidaiak komentu osoan sorturiko aztoramenduak, urteetako diosala ere aldarazi egingo zuten. Zirenak izan, lehen hitzak, gosari pixka bat hartuko duzu… eskainiko zion berehala, sukalde izkinako mahaiari abituaren gaineko mantalaz ogi-apurrak garbituz. Eta berak, mila aldiz entzun beste hainbestetan harritu, ez zuen jakingo gosariari edo hamaiketakoari beti pixka bat eranste hori Matxinbentako esaera zen, ala fraideen pobreziari buruzko ideia guztiz barneratu eta muturreraino eramana.

    Sukaldean, kafearen usainak jango zuen orain pixkana, kanpotik zekarren kresalarena. Soinean zekartzan lanbro-anpulo txiki-txikiek eztanda egingo zuten supazterrera hurreratu ahala.

    —Beti ez baitago gainka ibiltzerik —esango zion Leonek, sutondoan murmoak jota bezala zetzan Txispa txakurrarengatik.

    Hargatik ere hartu zuen Madrilgo erabakia. Batzuen batzuei beti gainka ibiltzerik ez dagoela erakustearren.

    2

    Emakume bat pasatu zen kalean behera. Hiru-lau metro atzetik astoa zeraman, joan nahi ez-eta bezala, alde banatako marmitak bilin-bolonka. Bizi zihoan emakumea, pausoa luze, eta animaliak, sokako, ez zuen harenari segitu beste erremediorik.

    Bere gela itoan zain egon baino, nahiago izan zuen eskolako zuzendariarenera igo, eta handik zelatatu Madrilgo autoaren iritsiera. Eraman beharreko paper, agiri eta gainerakoak han zituen gainera. Gelaren kanpo-bista eta paperen batzuk hartu beharraren gainetik zegoen, ordea, bere erabakia. Eskolari eman zioten saria eta eskolarentzakoa zen gonbita. Eskuetan zuen gutuna. Noiz hari noiz kalera begiratzen zuen.

    Bekaizti azaldu zitzaionik ere izan zen: saria Ordenari eskaini ez ote zioten zalantza errotu nahi izan zuen fraide bat, eskola-emaile ez zena. Eta erdeinuz mintzatu zitzaion komentuko liburuzaina, zenbaiten onespena baino nahiago zukeela infernuko sua, eta saria muzin egin beharrekoa zela esanez.

    Gutunak ez zuen zalantzarako zirrikiturik. Bere izenari itsatsia Sr. Director de la Escuela Profesional Obrera de Zarauz zekarren. Izena bezain bere sentitzen zuen eskola. Berak irudikatu zuen eta berak sortu; berak eraiki eta bere bidez diru-hauspotu.

    Anaidian, gerra ondorengo garai hartan, uzkur agertu zitzaizkion gehienak bere egitasmoak jakitera eman zituenean. Mutikoei koskortu arterako eskola eskaintzea aski zi­tzaien. Koskortu, eta koskortu ahala eskola uztearekin zer etorkizun izan zezaketen ez zen, nonbait, fraideen eskumenekoa, eta izan zitekeenik ere ez zitzaien burutik pasatu.

    Berari bai.

    Kamio ertzeko panpano-ilarari begiratu zion. Beldur zen orrien sarriak automobilaren sabaia ikustea ez ote zion galaraziko. Beltza espero zuen; beltz-beltza eta distirantea, artean herrian banaka batzuk baino

    Enjoying the preview?
    Page 1 of 1