Discover millions of ebooks, audiobooks, and so much more with a free trial

Only $11.99/month after trial. Cancel anytime.

Zure argitan bizitzea
Zure argitan bizitzea
Zure argitan bizitzea
Ebook164 pages2 hours

Zure argitan bizitzea

Rating: 0 out of 5 stars

()

Read preview

About this ebook

Malika nekazari marokoarraren bizitzan hiru aldi nabarmendu daitezke. 1954an hasi, eta 1999a bitartean,
kolonizazio frantsesaren eta Hasan ii.a erregearen heriotzaren artean.
Aurrena, lehen senarra, Allal, Indotxinara joan zitzaion frantsesen alde borrokatzera.
Hurrena, 1960ko hamarkadan, Rabaten, zazpi ahaleginak egin behar izan zituen Khadija alaba
Monique burgesarekin neskame joan ez zedin.
Azkena, Hasan ii.aren heriotzaren bezperan, gazte lapur eta homosexual bat, Jaafar, etxera sartu
zitzaion lapurreta egitera eta, beharbada, Khadija hiltzera.
Malikarena dugu kontakizuna, Malikarena ahotsa, batzuetan xuxurlaka, bestetzuetan garrasika.
Eta Malikaren ikuspuntua bitarte, haren familiaren, ingurumariaren eta gizartearen berri jaso ahal izango
dugu.
Eta Malika ama du idazleak: M'Barka Allali Taia (1930-2010). Liburu hau hari eskainia da.
LanguageEuskara
PublisherAlberdania
Release dateNov 25, 2022
ISBN9788498687699
Zure argitan bizitzea

Related to Zure argitan bizitzea

Related ebooks

Reviews for Zure argitan bizitzea

Rating: 0 out of 5 stars
0 ratings

0 ratings0 reviews

What did you think?

Tap to rate

Review must be at least 10 words

    Book preview

    Zure argitan bizitzea - Abdela Taia

    1.png

    zure argitan bizitzea

    Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz;

    oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro adi­tzean:

    oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan, edo dantza ondoan alberdanian.

    J.B. Agirre

    Jatorrizko izenburua: Vivre à ta lumière

    Éditions du Seuil argitaletxeak argitaratu zuen lehen aldiz.

    1. argitalpena

    : 2022ko azaroa.

    © 2022, Éditions du Seuil

    © Itzulpenarena: 2022, Patxi Zubizarreta

    © Argitaraldi honena: 2022, ALBERDANIA, SL

    Istillaga, 2, behea C - 20304 Irun

    Tel.: + 34 943 63 28 14

    alberdania@alberdania.net

    www.alberdania.net

    Azaleko argazkia: Abdela Taiak lagatakoa.

    Inprimatzailea: Ulzama (Uharte, Nafarroa)

    ISBN: 978-84-9868-768-2

    ISBN digitala: 978-84-9868-769-9

    Lege gordailua: D. 1181/2022

    V

    zure argitan bizitzea

    abdela taia

    itzulpena Patxi Zubizarreta

    ALBERDANIA

    narrazioa

    Ene amari: M’Barka Allali-ri (1930-2010).

    Liburu hau, oso-osorik, zuregandik dator.

    Malika heroiak, solasean edo garrasika,

    zure hizketa molde berbera du.

    Aurkibidea

    beni mellal

    rabat

    sale

    1

    beni mellal

    Lur honen maitasun guztia.

    Lur honetan den maitasun guztia ez dut aski izango eta ez dit arinduko, Allal, zureaz geroztik gertatzen ari zaidana.

    Urrun baino urrunago joana zara, zure munduaz zipi­tzik ere ez dakit nik. Eta ez zara itzuliko.

    Oroitzapena baino ez zait orain geratzen, zure hutsa, zure maitasun zu gabea.

    Hainbat hilabetetan zehar, aitarekin zokora egiten genituen joan-etorrietan, begira izan zintudan. Ez zinen haren beldur eta zure begiei aske uzten zenien mintzoa, niri begirik ez kentzeko, niregan barneratzeko eta, nire ordez, segidan zetorrena, gertatzear zegoena erabakitzeko. Zurekin izatea. Zurea izatea. Zeure emakumea izatea. Zure begiek ez zuten aditzera ematen ederra nintzela ez maite ninduzula. Ez, halakorik batere ez. Zure begiak jostetan ari ziren, eta dantzan, eta ni gauza bera egitera behartzen ninduten. Denen begien bistan, azokan zurekin dantza egitera. Horra zer desio zenuen, zerk kilikatzen zintuen. Eta, aldi berean, ikustea nik nola erreakzionatuko nuen, zer nabarmenduko nuen. Ikustea zure begiradek zer eragingo zidaten, aita hantxe neukala, aldamenean. Aitak eta biok saskia bete barazki daramagu, saski bakarra. Biok ezin errespetagarriago. Aitak ez daki ezer? Ez dut uste. Aitak ez jakinarena egiten du. Baina maitekorra da. Maitekorra eta, bigarren emaztearekiko, esanekoa. Azoka honetan baino ezin dut izan, astean behin, neure-neurea. Nirekiko txera ona erakuts dezakeen aukera bakarra da, eta halakoetan azukrezko erroskillak erosten dizkit.

    Zure estrategia ongi baino hobeki prestatua zenuen, Allal. Oldarrean etorririk, mintzatu egin zinen. Baina ez nirekin. Ez. Aitarekin baizik, eta hura aspalditxoan ni ikusmiratik urrunarazi nahian zebilkidan. Ni, bai, Malika alaba. Jasanezina zitzaion bigarren emazteak ni egunero gutxiestea eta berak hitz erditxorik ez esatea.

    Aitak ez zuen ezer esaten. Emazteak xarmatua zeukan, sorgindua. Aspaldian ez zegoen bere onean. Bere burua gidatzen uzten zuen, eta zuzentzen. Ahulgunea nintzaion. Lehen ezkontzako alaba izaki.

    Baina Malika txikia hazi egin zen. Hamazazpi urte. Dagoeneko emakumea da. Emakume petoa. Bakarren baten esku utzi beharra dago. Gizon bat egokitu behar zaio. Eta halakorik ez da falta herri handiegi honetan; izan ere hemen elkarren zelatari dira guztiak.

    Ene osaba, nahi baduzu bigarren saskia eramaten lagun zaitzaket. Halaxe agertu zintzaizkigun, Allal. Zuretzat eta alabarentzat astunegia da, ene osaba.

    Ados, ene seme. Jainkoak paradisurako bideak zabalduko ahal dizkik, ene seme.

    Zu beste aldetik zindoazen. Aita gu bion artean zegoen. Gizonak gizonago bihurtzen zenituen, uztak hizpidera ekar­tzen, eta urte hartako zeruak euritarako erakusten zuen joera, eta Marokotik sekula irten nahi ez zuten frantsesak. Aipa­tzen zenizkigun bizitzaren kontuak artean ezezagunak ziren niretzat. Eta, hara non, aita gelditu egin den eta esan duen:

    Saleren semea haiz, ezta?

    Nolatan antzemango zion? Inoiz ez dut jakiterik izango.

    Saleren semea naiz, bai. Allal nauzu, osaba.

    Allal. Horra. Allal txikia. Hazi egin haiz, gero! Ez al zara gogoratzen, Malika? Begiratu. Allal da. Eskaini eskua eta agurtu ezazu. Allal lehengusu antzekoa da zuretzat. Eskaini, ba, eskua. Ez izan lotsatia. Allal etxekoa dugu, gure familia berekoa. Odol bera eta haragi bera. Begiraiozu. Zure aldamenean nago, Malika. Begiratu Allali. Dagoeneko gizon egina. Eta ni baino altuagoa. Begira.

    Geroxeago jabetu nintzen aita jakinaren gainean zegoela. Dena ikusia zuen. Zure aurrean egindako dantza saio txikiak, Allal. Josten zenidan begirada. Berenganatzen ninduten begiak.

    Aitak ekin egiten zidan berarekin azokara joateko eta aitak berak aldiro azukrezko erroskillatxoak erosi nahi izaten zizkidan, kafe-etxearen alboan kokatzen zen emakume adinekoarenean, aire zabalean. Eta, kafean, zu.

    Hortxe zeunden. Kafe horretan. Beti hor.

    Zutik nago saltzaile xaharraren erakusmahairen alboan. Bakarrik nago. Aitak esan dit hamar minutu barru itzuliko dela. Erroskillak astiro-astiro jaten ari naiz. Denbora alde. Niri nahieran begiratzen uzten dizut. Nire gorputza. Nire izaera. Nire historia. Kementsua naiz. Nigandik horixe maitatuko duzu. Osorik biltzen zaituen emakume keme­tsua. Inondik ere ez gau bakarrekoa. Ez. Ikusten duzun bezala, seriotan dabilen emakumea naiz, nirekin zmanari egin diezaiokezu aurre, hau da, gu denok hondoratzen gaituen denbora iragankorrari. Malika naiz. Osasuntsu baino osasuntsuagoa. Ez naiz alferra. Bururaino egiten dut guztia. Hortzeria onekoa naiz. Ilaje beltz-beltza daukat. Izter sendoekikoa naiz. Bularrak handituko zaizkit, ez arduratu. Gerrialde zabala daukat. Eta nire begitarteko tatuaje berbereak esanahi bakarra du: fidela naiz. Fidela eta zuhurra, egia esatearren. Baina ez dut uste horrek, neure baitako zuhurtasunak, ikaratzen zaituenik. Niri begirik kendu gabe jarraitzen duzu, ni epaitu gabe. Gustuko nauzu. Gustuko nauzu. Ongitxo dakit. Begiratu, Allal. Begira. Bigarren erroskilla amaitu berri dut. Hirugarrenari ekingo diot. Jatuna naizela ikustea nahi dut. Jaten ari naiz. Janean nabil. Janaria atsegin dut, janari guztia. Jateak lotsatzen ez duen emakumea naiz. Malika. Malika, Allal. Zuretzat da. Zatoz. Zatoz. Noiz etorriko zara?

    Ibilian zoaz, Allal, gurekin batera. Gure norabidean. Babari eta bioi laguntzen. Bigarren saskia daramazu. Hiz­ketan zoaz. Zer esanik asko duzu. Ez dut arretaz entzuten. Atsegin dut zure hizketa moldean kulunkatzea. Ahots horretan eta horren munduan barneratzen naiz. Aita pozarren doa. Ongi jabetu da ez zarela gizon ikaratia. Egiantza duten hitzez beteriko gizona zu, partekatzeko istorio gordinen jabea. Bere burua hasieratik erakusten duen gizona, honakoa dioena: Hona hemen nire bihotza.

    Badago esperantzarik. Zure gorputzarekin, Allal, zure bihotzean, Allal, bestelako bide bat aurkituko dut. Akaberan, amaordearen eta haren makurkeriatik urruntzeko. Patua zapuzteko. Esperantza atxikitzeko eta berresteko.

    Bizi egingo naiz.

    Halako batean, Babak zuzen egin dizu galdera, zuzenegi, aukeran:

    Zer daukak bizitzan, ene seme Allal?

    Zintzo erantzun duzu. Pentsatzeko astirik ere hartu gabe.

    Aire zabaleko kafe-etxea besterik ez daukat, ene osaba. Azokaz azoka eramaten dut, mausoleoz mausoleo. Ez da gauza asko, badakit. Etorkizun eder baten bermea ere ez da, badakit. Baina kafearekin ongi bizi naiz, uda partean ezin hobeki, egia esan. Diru apur bat aurreratzea lortu dut. Aita-amekin bizi naiz. Haienean. Eta bi anaia ditut, ni baino gazteagoak. Hogeita zazpi urte ditut, ene osaba. Ezkontzeko garaia da. Nire lehengusu batzuek, ni baino gazteagoak, dagoeneko seme-alabak dauzkate. Ezkondu nahi dut.

    Ametsetan nabil. Begirada zure oinetan pausatu dut, Allal. Larruzko sandalietan. Oinak zikin dauzkazu. Zikin eta gihartsu. Irrikaz nago oin horiek oraintxe esku artean hartzeko. Eta astiro garbitzeko, goxo, goxoki. Eta segidan oliba olio apur batekin laztantzeko. Badakit nola egin. Halatsu egiten dut aitaren oinekin landatik etxera datorren aldiro. Ez al da egia, Baba? Esaiozu Allali oinetan masaje eder askoak ematen ditudala. Esaiozu. Esan. Xehetasun hori garrantzitsua da, gero. Gizonen oinak. Allalen oinak. Beti oinetatik hasiko naiz, Allal. Eta gero dena berez etorriko da. Amodioa. Amodioa.

    Amodioaren ametsa.

    Etxera itzuli gara. Atarian gaude. Saskia lurrean egokitu duzu. Aitak tea menda belarrarekin hartzera gonbidatu zaitu. Azokara bueltatu beharra daukazula aitzakiatu diozu, kafeko tramankuluak jaso beharrean zaudela. Baina Babak ekin:

    Baso bat ur, Allal, gutxienez.

    Eta zuk onartu.

    Ekarri baso bat ur, ene alaba Malika.

    Gu baino ez gaude orain. Aita etxe barnera sartu da saskiak kokatzera. Momentu batetik bestera itzuliko da.

    Ura edaten ari zara. Egarri zara, oso. Basoa hurrupa bakar batean irensten ikusi zaitut. Itxiak, begiak. Atzeraka, burua. Horra zure lepo sendoa. Denari begira nago, denari, eta oso gertutik. Sua neure erraietan gora. Zure bixarraren ile ezin beltzagoa. Zure sudur luzexka eta meharra. Hemengo lurraren kolorekoak, zure ezpainak: okre gorrizta. Zure belarri puska arrotzak. Buru soildua, ilea kasik arrasean moztua, lapurren gisara. Esango nuke egundo ez duzula ilea zikintzen uzten. Zergatik ote?

    Irrikaz nago eskua luzatzeko eta zure burua laztantzeko.

    Gizona zara. Ederra zara. Nire gusturako, ederra. Bihotzez diotsut: Oso ederra zara, Allal.

    Entzun al didazu?

    Ederra zara. Ez zara aberatsa, baina bai ederra.

    Zure gorputzaren usaina arnasten ari naiz, Allal. Eguzkiak urteetan kiskali duen gorputza, eguzkiak errea, eguzkiak kasik distiretan jarria. Gorputz izerbera, izerdi patsetan. Bero dago. Hotz dago. Erre egiten du.

    Allal, niregana zatoz. Zabaldu hankak. Diostazu. Zabaldu itzazu. Zabaldu, Malika.

    Eta nik zabaldu. Berehala zabaldu ere. Zuretzat. Hainbeste denbora itxaron eta gero. Hamazazpi urte ditut. Une egokia da. Neure burua zure esku uztea, Allal. Zu neuregan hartzea, gure usain eta izerdien anabasan. Gure bideak bateratzea. Baita gure ametsak ere.

    Ur guztia edan duzu, Allal. Ez duzu keinu zabar edo desegokirik egin. Babaren etxe atarian zaude. Zure gorputzarekiko ametsetik irten naiz. Begiak apaldu ditut. Basoa itzuli didazu. Eskuaz ukitu didazu eskua. Hiruzpalau segundo baino ez. Zure berotan, Allal. Zure larruazalaren beroa. Niregan barneratzen eta dena zeharkatzen, burutik oinetaraino. Adio esan didazu. Bsslama, Malika. Bsslama, Allal. Eta bazoaz. Arin zoaz. Hain zara arina. Meharra zara. Hauskorra. Txori txikia, aukeran. Zu baino indartsuagoa naiz ni.

    Ezkerretara jo duzu. Nire begien bistatik desagertu zara. Baina oraindik hementxe zaude, airean. Ikusi egiten zaitut. Zure aztarrena. Zure oroitzapena. Zure gizontasun eztia.

    Baba atzera agertu da.

    Sartu, Malika. Sartu, ene neskatila. Allal primeran dago. Jainkoaren esku dago orain.

    Hilabetearen buruan ezkontza eskabidea egitera itzuli zinen. Zure aita-amekin batera. Eta zure lagunik onenarekin: Merzuga. Anaia dut, anaia baino gehiago, esan zenion aitari Merzuga aurkeztu bitartean, eta nik entzun. Batzuetan, anaia baino hobea izan daiteke laguna, arrazoi duzu, Allal.

    Merzuga zure aldamenean eseri zen, zuri pega-pega egina. Gure etxeko gela nagusira sartu nintzen denei tea menda belarrarekin zerbitzatzera, eta orduantxe hitz egin zuen Merzugak:

    Zorionekoa, zure alaba.

    Babak ez zuen diru askorik eskatu ezkonsarirako. Ezer gutxi. Baina zure aita-amei, Allal, bihotzez mintzatu zitzaien:

    Malika zuen alaba izango da. Zuentzat da. Baina saldu beharrean, zuen esku uzten dut. Malika ez dut ezertara behartzen. Zuen alaba da. Zuen seme Allalekin bizitza alde izango du. Bizitzak azkenean saritu egingo du. Konfiantza dut zuengan.

    Hitz horiek entzutearekin, amaordea altxatu, eta gela nagusitik irten zen. Gisa hartan erakutsi nahi izan zuen Babarekiko desadostasuna, baita hark hitz erdika esandakoarekin ere. Kuskusa prest ote zegoen ikustera joan nintzen ni.

    Babak mintzaldiari berrekin zion.

    Enjoying the preview?
    Page 1 of 1