Discover millions of ebooks, audiobooks, and so much more with a free trial

Only $11.99/month after trial. Cancel anytime.

Itsu kolpeka
Itsu kolpeka
Itsu kolpeka
Ebook174 pages2 hours

Itsu kolpeka

Rating: 0 out of 5 stars

()

Read preview

About this ebook

Urko ez da galtzaile peto bat, baina ozta-ozta gogoratzen da noiz gozatu zuen azken garaipena. Ikerlari izan nahi luke, baina gazte garaiko aurrekari penalek bidea ixten diote. Nola edo hala aurrera ateratzen du bizimodua, ikertzaile azpikontratatu baten morroi gisa, aitak maiz leporatzen dizkionak saihesten saiatzen den bitartean. Nadiari gaztaroa lapurtu zioten, bere jaioterrian bertan aurrenik, bizitza berri baten bila ihesbide zuen urruneko lurralde batean gero. Partida pobrea jokatzeko karta eskasak banatu dizkio bizitzak, eta, jakina denez, zaila da karta eskasekin jokaldi onik egitea… Iruñeko kale aberatsetan eta aldiri ez hain dotoreetan, astebeteko tartean, Urkori egindako enkargu bereziak eragingo duen xake-partida tragiko bat jokatuko da, eta biak, Urko eta Nadia, izanen dira, aldi berean, jokalari eta pieza. Eta, xakean, bizitzan bezala, ezin-bestekoa da aukera egitea…
LanguageEuskara
PublisherAlberdania
Release dateFeb 3, 2020
ISBN9788498685282
Itsu kolpeka

Related to Itsu kolpeka

Related ebooks

Reviews for Itsu kolpeka

Rating: 0 out of 5 stars
0 ratings

0 ratings0 reviews

What did you think?

Tap to rate

Review must be at least 10 words

    Book preview

    Itsu kolpeka - Alfontso Gartziandia

    LARUNBATA

    Ozen entzuten zen. Telebistatik zetorren soinua ulertezin bihurtzeraino. Pasabideko apalean, pare bat metrotara zegoen, joka. Hartzeko urrunegi, ordea.

    «Tirorilori. Tirorilori... Tirorilori. Tirorilori... Tiro.»

    Segundo batzuen ostean, isildu egin zen telefonoaren hots errepikakorra. Akabo erantzun beharraren tentsioa. Urko, egongelako sofa merkean etzanda, manta lodi baten azpitik burua agertzen zuela, Dolarraren Trilogia ikusten ari zen.

    Hasierako plana bestelakoa zen. Bi lagun etortzekoak ziren «Borroka kluba» ikustera. Jipoiak, astinduak eta bizitzaren bestelako ikuspegi bat ematen omen zuen filmak. Kultuzko pelikula zela esan zioten. Tamalez, lagunek bez­peran Iruñeako taberna erdiak itxi zituzten nonbait eta, ajearen tamaina zela medio, hitzordura agertu ez eta huts egin zuten. Hiru lagunek pelikula bat ikusi ordez, lagun bakarra hiru spaghetti western jatekotan.

    Urkok western haiek jada ezagunak bazituen ere, aldi hartan hirurak elkarren jarraian ikustea deliberatu zuen. Horretarako mahaitxoa egokitu zuen alboan, eta bertan zizka-mizkak, garagardoa eta behar adina tabako. Clint Eastwood gustuko zuen. Txulo dotore baten antza hartzen zion. Ezerk ez zuen handik altxaraziko.

    Filmen metrajeak aurrera egin ahala, ordea, irentsitako garagardoak gero eta zailago zuen tripan pausatzea. Maskuria husteko premia larria.

    Bigarren pelikularen bukaerako duelua hastera zihoan. Indioak Mortimer koronela tiro batez armagabetu zuen. Erriflea lurrean zuela, Mortimerrek salduta zirudien. Indioa zuhur hurbildu eta hizketan hasi zitzaion.

    Urkok bekainak jaso zituen. Klimaxeko txapa klasikoa, pentsatu zuen.

    Agintea hartu, pause sakatu, manta soinetik alboratu, eta besoak eta zangoak baliatu zituen sofan egina zuen zulotik ateratzeko. Bainugelara abiatu zen, sabela berunez betea balu bezala.

    Hustu beharrekoak hustu, kateari tira egin eta komuneko zulora ur-zurrunbilo bat bidali zuen. Western-etako letrinekin gogoratu zen hari begira. Bere komunarekin konparatuta, alde handia zegoen, baina ez behar bestekoa, akaso. Burua ezker-eskuin mugitu zuen. Garagardoa kanporaturik, errazago lotu zuen gerrikoa.

    Sofara bueltan, pasabidetxo iluneko apalean argi ñimiño bat ikusi zuen keinuka. Telefonoa eskuratu eta Idoiak deitu ziola ikusi zuen. Zutik geratu zen, mugikorreko pantailan ageri zen izenari begira. Idoia? Libre zuen eskuak lepondora egin zion automatikoki, eta ile nahasien artean hazka hasi zen.

    Idoia, aspaldi ikusi ez zuen laguna. Urkoren penarako, laguna izatetik harago joan ez zena. Begirada bizi eta irribarre errazeko neskato panpoxa. Institutuan ibili zen harekin eta, ondoren, lanbide heziketan. Ongi konpontzen ziren, gelan eta gelatik kanpo ere bai. Urkok gustuko zuen, eta senak esaten zion sentimendu hura elkarrenganako zela, baina horretan geratu zen. Ez zuen susmo hura egiaztatzeko ezer egin.

    Ondoren, Idoia Foruzaingoan sartu zen, inspektore izatea helburu. Gustura jarraituko zuen Urkok bide bera, ikertzailea izatea oso erakargarria baitzitzaion. Gazteagotan egindakoek aurrekari penalekin betiko lotu zuten, ordea, eta horrek atea itxi zion. Bakoitzak bide ezberdina hartu izanak harremana hoztu zuen, gero eta gehiago, erabat galtzeraino.

    Zer nahi ote du?, pentsatu zuen, zangoek egongelan sartzen zuten bitartean. Telefonoaren pantaila sakatu eta deia itzuli zion. Doinuak jo zuen; behin, bitan, hirutan. Egiten ari zenaz hausnartzen hasi orduko erantzun zuten beste aldetik.

    –Gabon, Urko –ahotsak belarria gozatu zion.

    –Gabon, Idoia, aspaldiko –erantzun zion, irribarretsu–. Duela ordubete inguru deitu duzula ikusi dut. Barkatu, ez naiz konturatu.

    –Laaasai. Nola doakizu? Aspaldi hitz egin genuen azkenekoz.

    Harremana galdu zutenean, Urko ikertzaile pribaturako ikasketak egitekotan omen zen. Oraindik hasteko zituen, ordea. Legez Foruzaingoan sartzeko izan zituen oztopo berak galarazi zion ikasten hastea: aurrekariak. Oraingoz, pentsatu nahi zuen, gerora, eragozpen hori desagerrarazi zitekeela entzuna zuen eta. Dirua tresna boteretsua izan daiteke. Duenarentzat.

    Ikasketak ez ziren merkeak, eta alokairua eta janaria ere ordaindu beharra zeukan. Gastu haiek aurrezteko modua bazuen, baina ez zuen berriz gurasoenera itzuli nahi. Atzera egitea iruditzen zitzaion. Irudikatze hutsak amorratzen jar­tzen zuen. Pentsatu nahi zuen han-hemen lan egin eta dirua batu ahala, oztopo hura gainditu eta ikasketak egingo zituela.

    Nolanahi ere, ez zuen horretaz aritu nahi. Hizpidea aldatu, eta Idoiari utzi zion hizketan.

    –Nahiko ongi –etena–. Eta zu, zer moduz? Sarri, Foruzaingoaren buru?

    –Nolakoa zaren… –irribarretsu esan zuela iruditu zi­tzaion–. Pozik nago. Lankide asko gara eta, dirudienez, ez naiz inspektore izan nahi duen bakarra. Oraingoz kaporala naiz –apalago esan zuen azkena.

    –Hara! –Bera ez bezala, Idoia aurrera zihoan. Zer esan jakin gabe jarraitu zuen hizketan. Eta zer dela-eta jaso dut zure dei amestu hau? –azken hitzok ezpainetatik irristatu orduko aurpegi osoa zimurtu zuen.

    –Txoroa –etena–. Hara, alaba foruzaina duela jakinik, nire aitari auzoko ezagun batek deitu dio mesede eske. Balio handiko eraztun bat lapurtu omen diote, eta bere susmagarria zelatatzen jarri nahi ninduen –irri kolpetxo bat sumatu zuen Idoiaren ahotsean–. Noski, hori ezinezkoa dela jakinarazi nion, legez ezin baitugu gure kabuz lanik egin, eta salaketa jarri beharko lukeela. Nire lankideen bisita jasoko zuela, eta haiek erabakiko luketela zer egin.

    –Eta? –jakin nahi izan zuen Urkok, zorura begira.

    –Holakorik ez zuela nahi, eta ea enkargua diskrezioz egin zezakeenik ezagutzen ote nuen galdetu zidan segituan –isilune labur baten ondoren jarraitu zuen–. Orduantxe gogoratu nintzen zurekin. Badakit tarteka ikerketa agentzia batentzat behaketa lanak egiten dituzula. Lizentziarik gabe horretan aritzea legez kanpokoa dela badakizu, ezta? –amaitu zuen, doinu serioagoan.

    Urkok ezpainak estutu eta batera eta bestera mugituz, bekainak jaso zituen beste behin. Berak ezer esan baino lehen, Idoiak hizketan jarraitu zuen.

    –Barkatu Urko, hariari jarraituko diot –xamur, berriz ere–. Kontuak jarraipen eta behaketa arrunta dirudi, eta jada horretan aritua zarenez, zure izena ematea bururatu zait. Agentzia aipatu banio, ziurrenik zuri emango lizukete enkargua ondoren, baina dezente sos gutxiago jasoz. Zer deritzozu? –bukatu zuen, zalantzati.

    Zer deritzodan? Idoia nirekin gogoratzen duk oraindik! Badik nire berri. Nitaz galdetzen ote du? Bazakik ni zertan aritzen naizen lanean, eta legez kontrakoa bada ere, eskaintza batekin zetorkidak. Ni izanagatik berdin ote zaio? Berak ere gustuko ninduen, beraz? Gustuko ote nau oraindik? Bikoterik ba ote du?

    Buru barruko galdera zurrunbiloa gelditu beharrean zegoen Urko.

    –Zera... egia esan, duela aste batzuetatik ez didate ezer eskatzen agentziakoek –aitortu zuen–. Ongi etorriko litzaidake diru pixka bat.

    –Interesatuta bazaude, lehen baino lehen deitu iezaiozu –esan zuen Idoiak hasierako doinu alaia berreskuratuta–. Bihar bertan nahi du hitzordua. Euskalduna da. Oraintxe bidaliko dizkizut haren telefonoa eta izena.

    –Eskerrik asko nirekin gogoratzeagatik. Deituko diot, ea zertan den afera –erantzun zion irribarre zabal batekin.

    –Ongi da Urko, kontatuko didazu.

    –Bai, kontatuko dizut. Ongi izan, eta eskerrik asko berriz ere –esan zion hanka batekin lurrean zirkuluak marrazten zituen bitartean.

    –Ez da ezer. Izan ongi –agurtu zuen goxo.

    Bekainak jasota, irribarrea ezpainetan zuela geratu zen. Pelikula ahazturik zuen. Lee Van Cleef pantailan izozturik zegoen, lurrean zegoen errifleari begira. Urko bakeroaren aurretik pasatu zen eta leihoa zabaldu zuen.

    Kanpotik sartu zen giro umel eta hotzak ez zuen beldurtu. Abilezia dotoreaz, tabakoa paperean bildu, zigarreta piztu eta leihoan bermatu zen. Lehen atxiki sakonean ke franko atera zuen. Tabako hodeitxo ilun hura begi aurretik desagertu orduko, leihotik ikus zezakeen auzo zatian barrena galdu zitzaion begirada.

    Bospasei solairuko etxebizitza zaharkituak, urbanizatu gabeko eremuak, baratzeak, abandonaturiko lantegiak, denak nahasian, Elortz ibaiaren alde bietan barreiaturik. Geltokirik gabeko trenbidea eta produktu kimikoen fabrika handi bat ere baziren han. Katanga ezizenaz gutxietsitako auzoa. Halakoxea zen Etxabakoitz, Iruñeko eremu ahaztua.

    Hori aski ez, eta duela urte dezentetik hor ezin ziren eraikinak zaharberritu, ez saldu-erosi, bertan bizi zirenek nahita ere. Utzia zegoen, abandonatua erabat, halabeharrez. Goitik behera birrindu eta horren ordez auzo moderno, panpox eta ekipatu bat eraiki nahi zuten agintariek. Agintarien lagunek batez ere.

    Trenbide berri bat eraiki nahi zuten, geltoki moderno eta garesti bat altxatu, eta hiriko sarbide bihurtu nahi zuten auzoa. Abiadura handiko trena hiriburura, eta diru publikoa abiadura handian lau poltsikotara. Esleipenak noiz sinatuko zain zeuden politikoak eta eraikitzaileak, hortzak zorrozturik. Operazio urbanistiko erraldoia egin bitartean ezin ezer aldatu, legez. Bakar batzuen amets garestia gauzatu bitartean, inoiz baino zokoratuagoa zegoen Iruñeko bazter hura.

    Auzoaren egoerak kutsatua balego bezala, Urkoren bizitza ere gainbehera zihoan. Tarteka, sosak ateratzeko, legez kanpo lanean, gustuko ikasketak egin ezinik, pisu txiki batean alokairuan, kemena galdurik, errutina arrunt batean bizi zen. Egonean egonez.

    Idoia berarekin gogoratzeak bizitu egin zuen. Harremana izan zuten garaitik gauza asko pasatu ziren, foruzainaren bizitzan bereziki, baina oraindik ere berarekin gogoratzen zen. Bestalde, kaporalarekin izandako hizketaldi laburrak ispiluaren aurrean jarri zuen Urko. Ezaguna zuen egoera bati so utzi zuen Idoiak. Atsegin ez zuen irudi bat atera zion estalpetik.

    Hitzordua egin behar nian Idoiarekin, garagardo bat edo kafe bat hartzera gonbidatu, berriz ikusi. Dena den, zer kontatzeko?, azkenengoz ikusi ninduen puntu berean nagok eta. Okerrago, agian. Hobe geratu ez izana. Dena den...

    Beste zigarreta bat. Bezeroa telefonoz deitu artekoa luze egin zitzaion.

    Bortxatu ostean mutilek alde egin zuten.

    Noizbait, neskak indarrak batu zituen. Zutitu, kuleroak jaso, soineko arropak atondu, automata balitz bezala etxera itzuli eta zuzenean komunean sartu zen. Ez zen inor ohartu. Ez zuen inor bilatu. Gero ahizparekin partekatzen zuen logelara jo zuen. Atea atzetik itxi eta bazterreko ohearen gainean eseri zen, izkinari bizkarra emanda, paretari ezin itsatsiago. Zango uzkurtuak besoekin bildurik, aurpegia belaun artean estalirik, opil bat eginda. Negar isilean aritu zen, malko guztiak agortu arte. Gero, burua mantso jaso zuen, kalpar beltzen artean begiak belaun gainetik agertu arte. Begirada pareko izkinan galdua, betazalik itxi gabe egon zen luze, gertatutakoa irentsi ezinik.

    Ahizpak afaltzera deitu zuen arte.

    Gurasoak, bera, tarteko hiru anaiak eta bere ahizpatxoa bildu ziren afaritan. Jakiak banatu bitartean, amak aurpegi zurbil hura ikusi, eta zerbait gertatzen ote zitzaion galdetu zion. Ezetz erantzun zuenean, hizpidea istantean amaitu eta familia isiltasunean murgildu zen. Bakoitza berean. Samur esanda, familia hotza zen hura. Ahizpatxoa zen, erantzunarekin ase geratu ez eta jan bitartean, begiratzen zion bakarra.

    IGANDEA

    Garaiz zihoan hitzordura.

    Igande goiza izanik, zabalguneko kaleak hutsik zeuden. Ez oinezko, ez ibilgailu. Aspaldiko partez, eguzkiak bazterrak argiztatzen zituen, hori bai, negu hartako hotzari lehiarik egin gabe.

    Urkok bigarren eskuko Ford Escort bat zuen. Eta garai bateko auto guztiek bezala, karrozeria txapazkoa zuen. Udan gerizpea bilatzen zuen autoa aparkatzeko, eguzkipean labe bihurtu ez zedin. Hotzari, ordea, ezin zion iskin egin, eta hozkailu ibiltari bat zirudien autoak. Zuria zen, gainera. Lagunek sarritan jotzen zioten adarra: «Egunen batean, hatzen bat izoztuko zaik, eta moztu egin beharko diate, Juanito!».

    Neguan, autoan sartu eta berogailua piztea izaten zuen lehenengo lana. Hala egin zuen igande hartan ere. Edonola ere, auto barrua epeldu orduko aurkitua zuen bezeroaren helbidea. Aparkatzeko tokirik ez, ordea. Buelta pare bat eman ostean, kale batzuk harago utzi behar izan zuen autoa.

    Motorra itzali, atea itxi eta minutu pare batean inguruko eraikinetako atari doterenera heldu zen. Mugikorrean ordua begiratu, eta bebarruko txirrina jo zuen adostutako orduan puntuan. Atezain automatikoaren kamerari begira geratu zen, argazkiren bat egitera balihoakio bezala.

    –Dígame? –metal ukitua zuen ahots batek.

    –Buenos días. Soy Urko Etxeberria. Reyes Untzueta andrearekin hitzordua dut bederatzietan –erantzun zuen, bozgorailurantz pittin bat makurtuz.

    Soinu elektronikoa entzun orduko, burdinazko

    Enjoying the preview?
    Page 1 of 1